Mesedez: ez sartu dendetan maskarik jantzi gabe

  • Ez zaigu nahikoa agintariek maskarak noiz banatuko zain egotea, ezta langileak aski babes ez dutelako protestan aritzea ere. Ez da aski bikoteka, familiaka eta –askok inguruko zaharragoekiko maitasun handiz egin duten moduan– bakarka konfinatzea ere. Konfinamendua hautsi beharrean garen une horietan ez diogu baimendu behar birusari batetik bestera jauzi egiten: aski zorrotz ez izateagatik nik zu kutsatzen bazaitut bizi naizeno damutuko zait.


2020ko martxoaren 23an - 11:19

Oria errio bazterreko baserrian hazia izaki, sentitzen naiz 1983ko uholde ikaragarri hartan bezala, edo geroztik izan diren beste bizpahiru uholde handietako batean. Pixkanaka zabaltzen da Kantauri itsasoko marea iristen den Aginagako erriberetan. Egun horretan, entzungo duzu Goierrin txikizioak egiten ari direla errekak, gero urak Tolosan atera direla, Andoaingo larri dabiltzala... Aginaga inguetan aurreko uholdeetatik zerbait ikasi dutenek aurreratuko dizute hemen urak lasai joango direla erriberetan zabaltzen itsasgora den bitartean, itsoak topea egiten baitie. Marea beteta itsasbehera hasitakoan orduan ikusiko da, ea urak hasten diren beren onera itzultzen –baldin eta mendi aldetik errekak lasaitzen hasten badira– edo putzuak harrapatuta egon beharko duzun ordu luzez. Hemen Oriak bare egindako triskantzak ez dira izango bestetan baino arinagoak, igerriko diozu.

Oria bere bidetik irten eta zure ukuiluan sartu arteko orduak tranpa izan litezke. Errioak isilik berenagatzen ditu bazterrak, gezurrezko mantso-antzean, zentimetro bat orain, beste bat laster... ez da geldituko goia jo arte. Zure zorionerako, errekek haserre suntsitu dituzten herri askotan baino aukera hobeak dauzkazu: aprobetxa itzazu. Ez utzi salbatu gabe salbatu dezakezun ezer. Eta batez ere, ez ibili tontakeriatan eten gabe goraka datorren putzuaren ertzean. Garaiz egin ez duzuna uren mende utziko duzu, berdin beranduegi mugitu nahi izan duzun autoa edo aukera zen bitartean etxetik irten nahi izan ez duen aitona egoskorra. Ura eta zu, ura eta gu, eta kito: ertzainak, suhiltzaileak eta udaltzainak berak buruz gain dabiltza zure zokotik urrun.

Covid-19aren uholde honetan, hondamendia gero eta hurbilago dugun arren, astelehen goizean komertziante batzuk eta erosle gehienak ikusi ditut oraindik aski babes gabe salerosketan. Lanjer handienean saltzaileak ari dira, urrutitik. Erosleok ez dugu eskubiderik haien babes eskubidea urratzeko. Hartu maskara, ez hainbeste geure burua babesteko baizik eta egunean zehar zu eta ni bezalako ehun edo gehiagori zerbitzu eman behar dioten langileok ez kondenatzeko. Eta saltokiko langileek beren buruak nola-hala babestu dituztenean ere, ondoan erosketan dabilzkigun besteak –batik bat ahulenak– ez kaltetzeko.

Erosketetan asko dira zahar eta ezinduak bizi dugun larrialdian mugimendurik oinarrizkoenak egiteko ere baldartuegiak. Erosle orok eraman behar dugu babesgarri minimo bat, batik bat ahulenak berak: nola lagunduko diogu amona horri erositakoak karroan sartzen, nola lagundu altxatzen espaloi bazterrean erori den agure horri?

Maskara diot, baina gure agintari neoliberalek aspaldi metatuta eduki behar zituzten babesgarri txukunak iritsi bitartean sasi-maskaratzat erabili etxean brikolatutakoa, bufanda, lepoko zapi lodiantzeko bat... edozer, birus guztiak ez bada gehienak nik zuri pasatzea ekidingo duena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude