Beppe Grillok Italian lortu dituen emaitza onen ondoren, haren Bost Izarren Mugimendua kritikatu zuen Wu Ming kolektiboak. Bestelako iritzia, Grillorekiko baikorragoa dauka Salvatore Cannavo Sinistra Criticako militante eta kazetariak. Il Megafono Quotidiano webgunean argitaratutako artikuluaren pasarte esanguratsuenak itzuli ditugu.
Greziaren antzeko egoeran gaude Grillo Syrizaren lekuan jarrita. Grillo da eskala masiboan jendea konbentzitu duen erantzun bakarra. Erantzun generikoa, baina erradikala, krisiari, murrizketei eta azken hogei urteetako politikaren jarraipenari. Egongo da denbora Grillo hobeto ebaluatzeko, baina bera da, zalantzarik gabe, garaiak eskatzen duen mailan (ez da erraza, noski) egotea lortu duen proposamen bakarra, aldarrikapen kontraesankorrak nahastuz.
(…)
Ezker zaharra hilda dago. Gainera, proiektu alternatibo bat ez da bi hilabetean inprobisatzen “deux ex machina”-ren laguntza hutsarekin, ezta kanpotik etorritako “aberriaren salbatzaile” batekin ere. Beppe Grillo duela hamar urte hasi zen eta 2008rako parte aktiboa zen hauteskunde kanpainan, aurkeztu ez zen arren. Askotan idatzi dugu langile mugimendu zaharraren amaieraren aurrean gaudela, politikoki eta ideologikoki. Ezkerrak ez du hori ulertu nahi izan eta inteligentzia gutxirekin tematu da eragin gutxiko alderdien eta alderditxoen arteko loturen bidean, problemen tamaina historiko erreala ulertu gabe.
(…)
Ikusi beharko da zein norabide hartuko duen Grilloren mugimenduak, sentsore garrantzitsua izango baita. Dena den, aurrean daukaguna izango da, urte askoan gutxienez, benetako subjektu baten berreraikuntza, gaur egungo markoarekin lehiatzeko gai izango dena.
(…)
“Mugimenduen sareek” balioko dute, krisiaren kontrako erresistentziak nukleoetan biltzeko eta leku guztietan sentitzen den “tsunami sozialaren” beharra elikatzeko.
(…)
Dagoenetik abiatu behar dugu: azken urteetako mugimenduek lortu dute eustea –ikasleak, No TAV, eta abar–, abiatu diren ekimenek –gertukoak zaizkigun eremuetan: finantza publiko berriak, Occupy– estrategia bakarra dute buruan: eraginkortasun soziala eta aldaketarako hipotesi baten sorrera plano teoriko eta politikoan. Aski da inprobisazioez, iraganaren errepikapenez, mikro-aparatuen nostalgiez. Aski da taldetxo “ista” horietaz eta gainontzeko guztiaz. Itsaso zabalean gaude eta oraingoan benetan.