Inaxi Etxabe bertsolaria hil dela jakin orduko, ekimen xume honek gorputza hartu du emakume bertsolarien artean: bakoitzak bertso bana idatzi eta hedabideetan zabaltzea. Horixe baitzen Etxabek 1956. urtetik 2015era arte egin zuena, bertsoak okasiorako jarri eta plazan kantatzea. Urte luzetan bera izan da plazan kantatu zuen emakume bakanetakoa eta bere ekarpena eskertu diote bertsoak jarri dituzten 18 emakumeek.
Ainhoa Agirreazaldegi:
Bertsoa buruan ta
bertsoa hatzetan
bistaratu ohi zinen
une zehatzetan
andre-bertso lotura
mantenduz gatzetan
bide horri segika
gabiltza plazetan
zure eskuak daude
gure oinatzetan.
Alaia Martin:
Inaxi, arrasto bat
zara lurrunean,
bertsoa kabitzen da
zure hutsunean...
Nahiz iragana pasa
isiltasunean
gure ahotsa duzu
etorkizunean.
Amaia Agirre:
Eredu baten kabi
izan zen Oikia
hitzaren artisau ta
jostun egokia
nahiz ukatu taberna
eta antzokia
beti izango duzu
guregan tokia
erreztearren guri
eskenatokia.
Amaia Iturriotz:
Bazoaz Iñaxi ta
ez gaude pozarren
gizonen kantuzko ta
hitz lauzko oldarren
aurka hustu dituzu
ahots eta barren
mila esker isilik
ez gelditzearren.
Ane Labaka:
Nor da aitzindaria,
nor abangoardia?
Nork dauka etorria,
grina, pikardia...?
Plaza itzalei jartzen
diegu argia,
oinordetzan jasota
zure ausardia.
Eli Pagola:
Bertsolaria zinenez gero
bertsotan nahi degu hasi:
buruan sorta onak jarri ta
gero dotore idatzi,
txori txikien modura kantuz
ibili zinen Iñaxi
zuri eskerrak ere badegu
buruz ze bertso ikasi.
Erika Lagoma:
Garai bateko izan ezina,
beldurra ta pekatua,
gaurko itxurak itsutzen duen
mundu akonpolejatua.
Doinurik doinu pitzatu duzu
isiltasun behartua.
Zure bertsoen azken puntutik
hasten da gure kantua.
Estitxu Eizagirre:
Emakume bat plazan
bere hitza ohiartzun
frankismoko ilunpean
a zer argitasun!
Basarri-ren bertsoei
zenien erantzun:
gizonen epaietik
askatu gintuzun.
Hodei Unzueta:
Emakume kementsua,
ausarta, paregabea,
errimak josten abila,
erantzunetan trebea!
Euskal Herrian barrena
pertsona oso maitea
ama, amona, izeko
utzi duzu ondarea...
Eskerrik asko Inaxi
tokatzen da eskertzea
zurekiko maitasunez
bihotza dugu betea,
jarraitu zure bidaia:
iraultzaile ta askea!
* Oharra: Inaxi Etxaberen hiletan kantatutako bertsoa.
Iratxe Ibarra:
Zure berri izatean
ze sorpresa, ze poz
bakan plazan kantuan
bakan pilota joz.
Zure ibilbidea
hartzen dugu txaloz,
geu ere zure sustrai
beretik baikatoz.
Izarne Zelaia:
Gaurko aitortza hau zuretzat da
Oikia auzoko neskatxa
gauden puntura ez gara heldu
oraingoak gure kasa
zure bidea eginagatik
aldatzen ari da plaza
paper artetik jende aurrera
mugitu arren ardatza
ahots bat isil daiteke baina
ezetz gastatu arkatza!
Maialen Lujanbio:
Historia handiaren
atzeko almazen
itsuan sartutako
pertsona ta gauzen
artetik aditzen zen
boz hari bat bazen…
…ta gu, ustez ginenak
dena indar ta sen
zuen oihartzunari
segiz gindoazen.
Nahikari Gabilondo:
Bertso munduko emakumeon
eredu zara jakina,
nahiz eta plazak ez entzun zure
ahots irmo bezain fina.
Zure koaderno marradunetan
hainbeste bertso egina...
ez da hutsean geratu zure
isilpeko ahalegina,
gu ez ginake izango eta
zu ere izan ez bazina.
* Oharra: Inaxi Etxaberen hiletan kantatutako bertsoa.
Nerea Ibarzabal:
Ai, "Oikiako neska"
bizkor, burujabe...
bertsotan distiratsu,
kantuz paregabe
inork egingo balu
tentatzean alde,
laster jasotzen zuen
sorta bat debalde
zu ez zaitez kezkatu
Inaxi Etxabe
ez da egongo bertsorik
erantzunik gabe!
Oihana Iguaran:
Hainbeste bertso sortak
hainbeste ausardik
hazi bat erein zuen
gugan zuregandik
bihotzetik eskertu
nahi dizut haatik
bertso modu berriak
zabaltzeagatik.
Onintza Gartzia:
Nahiz ta une hauetan
tristerik gauden gu
Iñaxi zarelako
gugandik aldendu,
baina aukera honi
nahi nioke heldu
izan zarenez hainbat
neskaren eredu
gazteei zure berri
emango diegu.
Rosa Lertxundi:
Kalean txistu, kalean festa
Euskal Jaia da nagusi
elizan berriz, aldarean zu
bertso kantuz goxo bizi
urtero zita, urtero zintzo
Amabirjiña goretsi
emakumea, bertsolaria
fedea lagun berezi
arantz gutxiko larrosa eder
izandu zera Iñaxi
Uxue Alberdi:
Ikusi ohi zintudan
Zarautzen pasiran
ta haizeak pausua
bizkortu ohi zidan;
makuludun andrea
makulu zen nigan
berresteko nor naizen
ta zertan dakidan.
Permanentedun adats
eta azal bigun
abangoardia zer den
azaldu zenigun.
Mila esker, Inaxi,
mingain jolastidun:
hara, nondik gatozen
ta zertan dakigun.
Oihal fabriketako emakume langileak eta bertsoa josi ditu Emakumeen haria ekimenak. Ekainaren 7an izango da Villabonan. Bertaratzen denak ezagutuko du egun Bertsozale Elkartearen egoitza den Subijana etxea iraganean oihal fabrika izan zela; entzun ahalko ditu bertan lan egin... [+]
Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.
Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.
Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]
Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.
Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.
Zizurkilgo otañotarren familia bertsolariko kidea zen Plazida (1867-1954). Bere bi bertso baino ez dira iritsi, ordea. Hain zuzen, gizon bertsolari entzutetsuei erantzunez kantatu zituenak. Emakume bertsolarietan ezagutzen diren bat-bateko bertsorik zaharrenak dira hauek... [+]
Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako Gure Aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak egitasmoak herrialdeko emakume bertsolarien sortak jaso ditu, bakarka zein taldean eginiko 14 kantetan. Bertso idatziei bultzada emateaz harago, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa... [+]
Inaxi Etxabe bertsolaria uztailaren 11n hil da eta 13an egin diote hileta elizkizuna Zarautzen, etxekoek eta Motxian bertso eskolako kideek. Mezaren hasieran Etxaberen ibilbidea oroitu zuten eta amaieran bertsoa kantatu zion Hodei Unzuetak. Meza ostean, elizaren atarian bertso... [+]
Kristina Mardaras, beste gauza askoren artean, bertsolaria da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zelako da ezagun, bertso munduan. Baina, baita hamaika bertso-saiotako antolatzaile eta entzule gisa ere. Izan ere, plaza utzi zuen,... [+]
Kontrako eztarritik liburuaz hitz egiteko elkartu gara bizileku duen Getarian. Emakumeek bertsotan egin duten ibilbidean mugarri bat da liburua, honen ostean ezin esango baitugu "ez nekien" edo "ez dut ulertzen".
Nevadako Unibertsitateak emakume bertsolarien bizipenak bildu ditu 'Female Improvisational Poets' liburuan, eta proiektuan Iñaki Arrieta eta Maialen Lujanbio hernaniarrek hartu dute parte.
Nola eraldatu da bertsoa? Zer aldatu da bertsolariaren figuran? Nola islatzen da jendartea bertsolaritzan? Nolakoa da bertsozalea? Noruntz doa bertsolaritza? Inprobisatu ezin diren galderak dira hauek, hori dela-eta osatu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ... [+]