"Normaltasuna oraindik probokatu beharra dago"

  • Kristina Mardaras, beste gauza askoren artean, bertsolaria da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zelako da ezagun, bertso munduan. Baina, baita hamaika bertso-saiotako antolatzaile eta entzule gisa ere. Izan ere, plaza utzi zuen, baina, bertsolaritza ez. Egunero egiten du bertsotan etxean eta gertutik jarraitzen du bertso-plaza. Oholtzatik behera begiratzean, ez harritu Kristina bertan ikusten baduzu.


2020ko maiatzaren 17an
2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Finalaren aurkezpena Bilbon. (Arg.: Foku / Luis Jauregialtzo)
2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Finalaren aurkezpena Bilbon. (Arg.: Foku / Luis Jauregialtzo)
Kristina Mardaras Sedrun. (Iurreta, Bizkaia, 1948)

Iurretako Oromiño auzoan jaio eta bertan hazi zen. Gaztaroan “herrira jaitsi” eta laster sartu zen buru -belarri hainbat -gintzatan. Herri Gaztedin, gau eskoletan euskara irakasten, edo ikastoletan irakasle. Akronimoz eta proiektu kolektiboen izenez beterik ageri da bere bizitza-ibilbidea. AEK, EHE, UEU, Hik Hasi, Bertsozale Elkartea. “Ipurdi batekin lau aulki, badakizu”. Elkarrizketa bat baino gehiago egin dakizkioke Kristinari, eta hau da horietako bat.

Oromiño auzoko baserri batekoa zara, eta auzoko eskolan ikasi zenuen haurtzaroan. Gerora ordea, ikasten jarraitu nahi, eta ezin.
Halaxe da. Muga hori deskubritu nuen hamalau urterekin. Orduan bi aukera zeuden: batxilergoa ikasten jarraitu, edo lanean hasi. Eta nik jarraitu egin nahi nuen, baina, amak esan zidan ezin nituela ikasketak segitu. Ezta pentsatu ere. Gu etxe pobre bateko seme-alabak gara eta nik ulertzen nuen zailtasun hori, baina, niri ikastea asko gustatzen zitzaidan. Kontua zen nire ostean zetozen bi nebei zegokiela ofizioa ikastea, eta niri jostea, bordatzea, eta etxeko lanetan aritzea. Eta oso gaizki pasatu nuen orduan. Erdi gaixorik, negarrez... Baina, handik hilabete batzuetara ama konbentzitu nuen, eta ikastetxe berri bat zabaldu berria zenez hemendik bi kilometrora, hara joan nintzen administrazio ikasketak egitera. Makinaz idazten ikasi, kontabilitatea, eta horrelako kontuak ikasten ziren han. Hiru urte eskas egin nituen, eta bukatu orduko inguruko fabrika batean eskaini zidaten lana, eta haraxe.

Eta eskolaz kanpo, zeintzuk ziren zure zaletasunak?
Futbolzalea izan nintzen oso. Urte askoan Athleticeko atezain izandako Carmelo Cedrunen loba naiz ni –ama eta bera neba-arrebak–. Eta gure etxean kirola egin duten gehienak futbolistak izan dira. Neba, bi osaba, lehengusua... lehenengo dibisioan arituak hainbat. Eta nola ez nuen ba ikasiko? Etxean futbolerako botak eta baloiak izaten ziren opari. Ez niretzako, e! Baina nik nebarekin ekipoa egiten nuen. Baserri ondoan bazegoen landa bat eta han aritzen ginen. Eta oso ondo, gainera. Trebea nintzen, eta horrek bihurtzen ninduen ekipoko bat gehiago. Ez ninduten kentzen! Beti gustatu izan zaizkit joko biziak. Nesken jolasak eta... jolasten nuen, lagunak eta banituen eta jarduten nuen haiekin, baina, motel samarrak iruditzen zitzaizkidan. Nahiago nuen mutilekin ibili. Sardina latekin autoak egiten genituen, edo esparrago latekin kamioiak, eta aitzur txikiarekin bideak egiten genituen, haritz tantai baten sustraien artean tunelak, garajeak... Niri hori izugarri gustatzen zitzaidan.

