argia.eus
INPRIMATU
Franz
Nahi duen guztia egin du
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 23a

Biopic-ak egitea beti pentsatu izan du oso zaila izan behar dela. Ze, klaro, pertsona erreal bati buruz ari zara, ziurrenik dagoeneko hilda dagoena, eta, pentsatzen dut, ez zarela zu izango mundu honetan pertsona hori hoberen ezagutzen duena. Egongo da nor hobekiago ezagutzen duena, zuk ez dakizkizun gauzak dakizkiena. Horregatik, uste dut, edozein fikzio egitea errazagoa izango dela. Eta bai, makina bat biopic-ek azpimarratzen dute den-dena ez dela erreala, fikziorik sortu dutela... baina bere izena darama pelikulak eta gauza batzuk, dezente, konplitu beharko dira.

Franz Kafka (1883-1924) idazleari buruzko film kafkianoa egin du, bai, Agnieszka Holland zinegile poloniarrak. Kafkaren zaleek gainontzekoek baino gehiago disfrutatuko dute, ziur; baina ez espero bere obra aztertuko dutenik. Zeren, Hollandek nahi duen guztia egin du, nahieran: aldrebesa izan da filma, hari narratiborik gabe, gertakari solteak han-hemen, plano bitxiak... Nahaste-borrastea, baina atsegina.

Gustatu zait planteamendua. Hiru aldi bereizi ditu: Kafka umea zenekoa; helduarokoa, tuberkulosiaz gaixotzen den arte gutxi gorabehera; eta hil ostekoa, egungoa, Pragako bere omenezko museoan kokatua, turisten jarioa eta gidaren hitzak oinarri. Saltoka ibili gara batetik bestera, oso ondo jakin gabe nora zihoan guztia. Baina atsegina izan da, batere astuna ez delako izan, irudi eta soinuak majo landuak direlako, eta umorea konstanteki mantendu delako. Hari narratiborik gabe, Kafkaren bizitzako gertakarien metaketa bat izan da dena, bilduma bat.

Aita autoritarioa, pelikuletako bibotedun irrigarri horietakoa, petrala eta txepela, eta ustez jakintsua baina berez ezjakina. Aitak enpresa bat du amiantoarekin-eta negozioan dabilena, eta Franz semeari pasatu nahi dio. Baina Kafka txikia ordurako tipo xelebrea da, nonahitik iheskorra, zaurgarria. Eta idazlea da. Bere buruan, idazlea da 24 orduz. Hitz egin ere horrela egiten du, literatura egiten ariko balitz bezala, eta horrek sorrarazten du grazia.

Baina batik bat filmaren hirugarren lerroak leherrarazi nau ni, museokoak. “Kafkak hanburgesa begano hau jaten zuen” dio gida turistikoak, eta han doaz denak, aurikularra zintzilik eta argazki kamera soinean, ditxosozko hanburgesa jatera. Gero, “Kafkak halako egitea zuen gustuko”, eta denak hara. Graziosoa da. Argi ikusten da zertan bilakatu garen, nolako Kafka irudikatzen dugun edo irudikatzen diguten historiak eta museoek, eta gero, aldi berean, Kafkaren egunerokoa –fikzionatua, bai– ikusten dugu, eta ez du apenas antzekotasunik. Horregatik diot nahi duena eta nahieran egin duela Hollandek film honetan.

Tira, baina titularrak ez zaitzatela engaina: Zinemaldia eta Sail Ofiziala erdira ailegatu den honetan, ez nuke urrundik ere esango film onena hauxe denik.