Inaxi Etxabe bertsolaria hil da

  • Inaxi Etxabe bertsolariaren ibilerak laburtu ditugu albiste honetan, azken agurrak gaur, uztailaren 13an kantatuko baitzaizkio. Bertsoak idatzi eta aukera zuenetan plazan kantatu zituen 1956tik. Emakume bertsolarien historia osatzeko pieza esanguratsua, garai haietan plazan agertzen bakana izan baitzen.

    Zumaiako Oikian jaio eta Zarautzen bizi zen eta jendaurrean azken aldiz 2015ean kantatu zuen, Beñat Gaztelumendiri Gipuzkoako txapela jantzi zionean. Txikitatik zaletua, joskuntzan aritu zenean garatu zuen bertsoak kantatzeko joera eta bertso sorta asko jarri zuen: ezagunena, Iñaki Eizamendi "Basarri"-ri erantzunaz emakumeen defentsan argitaratutakoak.


2020ko uztailaren 13an - 08:05
Inaxi Etxabe, 2015eko Gipuzkoako Txapelketan Beñat Gaztelumendi txapeldunari kantari. Argazkia: bertsozale.eus.

Hizlari aparta eta umore finekoa ageri da Inaxi Etxabe (1933, Oikia auzoko Soutz baserria) hedabideek egindako elkarrizketetan, nola jendaurrean hitz hartu izan zuenean. Bidegileak bilduman Nikolas Aldaik idatzia du Inaxi Etxaberen bizitzaz, eta honela zioen Aldaik: "Bertsolari izatea estimatua zen Soutzen eta Oikian. Emakume bertsolariarena beste kontu bat zen, ordea. Iñaxik dioenez emakumeak ez zeukan tabernetan eta bertsotan hasterik garai haietan. Bestela, laster egingo zen fama ederraren jabe! Hori mari-mutila hori! eta antzekoak laster gaineratuko zizkioten. Horregatik tabernan eta ez zuen Iñaxik behin ere kantatu izan".

Umore zorrotzez argi adierazi zituen Etxabek garaian garaiko mugak eta marra gorriak zein izan ziren emakume bertsolarientzat. Baina berea egiteko modua bilatu zuen. Horrela adierazi zion Gorka Erostarberi 2015ean, Berria-n eginiko elkarrizketan: "Pena handirik ere ez dut tabernatan ez ibili izanarena. Nik neurea egin dut". Azken urteetan emakume bertsolariak ugaritu izanaren poza zuen, elkarrizketa berean aipatu zuenez: "Egun asko dabil; izugarria da, eta izugarrizko poza sentitzen dut. Maialeni [Lujanbio] ere esan nion behin neska koskorra zela, euskal festa batean etorri zen hona, eta kalean ikusi nuen: 'Maialen, segi aurrera, e, segi aurrera!', animoak eman nizkion. Txapela irabazi zuenean salto egin nuen etxean".

Oikiako San Bartolome jaietan kantari. Argazkia: "Bidegileak".
Bertsoak josten eta jendaurrean kantari

Munioz-soroko jostundegian aritu zen josten eta orduan hazi zitzaion bertso kanturako arra, bizi osorako. Bat-batean ez omen zuten egiten, baina buruz zekizkiten bertsoak kantatu bai. 1956an bertso jarrien Arantzazuko saria irabazi zuen, Arantzazuko Amaren urte santua ospatzeko antolatu zena: 500 pezetako saria.

Jendaurreko lehen saioa urte berean egin zuen, 1956an, San Frantziskoren Hirugarren Ordenakoen urteko lagunarteko bazkarian: "Basarri eta beste bertsolari batzuk han zirela" dio Bertsozale Elkartearen Datu Baseak. Hurrena Zarauzko Antoniano zineman kantatu zuen, Oikiako Inazio Jauregirekin batera, Hirugarren Ordenak antoltutako batzarraldian: "Baina ez elkarri. Inaziok kantatu zituen bereak, eta nik, nireak" adierazi zuen Bidegileak-en. Handik berehala Agirretxe apaizak neskentzako antolatutako ekitaldi batean kantatu zuen Etxabek, (eta handik aurrera, ia urtero). Beste batean Arantzazun, gogo-jardunak egitera joan zenean...

1963an Antonio Arrue joan zitzaion etxera bila Euskaltzaindiaren izenean, Donostiako Trinitate plazan bertsolari gazteekin egin nahi zuten saio batean kantatzeko eskatzera. Joan zen eta bertsoren bat kantatu zuen baina euria hasi eta bertan behera geratu zen saio hura.

Umetan pilotan nagusi

Bertsotan bezala, kirolean ere nabarmendu zen umetan Etxabe. Bidagileak bilduman ageri denez, umetan nagusi zen eskuz Oikiako frontoian, eta jokatzen ari zenean askotan egoten omen zitzaizkion begira maistra, apaiza eta auzoko alkatea.

Basarriri "neskatx baten erantzuna"

Aitonaren malkoak izeneko sorta atera zuen Basarri bertsolariak 1955ean Anaitasuna aldizkarian, eta Etxabek ordaina jarri zion. Horrela azaldu zuen pasarte hura Etxabek berak, 2013ko uztailaren 18an Zarauzko Motxian bertso eskolak gauen kalean egin zuen bertso musikatu emanaldian (hemen bideoa ikusgai): "San Frantziskoko Hirugarren Ordenak orri bat ateratzen zuen hilero eta orri horretan atera zituen bertsoak Basarrik, emakumeen faltak azalduz, falta handiak, izugarriak! (kar kar kar). Eta nik bertso horiek ikusi nituenean esan nuen ez niola utziko bakean. Eta beste orri batean erantzun nion, handik hilabete batzuetara, gizonaren faltak azalduz. Horixe izan zen dena. Guk elkarrekin ez genuen sekula hitz egin. Niri Basarrik ez zidan behin ere hitz egin, eta ni ez nintzen atrebitzen berarengana joaten, hain txikia ikusten nintzen bere ondoan! Beti 'ayo' esaten zidan kalean, eta nik ere bai, 'ayo'. Baina nire anaiarekin hitz egin izandu zuen, Patxi Barberoren barberira joandakoan, eta egun batean Basarrik esan zion: 'Zure arrebak oso ondo erantzun dit'".

Hona hemen Basarriri erantzuna bertso sorta:

Basarri jauna, zuk badaukazu

aiton bat maite dezuna

zeuk diozunez berekin oso

sarri tratatzen dezuna

eta zuk ontzat ematen dezu

arek esaten dizuna.

Irakurrita daukat nik ondo

bertsotan jarri dezuna.

Amen dijoakizu, ba, orain

neskatx baten erantzuna.

 

Emakumeak utzi gaituzu

oso okertzat artuta

munduan diran zorigaitz danak

gure lepora botata.

Gizasemiak ote dauzkatzu

oso santutzat artuta?

gai onen kontra zer esanikan

etzait neri orain falta

BIOTZA NOLA JARRIA OSO

DAUKATEN MINBERATUTA.

 

Bizio txarrik asko badago

gizasemien artian

begiratzia naikoa dezu

auzo-taberna atian

egunero an ikusten dira

pozik asko zurrutian

jakiñagatik ori dutela

bere buruen kaltean.

Ez dira ala ere geldituko

patrikak ustu artian.

 

Igande goiza etorri eta

beti gauza bat buruan:

denborik ezin pasa degu-ta

aurrera "txikiteuan".

Eguardirako jarriko dira

ganberruaren moduan;

izkuntza ederrik entzungo dezu

gero beren inguruan.

Nik ezin neurtu oitura orrek

ze kalte egiten dituan.

 

Nobelak ere ikusten dira

gaur askotxoren eskutan

esango nuke emakumeak

aña badirala ontan

zenbat gastatzen duten ez jakin

zigarro eta zinetan;

jokuan berriz zer esanik ez

taberna eta plazetan.

Miseriarik ez da faltatzen

gero fameli askotan.

 

Noranai juan nai dutenian

ez dute falta dirurik;

emakumeak ibilli bear

zorrak ordaindu eziñik.

Etxian falta dan gauzagatik

ez dutelako ajolik

NESKATXAK!, garai datorrenian

ez galdu zuen zentzunik

orrelako bat lagun artuta

ez dagolako gauz onik.

 

Basarriren hiletan kantari

1999an Basarriren hileta egunean omenaldia egin zioten bertsolariek eta bertan kantatu zuen Inaxi Etxabek ere. Bertso hau bota zion:

Bertsolaria zinenez gero

bertsoz nahi zaitut agurtu

horretarako zendun dohaia

aisa zitzaizun loratu.

Amaigabeko zorionakin

Jaunak zaitzala saritu.

Gu hemen behean jardungo gera

eta zuk goitik kantatu.

 

1991ko martxoaren 8an

Bidegileak bilduman, Inaxi Etxaberen 1991ko bi bertso hauek irakur daitezke, Emakumeen Eguna dela eta jarritakoak:

 

Emakumeen eguna izan da

aurten martxoak zortzia

hori dela-ta badago hemen

zerbait esateko gaia.

Munduan zehar agertu ohi da

nunahi gu baztertu nahia.

Noiz izango du emakumeak

merezi duen tokia?

 

Gertatzen dena ez gaituztela

aintzakotzat ere hartzen.

Gogorra baina, hori hala da

sarritan da nabarmentzen.

Lana egin bai, neurririk gabe

baina hori ez da ordaintzen

emakumea esklaba izanaz

aspertua da bizitzen.

 

Beñat Gaztelumendiri txapela jantzi zionekoa

Bertso hau kantatu zion, txapela jantzi berritan (hemen entzun daiteke kantuan):

 

Zein polita den irabazleai

txapel eder bat jartzea

ta berarentzat zer esanik ez

hori horrela hartzea

zure lanean saiatu zera

ta lortu zuganatzea

nik opa dizut horrei begira

eta horrekin gozatzea. (bis)

 

Etxaberi egindako elkarrizketak: "Inguratu zaidanak galdetzen badaki"

Carmen Larrañagak Etxaberi elkarrizketa egin zion Bertsolari aldizkariko 15. zenbakian, eta handik bi zenbakitara, beste elkarrizketa batean oinarrituta erreportajea idatzi zuen Bertsolari aldizkariaren 17. zenbakian (1995-02-17). Elkarrizketa bukatzeko, Inaxi Etxabek bertso hau bota zion:

 

Aspaldiko kontuak

horra hemen jaulki

guzien aitormena

egin degu aurki

inguratu zaidanak

galdetzen badaki

nere depositua

hustu du ederki.

 

Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera bertso programak aurtengo martxoan elkarrizketatu zuen eta saio osoa eskaini zion bere bizitzari eta bertso ibilbideari.

 

Hileta uztailaren 13an Zarautzen

Zarauzko San Joan Bataiatzailea-Aita Frantziskotarren parroki elizan egingo diote hileta elizkizuna, 19:30ean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
"Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Odei Barroso. Zalantzan ziur
"Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak"

Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.


Eguneraketa berriak daude