Bertsolaritzaren ikerketa soziologikoa

Bigarren boom aroa

  • Nola eraldatu da bertsoa? Zer aldatu da bertsolariaren figuran? Nola islatzen da jendartea bertsolaritzan? Nolakoa da bertsozalea? Noruntz doa bertsolaritza? Inprobisatu ezin diren galderak dira hauek, hori dela-eta osatu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak  bertsolaritzari eta bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoa EHUrekin elkarlanean. Ez da hau, baina, abiarazi den lehen ikerketa. Beste bi egin dira aurretik, lehena 1991-1993 artean, Siadecok gidatua, eta bigarrena 2005-2007 bitartean. Hamar urte geroago iritsi da azkena, 2015etik 2017ra bitartean hartu baitzituzten laginak, eta orain gutxi argitaratu ondorio nagusiak.

Irati Majuelo Itoiz
2019ko martxoaren 31
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Azken bi ikerketetan hartu du parte Harkaitz Zubiri soziologoak, eta esperientzia hori probestuta, berarekin mintzatu gara bertsolaritzak eta bertsozaletasunak azken hamarkadan izan duen bilakaerari buruz. Aitortu digunez, metodologia antzekoa erabili dute azken bi azterketetan: alde batetik, 3.000 galdetegi baino gehiago egin zaizkie bertsozaleei, bai 2017ko txapelketan, bai urte osoko saioetan; eta bestetik, sakonki elkarrizketatu dituzte bertso munduko eragileak –bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak, eta abar–. Azkenik, Xenpelar Dokumentazio Zentroko datuak ere baliatu dituzte. Galdeketak egiteko Elkartetik sustatu den boluntariotza-lana azpimarratu du Zubirik.

Bertsolaritzaren bigarren gorakada

Bertsolaritzak bigarren boom bat bizi du, hori da ikerketaren ondorio nagusietako bat. Esan ohi da lehenengo gorakada 1990eko hamarkadan gertatu zela, eta oraingo datuen arabera, boom hori gainditu egin da, bai bertsolari, bai bertso saio, baita entzule kopuruan ere. Izan ere, inoizko daturik altuenak dira. Garrantzitsuena, ordea, datuak gurutzatu eta emaitza kuantitatiboez haragoko ondorioak ateratzea da. Esaterako, Zubirik azpimarratu duenez, argi ikus daiteke bertso saioak ugaritu ahala, saioetako entzule kopurua gutxitu egin dela, nahiz eta kopuru osoan gehiago izan. Horrek erakusten du boom ereduak ez direla berdinak: lehenengoa jende asko biltzen zuten saioek ezaugarritu bazuten, bigarrena bertso saio txiki eta anitzagoengatik da berezi.

Bertsolaritza bat eta bakarra zenaren ustetik bertsolaritzak pluralean ulertzera pasa gara azken hamar urteotan

Ikerketatik atera duten beste ondorio nagusietako bat izan da bertsolaritzak dibertsifikaziorako joera hartu duela. Zubiriren hitzetan, Joxerra Gartziak garai batean aipatzen zuen “ezpaltzearen” kontzeptutik harago, gaur egun bertsolaritza multipolarraz hitz egiten has daiteke. Hau da, norantz joko duen zehazki baieztatu ezin bada ere, bertsolaritza bat eta bakarra zenaren ustetik bertsolaritzak pluralean ulertzeko saltoa gertatzen hasi dela. Aldaketa orok dakartza erresistentziak, eta egon badauden arren, aniztasun horrek bideragarriago bihurtuko luke bertsolaritza, soziologoaren ustez. Izan ere, bertsozalearen perfila eta gustuak dibertsifikatzen doazen heinean, testuinguru berrietara moldatu behar luke bertsolaritzak, eta bertso saio bakoitzaren errealitateari erantzungo dioten bertsokerak sortu. Azpimarratzekoa da, esaterako, garai batean landa eremuan erreferentziala bazen ere, gaur egun geografikoki bertsolaritza leku guztietan dagoela, eta eremu oso anitzei erantzun behar diela kultur erreferente gisa.

Mugimendu etengabean

Jendartearen aldaketetara moldatzeko gaitasuna erakutsi du aurretik ere, eta hori izan da gaur egunera indartsu iristeko bertsolaritzak izan duen tresna nagusia. Ikerketako zenbait elkarrizketatuk aipatu dutenez, 1970eko hamarkadan gainbehera zetorrela ikusten zen. Horren aurretik, nahiz eta askotan arlotetzat jo izan den, bertsolaria kultur erreferente garrantzitsua zen garaiko jendartean. Jendarte hori aldatu eta desagertzean, ordea, bertsolaritza oin azpian lurrik gabe geratu zen, garapenerako eta transmisiorako tresnarik gabe. Zubirik sagardotegiak jarri ditu adibidetzat, izan ere, horiek izaten ziren orduan kantatzeko gune; baina baita ikasteko espazio ere, eta giro hori desagertzean, transmisiorako aukera ere galdu egin zen.

Bertsolaritzak garatzeko ezer berririk sortuko ez zuela ematen zuenean, baina, Xabier Amurizak aldaketa eragingo zuten ideiak teorizatu zituen: bertsolaria ez dela berez bertsolari jaiotzen, bertsotan egiten ikas eta irakas daitekeela; eta hortaz, edozeinek egin dezakeela bertsotan. Gaur egungo bertsolaritzara iristeko ezinbesteko oinarria da hori, Bertso Eskolak sortzeko bidea ireki baitzuen eta “bertsolari” subjektua zabaltzeko aukera eman. Troiako zaldi gisa ikusi izan dira Bertso Eskolak, bertsolaritzak lehengo parametrotan funtzionatzen jarraitzen zuen bitartean jende berri bati ateak ireki baitzizkioten, gerora molde berriak ekarriko zituztenak. Fenomeno hori azaltzeko autoeraketaren ideia erabili izan du Jon Sarasuak. Izan ere, gainbeheraren aurrean, gizarte mugimendu bezala autoeratu zen bertsolaritza, jendartearen ezaugarri berrietara egokitutako proiektu soziokultural bat ideatu eta, bereziki, praktikara eramanez. Kolektiboki antolatzea eskatzen zuen horrek, boluntariotza lan handia tarteko. Baina sortu zena Bertsozale Elkarte bat edo bertsolari multzo bat baino askoz ere egitura konplexu eta handiagoa da: proiektu soziokultural propio bat izanik, bertsolaritza autoekoitzitako ekosistema bat dela esan dezakegu gaur egun.

Galdera ez da zergatik ez dagoen emakume gehiago plazan, baizik eta nola iraun duten emakumeek bertsotan

Nola ulertu daiteke bestela gaur egungo mundu globalizatuan, artea merkatuari begira ekoizten denean, a capella inprobisatzen den hizkuntza gutxitu baten ahozko tradizio batek horrelako arrakasta izatea? Bertsolaritza entzuleari, eta jendarteari oro har, oso loturik dagoen kultur adierazpidea da. Hori izan da bere biziraupenerako gako, eta ondorioz, kulturari begiratzeko beste modu bat eskain diezaguke. Oro har, gaur egun, kulturaz mintzatzean, transmisio eta kontsumo terminoetan pentsatzen da. Baina, Zubirik argi dioenez, kultura hori baino askoz gehiago da. Euskal kulturaren norabidea eta emaitzak kultura handietako terminoetan pentsatu ohi ditugu, baina akaso, ez zaigu neurri hori interesatzen, bertsolaritzari buruz ari garenean behintzat. Sortzailearen figura originaltasunari eta autoretzari loturik jarraitzen dugu ulertzen. Jarraitzen dugu bakardadean sortzen duen sortzaile bat irudikatzen, sorkuntza hori jendarteari helaraziko diona hartzaile batek kontsumitzeko.

Argazkia: Dani Blanco.

Zubiriren ustez, ordea, bertsolaritzak kultura produzitzeko modu hori hackeatzen du sarri, eta horrek egiten du interesgarri, errazago moldatzen baita jendartearen eraldaketetara. Adibide gisa jarri ditu bertso eskolak. Nahiz eta errima, neurri eta doinuak lantzeko espazio izan daitezkeen, hori baino askoz gehiago ere baitira. Sorkuntzarako espazioak dira, baina bertan ez da kultura sortzaile/hartzaile logikan kontsumitzen, ez da kontsumorako produzitzen. Beste ezeren gainetik, sozializaziorako eremuak dira. Bertso Eskolak, eta bertsoaren inguruko beste hainbat espazio, biografiak gurutzatzen diren eremuak dira, eta horregatik gertatzen dira transmisiorako hain lagungarri. Zubiriren ikuspuntuan, “artearen funtzioa jendea sintonian jartzea bada, bertsolaritzak soilik iraun dezake bere jendearen bizitza puskak bere baitan islatzen baditu, bestela ez dauka zentzurik”. Bertso saioek ere, errazago funtzionatzen dute bertsolariak entzulearekin sintonizatzen badu, publikoak feedback-a itzultzen badio bertsolariari. Bertsolaritzak sortzen dituen sozializaziorako eremuek, hortaz, asko laguntzen dute horretan, publikoarekin duen harreman estua diziplina honen bereizgarri izateraino.

Hala ere, eta euskal kulturari buruz egindako azken ikerketak aitzat hartuta, ongi neurtu behar da bertsolaritzaren arrakastaren tamaina: izan ere, bertsolaritzak kultura kontsumitzen duten euskaldunen artean du arrakasta, baina euskaldunen kopuru hori ez da handia. Euskal kulturaren baitan lortu duen arrakasta ere ez da bat-batekoa, batere inprobisatua izan ez den lan handia egin baita honaino iristeko, eta hori gizarte mugimendu gisa osatu den proiektu soziokulturalak ahalbidetu du.

Artikulazio berrien erronka

Asko hitz egin da emakumeek azken urteetan bertso munduan hartu duten garrantziari buruz. Ezin uka daiteke eragin nabarmena izan dutela gaur egungo jendartearen aldaketei egokitzeko saiakeretan, baita saio berezituak sortzerakoan ere. Bertsolaritzak, hala ere, etxeko lanak egiteke ditu oraindik arlo honetan. Ikerketak erakusten duenez, oso argi ondorioztatzen da generoaren araberako banaketan desberdinkeria oso handia dagoela, beste diziplina artistikoetan bezala. Xenpelar Dokumentazio Zentrotik hartutako datuek diotenez, aktibo dauden 4 bertsolaritatik 1 da soilik emakumea. Horrek ez du esan nahi, ordea, emakumeak ez direnik bertsolaritzara hurbiltzen, izan ere, 18 urtetik beherakoen datuei begiratuz gero, neskak eta mutilak erdia eta erdia dira, bai partaidetzan bai merituetan. Gazteetatik helduarora dagoen desfase hori oso esanguratsua da, Zubiriren ustez, erakusten baitu traba sozialik ez dagoenean mutil eta nesken arteko kopuruak parekatuak direla, baina gerora traba sozialak jartzen direla kopuru hori mantendu ez dadin.

Kultura kontsumitzen duten euskaldunen artean du arrakasta bertsolaritzak, baina euskaldunen kopuru hori ez da handia

Egia da, proiektu soziokulturalari esker, bertso eskoletan habitat erosoagoak sortu ahal izan direla genero aldetik, baita emakumeen artean ahalduntzeko laguntasun sareak ere. Gainera, gero eta erreferente gehiago egoteak aukera ireki du beste emakumeek haien burua islaturik ikusteko eta bertsotara animatzeko. Horrek posible egin du egoera duela hamarkada batzuk baino hobeagoa izatea, eta horregatik egin du gora plazan dabiltzan emakume bertsolarien kopuruak, baina argi izan behar dugu zerotik egin duela gora, %20 ingurura iritsi arte. Arazoa, baina, ez da soilik kuantitatiboa, kualitatiboki ere baloratu behar da, aintzat hartuta emakumeak zer leku duen jendartean, zer posiziotatik kantatzen duen, zein gorputzekin, nondik entzun eta begiratzen zaion eta nondik epaitu. Ikerketan elkarrizketatutako batek zioen gisan: galdera ez da zergatik ez dagoen emakume gehiago plazan, baizik eta nola iraun duten emakumeek bertsotan. Aipagarria da, esaterako, 2007ko ikerketan jasotakoaren arabera, oro har entzuleek ez zutela faltan botatzen plazan emakume gehiago entzutea. Azken honetan, ordea, publikoko emakumeek emakume bertsolari gehiago entzun nahiko lituzketela adierazi dute. Ikusten denez, badira ageriko zailtasunak, baina baita hori aldatzeko joera ere. Badago lana, beraz, trabak kentzeko.

Argazkia: Dani Blanco.

Izan ere, emakumeek bertsolaritzaren bigarren boom honetan izan dezaketen eragina 1990eko hamarkadan rock-aren belaunaldiak izan zuenarekin alderatu liteke neurri batean. Lehen gorakada hartan berebiziko garrantzia izan zuten rock-aren inguruan ibili eta bertsotan hasi ziren gazteek. Izan ere, orduan sortu zen bertsolari gazte kontzeptua, eta ez zen egon soilik adinari lotua. Belaunaldi berri bat izateaz gain, kualitatiboki aldaketa handia eragin zuten bertsolaritzan, eta ondorioz, baita kuantitatiboa ere: elkarri bizkarra emanda bizi ziren bi mundu elkartu ziren, artikulazio ariketa erraldoia eginez. Hori ez zen, ordea, erresistentziarik gabe gertatu; eta horretan badaude zenbait antzekotasun emakumeek egun bertsolaritzan bizi dituztenekin alderatuta: exotikotzat hartzea, ertzetik abestea, espazio propioak sortzea... Horrez gain, plazan sartze hori modu kolektiboan ulertzea da bi fenomenoak batu ditzakeen beste ideia bat. Hala ere, Zubirik argi du desberdintasun nabarmenak daudela: izan ere, oraingo honetan emakumeei buruz ari gara, gizartearen erdiaz, eta bere barnean perfil askoz ere anitzagoak biltzen dituen kolektibo bati buruz. Bere ustez, zaila da honek ekarriko dituen ondorioak aurreikustea, baina gakoa izan daiteke etorkizunean bertsolaritza bidezkoagoa eta bideragarriagoa egiteko. Edota ahulagoa, segun eta nola kudeatzen diren gaur egun bertsolaritzak dituen erronkak. Gaurkoak biharkoa baldintzatzen baitu beti, ezinbestean.

Ikerketak erakutsi duen ebidentzia da, bai bertsolaritzak, bai Bertsozale Elkarteak hausnarketarako gaitasun handia dutela. Elkarte kultural gutxi izanen da Euskal Herrian ikerketak era honetan sustatu, erabili eta jendarteratu dituztenik. Etengabe hausnartzen duten komunitateak bitxiak dira gaur egungo jendartean, bitxia izaten jarrai dezala, beraz, bertsolaritzak. Bere burua aztertzen duenak, hobe jakiten du eta zein bide hartu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Bertsolaritza kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude