Serbiako segurtasunerako buru eta CIAko agente ohia ageri da Sarajevoko safarien antolatzaile

  • Sarajevoko safari humanoen gaiak luzerako emango duela dirudi, Milango Fiskaltzak bere ikerketekin aurrera egin ahala. Gaiaren bueltan dabilen informazio zurrunbiloan azaleratu da Jovica Stanisic Serbiar Errepublikako segurtasunaren goi mailako ofizialak, besteak beste, antolatzen zituela.


2025eko azaroaren 21ean - 11:46
Azken eguneraketa: 14:33
Stanisic, Hagan egindako epaiketaren une batean.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jovica Stanisic Serbiako Segurtasunaren Zuzendaritzako burua zen Slobodan Milosevic herrialdeko lehendakaria izan zen garaian. Gaur egun Alemaniako espetxe batean dago: Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Auzitegiak Hagan (Herbehereak) egindako epaiketan, Bosnia eta Herzegovinako zazpi udalerritan egindako gerra krimenen errudun jo zuen. Globalter hedabide elektronikoan Pascual Serrano kazetari espainiar ezkertiarrak kontatzen duenez, Stanisic CIAko agentea zen.

Jugoslavia Ohirako auzitegiak 2013an absolbitu egin zuen Stanisic, baina fiskaltzak helegitea jarri eta epaiketa errepikatu egin zen 2017 eta 2021 artean. Hamabi urteko kartzela zigorra jaso zuen lehen ebazpen batean, baina ondoren hamabost urtera igo zioten zigorra. Iragan uztailean eraman zuten Alemaniara zigorra han betetzeko.

Kontua da lehen epaiketan CIAk dokumentu sekretu bat erakutsi zuela eta bertan adierazten zen Stanisic haien agentea zela. Serranok 2009an Los Angeles Times-ek argitaratu zuen albiste bat aipatzen du, non zehazten diren kontuok; bertan esaten da nola Stanisic bederatzi urtez CIAren kontakturik garrantzitsuena izan zen Belgraden, Serbiako hiriburuan. Epaiketan epaimahaiak sekretupean aztertu zituen dokumentuok, baina gero aipatu egunkariak ezagutzera eman zituen.

2021eko epaiketan azaleratu zenez, Stanisic 1991n hasi zen CIArako lanean, Sarajevoko setioa hasi baino urtebete lehenago. CIAko William Lofgren agenteak proposatu zion haientzat lan egitea eta bi espioiek ezkutuko harreman luzea mantendu ei zuten. Lofgrenek eta CIAko beste espioi batzuek epaiketan parte hartu zuten lekuko gisa, eta Stanisic haiekin lanean aritu zela baietsi zuten. Orain Milango Fiskaltza egiten ari den ikerketaren arabera, Stanisic Sarajevoko Safarien koordinatzaileetakoa izan zen.

Ezzio Gavazzeni: “Erantzuleetako batzuk behintzat identifika ditzakegu”

Ezzio Gavazzeni kazetari italiarrak aurkeztu du safari humanoei buruzko salaketa Milango Auzitegian, eta bertako fiskaltza gaia ikertzen ari da. Berria-n Marco Santopadrek elkarrizketa egin dio kazetariari eta honek dioenez, egindako filtrazioan berak aurkeztutako informazioaren %15 bakarrik aipatzen da.

Kazetariaren esanetan, 1990eko hamarkadan hasi zen ikertzen, baina datu faltan gaia alboratu zuen eta 2022an ekin zion berriz ikertzeari, Miran Zupanic zuzendari esloveniarrak Sarajevo Safari dokumentala egin ondoren. Dokumental hori oso polemikoa izan zen, Al Jazeerak ekoitzi zuen eta herrialde arabiarretan eta Balkanetan asko ikusi zen. Gabazzenik azpimarratu duenez, baina, “Mendebaldeko inongo telebistak katek ez zituen erosi filma emateko eskubideak”.

Guido Salvini magistratu ohiarekin eta Nicola Brigida abokatuarekin aritu da ikerketan Gavazzeni eta, dioenez, giza-safarietan parte hartutakoen “heren bat-edo” hilda egon daiteke, baina “gure ustez, erantzuleetako batzuk behintzat identifika ditzakegu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

Eguneraketa berriak daude