Inaxi Etxaberi esker onez kantatu diote Zarauzko Motxian bertso eskolakoek

  • Inaxi Etxabe bertsolaria uztailaren 11n hil da eta 13an egin diote hileta elizkizuna Zarautzen, etxekoek eta Motxian bertso eskolako kideek. Mezaren hasieran Etxaberen ibilbidea oroitu zuten eta amaieran bertsoa kantatu zion Hodei Unzuetak. Meza ostean, elizaren atarian bertso bana kantatu zuten Iñigo Manzisidor "Mantxi", Nahikari Gabilondo eta Felix Zubiak.


2020ko uztailaren 14an - 10:18
Felix Zubia, Nahikari Gabilondo eta Iñigo Manzisidor "Mantxi", meza ostean eliza atarian bertsoa kantari.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hona hemen meza amaieran Hodei Unzuetak elizan kantatutako bertsoa:

 

Emakume kementsua,

ausarta, paregabea...

errimak josten abila,

erantzunetan trebea.

Euskal Herrian barrena

pertsona oso maitea

ama, amona, izeko

utzi duzu ondarea.

Eskerrik asko Inaxi!

tokatzen da eskertzea,

zurekiko maitasunez

bihotza dugu betea!

Jarraitu zure bidaia

iraultzaile ta askea!

 

Elizkizuna bukatu ostean, San Juan Bataiatzailea parrokiaren atarian bertsoa kantatu zuten Motxian bertso eskolako beste hiru kide hauek:

Iñigo Manzisidor "Mantxi"ren bertsoa:

Emakumea ez da bertsotan

bertso eskoletan hasi.

zuk izan zendun Basarri bera

tentatzeko adina grazi!

Gure amona izan zintezkeen

baina gurekin nahasi

ohi zinen eta entzulearen

kariñoa irabazi.

Zure jarrera eta hitzekin

ez dugu gutxi ikasi

ta belaunaldi berrien partez

nahi dizut adierazi:

zure premia bagendun eta

eskerrik asko Inaxi!

 

Nahikari Gabilondoren bertsoa:

Bertso munduko emakumeon

eredu zara, jakina

nahiz eta plazak ez entzun zure

ahots irmo bezain fina

zure koaderno marradunetan

hainbeste bertso egina

ez da hutsean geratu zure

isilpeko ahalegina

gu ez ginake izango eta

zu ere izan ez bazina!

 

Felix Zubiaren bertsoa:

Hirugarrengo Ordenarekin

ibili zinen jo ta ke

amonarekin gogoan zauzkat

pentsat zenbat borondate!

bertsotarako, hizketarako,

bazenuen nahiko arte

egin dituzun ekintza onek

zerura zaramatzate

eskerrik asko Inaxi eta

berriro ikusi arte!

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
2020ko maiatzaren 14
Kristina Mardaras. Bertsoa eta borroka, bizipoz
"Normaltasuna oraindik probokatu beharra dago"

2019ko martxoaren 28
Bertsolaritzaren ikerketa soziologikoa
Bigarren boom aroa

Eguneraketa berriak daude