Orduan neska-mutikoak batera ibiltzen zineten, ala mutil artean zebilen neskatoa zinen?
Bakarra nintzen. Baina gero ez nuen futbolean jarraitu, adibidez. Hilekoa jaitsi zitzaidanean amak esan zidan: “Ezin zara joan mutilekin jolastera”. Adierazi zidan neskekin jolastu behar nuela, mutilekin barik. Bestelako azalpenik barik. Ze gauza, e? Orduan etortzen zitzaidan tarteka burura, “zergatik jaio naiz neska?”. Mutilen askatasuna maite nuen, eta nesken loturak ez hainbeste. Orain ez naiz damutzen eta neska izatearekin konforme, baina, orduan... Ez zen futbola soilik, etxeratzeko ere guk ordua izaten genuen eta haiek ez. Nik ate batzuk zabaldu nituen, baina asko kostata, erretolika asko jasanda eta gezur batzuk esanda ere bai. Auzotik herrira jaitsi orduko edukiko genituen hamasei-hamazazpi urte, eta bitarte horretan auzoan entretenitzen jarraitu nuen. Baina, hemezortzi-hemeretzi urte genituenean nesken futbol taldea egin genuen. Orduan Bizkaian sortu zen nesken liga moduko bat, eta Durangon taldea sortu zen. Ni izango nintzen baloia manejatzen ondotsuen moldatzen zena, nonbait, eta kapitain ibili nintzen.

Ordurako bazinen bertsozalea ere, ala hori geroagoko kontua da?
Banintzen, bai. Bertsozaletasuna etxean jaso nuen, lehenik. Aitaren familia oso kantuzalea zen, eta aitaren osaba-izeko batzuk trikitia jotzen zuten, eta kantatu. Eta niri asko gustatzen zitzaidan kantatzea. Eta gero eskolatik ere bai. Abadeak etortzen zitzaizkigun katekesia irakastera, eta bederatzi bat urte nituela etorri zitzaigun abade gazte bat, oso euskaltzalea. Hark erakutsi zigun euskaraz idazten eta irakurtzen, euskal kantak ikasi genituen, antzerkigintzan aritzen ginen, ipuinak idatzi, bertsoak buruz ikasi... Abade hark Zeruko Argia aldizkariak ere ekartzen zizkidan irakurtzeko, eta idaztera animatu ninduen. Eta dozena bat urte eskasekin auzoko berriak bidaltzen nituen Zeruko Argia-ra –auzoko ezkontzak, kirol kontuak... berri sinpleak–. Haurrentzako Euskaltzaindiako azterketa batzuk egitera ere eramaten gintuen. Eta azterketako proba bat izaten zen bertso bat kantatzea. Galdera batzuk erantzun, ipuin txiki bat sortu, eta bertsoa. Eta buruz ikasitako bertso bat denen aurrean kantatu behar izaten genuen. Urtero-urtero, hamar eta hamalau urte bitarte horretan, bertsoa kantatzen nuen han. Eta sariak eta ematen zizkiguten! Zuk badakizu zer den auzo txiki bateko neskato batentzat Campos Eliseosera joan, Bilbora, eta han denen aurrean bertsoa kantatu eta diploma jasotzea? Eta txaloak! Orduan, etxeko lanak egiten nituen bitartean, oheak egiten eta, nire kontura kopla txikiak asmatzen hasi nintzen.

"Jarri bertsotan hiru neska eta mutil bat. Edo lau eta bat. Eurek ere sentitu behar dute hori. Egin behar da, ohitu daitezen egoera horretara. Zergatik ez?”

Bertso-eskolarik ez zegoen orduan, baina Durangon sortu zenean han eman zenuen izena.
Bai. Bertso-eskolan hasi nintzenean edukiko nituen hogeita hamar bat urte. Ezkonduta nengoen ordurako, eta ume bi nituen. Bertso-eskolak sortu berriak ziren, 1978an, Durangon behintzat. Eta zaleak ginenoi gonbidapena bidali ziguten. Han elkartu ginen Durangoko ikastolako beste andereño bat, Zornotzako neska bat, Eibartik etortzen zen beste bat... Hasieran lau bat edo izango ginen neskak. Gerora ez zuten plazara jauzi egin, baina, orduan baginen batzuk. Eta pare bat urtera edo jende gazte asko hurbildu zen eta gu geu hasi ginen gazteagoei erakusten. Taldean bazen neska mordoska bat, eta auzoetan eta kantuan ibili ziren gurekin, baina gero utzi egin zuten.

Gaurko begiradatik zaila da irudikatzen, baina garai haietan ez zebilen emakume bakar bat ere plazan. Ispilu falta sentitu zenuen oholtzara jauzi egin zenuenean?
Sumatzen nuen lehenago ere izango zirela emakume bertsolariak. Pentsatzen nuen baietz, baina, ez nekien. Argitaratuta zegoen guztia gizonezkoena zen. Aranalderen Auspoa sail guztian gizonak baino ez zeuden. Nik pentsatzen nuen nonbaiten egon behar zuela emakumeren batek. Kontziente nintzen ezin zela XX. mendean sortutako fenomeno bat izan. Baina nik ez nuen ezagutzen eta horren falta sentitu nuen. Erreferentzia falta. Nola kantatzen ote zuten, zeren inguruan...

Ezaguna da zuk kantatzen zenuenean beti aipatzen zenuela, hain zuzen, zure emakume izaera eta emakumeekiko bazterkeria. Beti aipatzen zenuela gaia.
Beti saiatzen nintzen. Mugimendu feminista hasi berria zen bertso-eskolen hasterako sasoi hartan. Bilbon, batez ere. Herrian ez zegoen oraindik mugimendurik. Egongo zen talde txikiren bat beharbada, baina, ni ez nintzen jakitun. Eta entzuten nituen Bilbokoen aldarrikapenak, kantaldiak, bilerak... horren berri baneukan. Baina, niri sekula ez zaizkit gustatu ismoak. Gehiago naiz harri borobila ertzduna baino. Heltzea gehiago kosta arren, sinisten dut urrunago iritsi daitekeela horrela. Hori da nire izakera. Eta orduan ez zitzaidan hain erakargarria egiten mundu hori. Ez nengoen kontra, baina, ez ninduen erakartzen. Haiekin harremana eduki nuen, gehienbat haiek deituta. Gogoratzen dut feministek antolatuta joan izan nintzela martxoaren 8ko saioetara, batez ere. Baina saio horietatik kanpora ere nik beti kantatzen nuen aldarrikapenen bat. Pentsatuta eramaten nuen ze mezu bota saio bakoitzean, eta han edo hemen sartzen nuen.

Ezkerretik hasita, Karmen Larrañaga, Arantzazu Loidi, Maria Jesus Berrotaran eta Kristina Mardaras.

Ordurako kalean galtzak jantzita ibiltzen bazinen ere, bertsotara beti gona jantzita joaten zinen garai hartan.
Bai. Niri gaztetan asko kostatu zitzaidan prakak janztea, ze normalena zen neskak gonarekin joatea. Baina niri prakak ere gustatzen zitzaizkidan. Eta nire ama joslea zen, eta nire lehen prakak berak josi zizkidan. Senargaiarekin motorrean ibiltzeko beharrezkoak nituela esaten nion. Eta gero ohitu egin nintzen praken erosotasunera. Baina bertsotan hastean pentsatu nuen irudian ere antzeman behar zuela berritasunak. Eta erabaki nuen oholtzara igo behar nuenean gona eramatea, gehiago antzeman zedin emakumea nintzela. Gauza bat da kantatzen duzuna, baina irudia ere hor dago. Argazkiak hor gelditzen dira. Eta nik irudi hori hor gera zedin nahi nuen.

Irakurri izan dut orduan gizon batzuek uko egin ziotela zurekin kantatzeari.
Niri zuzenean ez zidaten esan, noski, baina, jakin nuen, bai. Eta elkarrekin kantatutakoak ginen saio batean baino gehiagotan! Baina, badakizu, zenbat eta gehiago dominatu teknika, orduan eta gehiago ausartzen zara pentsatzen duzuna esaten. Teknika menperatu arte, ni behintzat bareago ibili nintzen. Hasieran ez nintzen gai nahi nuena esateko. Hogeita hamar urterekin bertso-eskolan hasi eta hogeita hamalaurekin plazan nenbilen. Eta bitartean gau-eskolak ematen, umeak hezten, etxea eramaten, magisteritza ikasten, eta konpromisoz ere topera lanean. Etxean, familia moduan oso ondo moldatzen ginen, baina, tarte handirik gabe. Orduan, plazaz plazako ibilian joan nintzen trebatzen, pixkanaka, eta gauzak argiago esateko gai izan nintzenean, deserosoagoa bihurtu nintzen. Egia da ez dela erraza. Ni han nengoenean ezin zuten esan nahi zuten guztia nahi zuten bezala. Emakumezkoei buruz hitz egiteko modua aldatzen zitzaien, nahi ala ez. Gizonezkoek askatasuna galdu zuten.

Eta zerk eutsiarazi zizun? Zein zen zure kanturako motibazioa?
Ba, egia esan, neketsua egiten zitzaidan, plazako jarduna bera. Gozamen iturri zen, baina baita min iturri ere. Eguneroko martxaren zamaz gain, oholtzako sufrimendua ere handia izaten nuen nik. Eta nik garbi neukana zen atzetik neska gehiago etorri artean jarraituko nuela, baina haiek iristen zirenean plaza utziko nuela. Nirekiko esaten nuen: “Iraun. Deitzen dizuten bitartean, neska gehiago etorri arte, segi.” Gero erretiratuko nintzen eta kito. Gazteagoak hasi zirenean, ikusten nuen nahiko ondo moldatzen zirela, eta haiengan ez nuen hainbeste sufrimendu ikusten. Gerora konturatu naiz haiei ere berdina gertatu zitzaiela. Baina kontatzen ez baduzu inork ez daki sufritzen ari zarenik.  Gerora konturatu naiz. Hala, plaza utzi nuen berrogeita askotxo urterekin, eta geroztik ez naiz plazara itzuli. Harrapatzen banauzu eta esaten badidazu “egingo dugu bertsotan orain?” bertsotan egingo dut. Baina, esaten badidate hamabost egun arinago bertsotan egiteko, ez dut lorik egiten.

"Baina bertsotan hastean pentsatu nuen irudian ere antzeman behar zuela berritasunak. Eta erabaki nuen oholtzara igo behar nuenean gona eramatea, gehiago antzeman zedin emakumea nintzela”

Orain jakina da azken urteetako emakumeen saioak eta elkarguneak garrantzitsuak izan direla bertsolaritzaren garapenerako. Baina, zuek ere antolatu zenituzten orain hamarkada batzuk emakumezkoen saioak eta topaketak ere, ezta?
Saiakera batzuk egin genituen. Bat gogoratzen dut, emakume batzuk Donostian kantatu genuenekoa. Uste dut Amaia Agirre izan zela, Arantzazu Loidi, Itxaro Borda, eta Algortako bi ahizpa, Iriondotarrak. Gaiak aurretik emanda egin genuen saioa. Donostian bazegoen halako talde feminista bat eta baliteke handik hots eginda izatea. Hondarribian ere Emeki taldeak antolatu zuen bertso-saio bat martxoaren 8aren inguruan, eta Maialenek eta biok kantatu genuen Egaña eta Peñagarikanorekin, eta hango jendearekin batera saiatu ginen bertso-munduko neskak biltzen, eta mugimendu bat sortzen. Pake Garcia eta Maria Jesus Berrotaran saiatu ziren horretan. Behintzat jabetze bat edo emakume izatearen kontzientzia hartze bat gertatu zedin. Bilera batzuk-edo egin genituen bizpahiru urtean. Nahi genuen neskak biltzea, baina ez genuen lortzen. Neskak bakarrik ez ziren animatzen. Bertso-eskoletako mugimenduan neska-mutilak elkartzen ziren, herrialde mailan, lehiaketen harira... Eta taldetasun hori bizi zuten. Orduan neskak eta mutilak elkartu genituen 1994ko Bertsolari Gazteen Topaketan. Baina bilera batzuetan neskak bakarrik ere bildu ziren. Dena daukat koadernotan bilduta. Noizbait ganbara txukuntzen hasten naizenean han azalduko dira kontuak!

Aldizkari honetarako Miel Anjel Elustondok egin zizun 2005eko elkarrizketan honakoa bota zenuen: “Sei emakumezkok kantatzea arraro egiten ez denean, orduantxe izango dugu normalizazioa”. Orduan, ahal dela, jada normala da. Joan dira urte batzuk, eta… Nola ikusten duzu kontua?
Emakumezkoak kantuan ikustea normaltasunez hartzen da, baina ez da normala sei batera ikustea. Hori oraindik gogor samarra da askorentzat. Baina horrelako saioak badaude, eta ikusi dut progresio bat. Interesantea iruditzen zait ikustea gu geu ere ez gaudela ohituta elkarrekin kantatzera eta saio horiei esker horma batzuk apurtu direla. Kanta dezakegu guk nahi dugun gaiei buruz. Guk barre egin gure buruari. Eta nik izugarri gozatzen dut. Aldea izugarria da. Askoz solteago, askoz konfiantza gehiagogaz kantatzen dugu. Orain urte batzuk nork hitz egiten zuen hilekoari buruz, edo titiei buruz edo beste gauza askori buruz? Edo nork hitz egiten zuen mutilek mutilekin eta neskak neskekin bizitzearen eskubideari buruz? Ez zuzenean, ez zeharka, inork ez. Eta gaur egun horretaz hitz eginaz gozatzen dugu, eta asko betetzen nau horrek. Ordua zen! Baina, normaltasuna oraindik probokatu beharra dago. Eta hori egin daiteke. Jarri hiru neska eta mutil bat. Edo lau eta bat. Eurek ere sentitu behar dute hori. Egin behar da, ohitu daitezen egoera horretara. Zergatik ez? Jendeak hori ere ikusi behar du. Eta esango du “Kontxo! Lau neska eta mutil bat!”. Ba, bai. Aldatzen ari da kontua eta gizarteari ispiluak eman behar zaizkio, ohitzen joateko.

 

Argazkian Mardaras eskuinean. Bertso eskolek indarra hartu ahala, belaunaldi berrietan emakumezkoen kopuruak gora egin zuen etengabe.

 


ASTEKARIA
2020ko maiatzaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
"Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Odei Barroso. Zalantzan ziur
"Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak"

Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.


Eguneraketa berriak daude