"Mundu berria eraikitzea tokatuko zaigu, denoi"

  • Beñat Irasuegik Burujabetzak denontzat. Ekonomia egunerokotik eraldatzeko bide bat hitzaldia eman du apirilaren 8an, Ernai eta Aitzina gazte mugimenduek antolatuta. Ekonomia sozial eraldatzailetik koronabirusaren krisiaz eta irteeraz hainbat ideia eman ditu. Hemen bideo osorik ikusgai.


2020ko apirilaren 11n - 18:29
Argazkia: Ikasbil.eus.

Ekonomia sozial eraldatzailea zer den azalduz hasi du hitzaldia: "Bizitzak jardun ekonomikoaren erdigunean jarriz, bizi garen komunitatean beharrei erantzuteko modu lurraldetuan eta kolektiboki antolatutako jardueren multzoa".

Jarraian definizio horretako puntu batzuk landu ditu gaur egungo adibideak jarriz

Egungo egoera berezira etorriz, puntu hauek landu ditu:

"Ez gara itzuliko osasun krisiaren aurreko baldintzetara"

"Koronabirusaren krisia bizi dugu oso modu bortitzean, baina hau krisiaren azelerazio bat da, batez ere. Krisi sanitario moduan etorri zaigu, baina lehertu den lehenengo gauzetako bat eta koronabirusak argi utzi duena, zaintzen krisia izugarri bortitza daukagula. Hemendik ateratzen garenean, aurrean izango dugu osasun krisiaren kudeaketa, izango dugu aurrean krisi ekonomiko bat eta izango dugu aurrean zaintzen krisia, eztanda egina". Epe laburrean nahiko egoera txarrean ikusiko garela adierazi du, "eta argi izan dezagun irteera ez dela izango krisi honen sarrera izan zena. Ez gara itzuliko lehengo baldintzetara, inola ere".

"Komunitatea indartzea den edozer da autoritarismoaren aurka egitea"

Komunitatea eta autoritarismoaren arteko talkaz hau esan du: "Mugimendu komunitarioa, zaintza sareak, herrietan antolatzen den elkartasuna edo beste muturrean autoritarismoa dago: polizien eta militarren presentzia handiagoa... bi aukera ditugu, edo komunitateak indartu eta horietan apustu egin, edo modu aktiboan edo pasiboan, autoritarismoan eroriko gara. Momentu hau gakoa da, eta komunitatea indartzea den edozer da autoritarismoaren aurka egitea".

"Mundu berria eraikitzea tokatuko zaigu, denoi"

"Benetan komunitatea eta bizitza gure jardunaren erdigunean egongo den mundua eraikitzea tokatuko zaigu. Baina errealitatea kontrako bidetik etorriko zaigu. Zer egin? Bertigoa ematen du, baina Euskal Herriak erakutsi du proiektu sozioekonomikoetatik, herrigintzako proiektuetatik, erakutsi dugu tresnak baditugula, tresna horiek erabiltzen badakigula eta gure bizitzen jabe egiteko gaitasuna badugula eta antolatzeko gaitasuna ere badugula. Bada, erabili dezagun. Zaila izango da, baina edo guk egingo dugu modu komunitarioan, edo beste norbaitek hartuko ditu erabakiak gure izenean".

"Gauzatxoak" egiten hastea planteatu du: "Irabazien sozializazio bat, sortu ditzakegu erresistentzia kutxak... baina proiektu sozioekonomiko berriak sortu beharko ditugu. Errealitateak bultzatuko gaitu une zailetan proiektu gehiago egitera".

Azken mezu honetan jarri du indarra: "Irteera kolektiboa izan behar du, komunitatea eta publikoa indartuz garatuko den irteera behar dugu, merkatuaren eta kapitalaren aurrean. Horretarako beharko ditugu proiektu komunitarioak eta proiektu sozioekonomikoak. Beharko dugu estatu bat. Hasi gaitezen Euskal Herria egiten eta ospatu dezagun, ospatzen ez dena ez baita existitzen". Denek bizitza hobea izatearen alde egin du azken aldarria, "oparotasuna denontzat!".

Hemen ikus-entzun daiteke hitzaldia osorik:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude