Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak, disko batean bilduta

  • Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako Gure Aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak egitasmoak herrialdeko emakume bertsolarien sortak jaso ditu, bakarka zein taldean eginiko 14 kantetan. Bertso idatziei bultzada emateaz harago, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea du helburu proiektuak, elkarren arteko sarea sendotuz.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2021eko ekainaren 08an - 11:03
Azken eguneraketa: 13:10

Nafarroako emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak biltzen dituen diskoa da ‘GURE ALDETARA. Nafarroako emakume bertsolariak’ izenekoa. Bi helburu nagusi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako egitasmoak: batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jaso eta ikusgarri egitea, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea. Eta bestetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, proiektu honen bidez elkarren arteko sarea sendotzea, eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea.

Lanak 14 kanta ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, baina denek ere bertsoa oinarri izanik. Hori dela eta, Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna du muinean. Bai plazan era profesionalean, bai aldizkako parte hartzean zein bertso eskoletan jarduten diren emakumeen ahotsak biltzen ditu CD honek; belaunaldi, eskualde eta ibilbide desberdinetako bertsolariak dira parte-hartzaileak.

Bertso-sorten edukiari dagokionez, gai librekoak badira ere, ezin uka daiteke genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak direnik. Hala bada, emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzari buruzko hausnarketek zeharkatzen dituzte lan guztiak. Horrez gain, estilo ugari jaso dira: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dutenak, pianoa edo biolontxeloa bezalako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak eta baita tradizioa estilo garaikidearekin uztartzen duten sortak ere, bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak, esaterako. Bertsoen konposizioa ere anitza da: koplatik hasi eta Argentinako payadoreen egiturak erabiltzeraino.

Halaber, bertsolaritzaren historiaren berreskurapenari keinu egin, eta emakumeek izandako parte hartzeari eskertza eginen zaio lan honen bidez: 2020an hil zen Luzia Goñi bertsolaria, plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetako bat. Diskoko azken kanta berak idatzitako bertso batek osatua da, Estitxu Arozenaren, Txapelketa bat lehendabizi irabazi zuen emakume bertsolariaren ahotsean jarria. Hortaz, Nafarroako aniztasunaren eta historiaren isla dela esan daiteke, betiere bertsoak eta emakumeen ahotsek harilkatzen dutelarik diskoa.

Baliabide pedagogikoa

Diskoa, azken emaitza gisa baino, Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazteko eta  elkarren arteko sarea sendotzeko tresna gisara baliatzea aurreikusten da.

Lehenik eta behin, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko gisara zabaltzea da asmoa. Egun, 2.800 ikaslek jasotzen dute urtero bertsolaritza programa Nafarroako hezkuntza sarean, eta 300 inguru ari dira asteroko Bertso Eskoletan (eskola orduz kanpo) bertsogintzaren edukietan trebatzen. Horiek denentzat material baliagarria izan daiteke diskoa, emakume bertsolari garaikide eta bertakoen sorkuntzak, gaiak eta bestelakoak lantzeko.

Aurkezpen ekitaldia

Egitasmoaren aurkezpen publikoa ekainaren 11an eginen da, ostirala, 19:00etan Barañaingo Kultur Plazan. Bertan izango dira diskoan parte hartutako bertsolarietako batzuk; egitasmoaren aurkezpenaz gain, bat-bateko bertso saioa ere eskainiko zaie bertaratutakoei, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena bertsolarien eskutik.

Hortik aurrera, diskoak salgai jarriko dira, Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan eta Karrikirin (Iruñean), Arrano tabernan (Lesakan) eta Altxuko dendan (Erratzu), 10 euroko salneurrian (8 euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat). Gainera, hainbat bertso saio eskainiko dira Nafarroako herri ezberdinetan, egitasmoaren aurkezpena egiteaz gain, Nafarroako emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko aukera emateko helburua ere izanen dutenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
"Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Odei Barroso. Zalantzan ziur
"Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak"

Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.


Eguneraketa berriak daude