"Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

  • Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.

Nerea Ibarzabal Baionako saioa bukatu berritan. Argazkia: XDZ.

2022ko azaroaren 28an - 06:57

Badirudi Euskal Herriko finala gertu duzula. Baionan aipatutako “ametsa” betetzeko bidean?

Ez nintzen ausartzen honekin amesten, amets handia delako eta txapelketako bidea luzea baita. Hori bai, eskatu nahi nion nire buruari fase guztiak igarotzea, lehenengo txapelketan egin nuen adina egiteko bigarrenean. Baina finalaren aukera hor dago. Honekin, ametsa oso

ederra eta betea da.

Irunen jendea kexatu zen zure puntuazio apalarekin. Baionako lehen agurrean ere horren ondorioz lehia egin beharraren zama aipatu duzu.

Irungoa liseritzea zaila zen. Uste nuen hobeto neramala. Irungoa pasatuta, kosta egin zitzaidan hurrengo saiora begira jartzea. Agur hori pentsatu nuen saiotik bi egunera-edo. Amorrutik edo zauritik sortutakoa da. Gerora, egunak igaro ahala, ez nintzen agur horretan bezala sentitzen. Lasaiago eta onartuagoa nuen egoera. Hala ere, agurra mantentzea erabaki nuen, indarra emateko eta ez amore emateko. Erdi nire burua konbentzitzeko trikimailua izan zen agurrarena.

Badirudi emakume batek baino gehiagok kantatuko duela Iruñean. Gauzak aldatzen direnaren seinale?

Bertso plaza aldatu da azken urteetan. Momentu batean arriskua ikusten nuen finala geratzeko plazako iruditik urrun, ez izatea hor ibiltzen diren ahotsekiko errepresentazio leiala. 2017tik hona aldaketa bat sumatu dut zentzu honetan bertsozalegoarengan, emakume bertsolariak entzuteko dagoen moduan edo gerturatu den jende motarengatik. 2017ko leloa izan zen: “Ea bigarren emakume bat finalera sartzen den”. Ematen zuen handik zetorrela aldaketa. Aldaketa beste bide batetik etorri da, ordea. Aurten “bigarren emakumea” ere ez da aski. Ez da erreala: bi baino askoz gehiago daude maila bikainean finalean jardun daitezkeenak.

Baionan txalo zaparrada indartsuak aditzen ziren zure izenarekin. Uste duzu publikoak eta honen erreakzioek eragina dutela bertsolariarengan?

Bai. Konexioa da gure helburua: jendearekin konektatzea, sentitzea parean jasotzen dutela eta zuri itzultzen. Kanal hori itxita sumatzen duzunean sortzen dira urduritzeko eta gaizki kantatzeko egoerak. Eta alderantziz: kanal hori zabalik eta emankor denean dena doa hobeto. Konfiantza datorkizu eta honek laguntzen du hobeto kantatzen.

Txapelketan sortu dituzun ganbarakoek markatu dute gehien. Zu nola sentitu zara utzi duzun bakarkakoekin?

Pozik nago jendeari iritsi bazaizkio. Gustatzen zait bakarrik jardutea. Hiru ganbarakoak barrutik oso ezberdinki bizi izan ditut. Bertsoak berak harritzen nau ni ere aldiro. Batzutan ez dakizu egoera batetik nola atera, edo zein gai etorriko zaizun burura. Ez nekien nik ere oso ondo udazken honetan nondik joko nuen, nahiz eta beti pentsatu gustuko dituzun gauzetan.

Baionakoaren biharamunean, zein aho zaporerekin geratzen zara?

Ona eta espero gabekoa. Ez nuen finalerako hainbeste aukerarekin amaitzerik espero. Uste nuen estuago izango zela edo kanpoan egongo nintzela, beraz pozik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude