Merkataritza txikia eta klase ertainaren ilusioa


2020ko azaroaren 16an - 16:13
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Artikulu honetan krisiari eta merkataritza txikiari buruzko gogoeta batzuk planteatuko ditut. Gai konplexua da, Herri Mugimenduko hainbat subjektuk hartu dituzten jarrera kontrajarrietan igartzen den bezala. Alde batetik, "tokian tokiko kontsumoaren" eta "auzoko saltoki txikien" aldeko kanpaina asko ikusi ditugu. Bestetik berriz, “distira guztiak urre ez direla” planteatzen da: Bilboko Langile Autodefentsa Sareak (LAS), adibidez, "saltoki txikien" aldeko kanpaina horiek –modu abstraktuan egiten direnak– lan-esplotazioa zuritzeko arriskua dutela salatzen du: “LASk orain arte jasotako kasuen gehiengoa, 10 langile baino gutxiagoko enpresetan izan da. Oro har, ‘merkataritza txiki’ legez ulertzen diren lantokietan hain zuzen ere”, diote. “Hori dela eta, merkataritza txikiaren aldeko aldarrikapena akritikoki hedatzeak langileon auto-antolakuntza oztopatzen duela deritzogu […] Desjabetuon elkartasunerako muga bilakatzen da, nagusiarekin enpatizatu beharra aldarrikatzen baitu, esplotatuon interesak alboratuz”, adierazi dute.

LASeko kideek funtsezko gaiak planteatzen dituztela uste dut. Aldi berean, langile klasearen pauperizazio prozezuaren aurrean eta klase borroka eta auzodefentsa berrantolatu behar diren unean, hausnarketa estrategiko bat egitea beharrezkoa dela argi dago; merkataritza txikia, krisia eta klase auto-antolakuntza lotzen dituen gogoeta bat.

Hori dela eta, artikulu honek bi helburu ditu: alde batetik, "auzoko merkataritza txikiaren" aldeko mobilizazioetan oinarritutako hainbat diskurtso kritikoki aztertzea; eta, beste aldetik, eztabaida sakontzeko eta praxi iraultzailea hauspotzeko gako garrantzitsu batzuk mahai-gaineratzea.

Arazo epistemologikoa: “merkataritza txikia beti da laguna”

Saltoki txikiak, per se, subjektu "herrikoi" bihurtu dira: "merkataritza txikia" den guztia ondo dago, "auzoari bizia ematen diolako", "langileen eskubideak errespetatzen dituelako", "auzokideekin hurbila delako", eta abar.

Alde batetik, ez dago “merkataritza txikiaren” definizio argirik, ez da kategoria objektibo bat, eta ez dago irizpiderik saltoki txikia zer den edo zer ez den baieztatu ahal izateko: definizio anbiguo horretan oinarrituta, berdina litzateke auzoko halal denda "txikia” –soldatapeko langilerik ez duenak eta hilero lokala ez ixteko borrokatzen dena–, edo Bilboko "Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko" lehendakariarena –denda askoren jabe direnak eta auzoa "Europako aire zabaleko merkataritza-gune handiena” bihurtzea helburu dutenak–. Merkataritza txikiari buruzko edozein diskurtsok balio politikoa izatea nahi badugu, saltoki txikitzat zer ulertzen dugun planteatu beharko dugu, zeintzuk diren kategoria horren parte eta zer klase-interes dauden "merkatari txikien” artean.

"Merkataritza txikiaren barruan, beraz, lagunak eta etsaiak ere badaude. Merkatari bat langile klasearen aliatu edo etsai bihurtzen duena ez da bere negozioaren dimentsioa (txikia, ertaina edo handia)"

Bestalde, lan-baldintzen kontua dago: merkataritza txikia, kapitalista txikia izateagatik, merkataritza handia baino hobea dela esatea gezurtia da –asmo txarrez edo, kasurik onenean, inozoa–. Gutariko zenbatek lan egin dute taberna batean edo denda "txiki" batean soldata miserableekin, kontraturik gabe edo astean 10 orduko kontratuarekin, 30 orduko lana egin arren? Merkataritza txikia ez da etikoagoa txikia izate hutsagatik: askotan multinazionalen barrikada berean kokatzen da, haien diskurtso bera asumitzen, miseria bat ordaintzen digu eta gure eskubideak urratzen ditu. Kasu batzuetan, “fede oneko” jendea izan daiteke, baina "lehiaren legeen" ondorioz langileak berdin berdin esplotatzen dituzte. Beste kasu batzuetan marrazo txikiak dira, inperio bat eraiki nahi duten merkatari txikiak, meritokraziak "gure herriko agintari klase" izatera eramango dituela pentsatzen duten burges txikiak.

"Merkataritza txikiaren" barruan, beraz, lagunak eta etsaiak ere badaude. Merkatari bat langile klasearen aliatu edo etsai bihurtzen duena ez da bere negozioaren dimentsioa (txikia, ertaina edo handia); baizik eta, alde batetik, bere saltokitik ateratzen duen etekina (eta lapurtzen duen gainbalioa) –hau da, faktore ekonomikoa dena– eta, beste aldetik, langileen baldintzak faktore politikoa dena–.

Arazo politikoa: merkatari txikia subjektu gisa.

1- Merkataritza txikiaren arazoak” ikusezin bihurtzen duena: non geratzen dira desjabetuak?

Gaur egun, krisiak merkatariei ekarri dizkien arazoez hitz egiteak ikusezin bihurtzen ditu gizarte behartsuenaren geruzetara ekarri dituen arazoak: merkatari txikiaz ari gara, baina ahaztu egiten zaizkigu langileak, langabetuak, etxerik gabeak, paperik gabeak… Ikusezinak gero eta ikusezinago bihurtzen dira.

Merkatariei buruz eta merkatariekin hitz egiten dugu (denden jabeekin), eta ahaztu egiten zaizkigu merkatari horrek esplotatutako langileak. Lokal baten jabeak zalantzarik gabe arazoak izan ditzake; baina are arazo gehiago dituzte ERTE miserable batekin bizi diren langileak edo lokal horietan beltzez lan egin eta orain soldatarik gabe gelditu direnak, parorik kobratu ezin dutenak, eta zaurgarritasun-laguntzetatik baztertuta daudenak. Zeinen arazoei buruz hitz egiten dugun eta norekin ari garen klase aukera bat egitea –eta klase kokapena hartzea– da; hau da, barrikada norekin partekatzen dugun hautatzea da.

2- "Merkataritza txikiaren arazoak" dakarrena: klase ertainaren ilusioa indartzea.

Merkataritza txikia ez da subjektu bat eta merkatariak ere ez. "Klase ertaina" deitzen den egoera mental (ideologiko) haren adibide klasikoa da. Klase ertaina ez da existitzen, kategoria subjektiboa da, eta horren parte dira bai burgesia txikia, bai langile klasearen goi maila (langile aristokrazia deiturikoa). Merkatari txikiari hitz egitea klase ertainari hitz egitea da, hau da, fikziozko kategoria bati. Hortaz, klase ertainaren ilusioa indartzea da.

Helburua langile aristokraziari hitz egitea bada, helburua argia izan behar du, hau da, bere klasea langile klasea dela ulertarazi behar zaio, eta bere aliatuak klase desjabetuenak direla (proletargoa eta lumpen-proletargoa). Hala ere, geruza horri hitz egin nahi bazaio, ezin da "merkataritza txikira" jo, izan ere, lortzen ari den gauza bakarra klase ertainaren ilusio mentala indartzea baita. Eta hori politikoki nahasia izateaz gain, arriskutsua ere bada: merkatari txikien sare batek bere klase (ertainaren) interesak indartuko ditu, ez langileekin aliatzeko, baizik eta marrazo handien lehiaren eta beherago gaudenon aldarrikapenen aurrean "defendatzeko".

Krisiak une egokia izan daitezke klasea berrosaketa pizteko, adibidez, pauperizazio prozesuan dagoen langile aristokraziak klase-interesak desjabetuenekin partekatzen dituela uler dezan. Hau da, krisiak une garrantzitsuak izan daitezke langile klasearen berrosaketa politikorako. Baina une egokiak dira burgesiaren bloke politikoa berrosatzeko ere; eta, jakin badakigu, historikoki, burgesia izan da krisiak baliatu dituenak burgesia txikia eta langile aristokrazia bere aldera eramateko.

Oso lan ideologiko fina egin behar da klase ertainaren ilusioa eta burgesiaren bloke politikoaren eraketa ez elikatzeko: saltoki txiki baten jabea langile gisa interpelatzen badugu, hau da, ulertarazten badiogu daukana ez dela produkzio bitarteko bat, erreprodukzio bitarteko bat baizik (bere saltokitik soldata bat ateratzen duelako eta ez etekin kapitalista bat), langileekiko aliantza bat eraikitzeko aukera ireki ahal izango dugu. Baina saltoki txikiaren jabea “jabe gisa” interpelatzen badugu (hau da, kapitalista txiki gisa), klase ertaineko identitate hori indartuko dugu, eta horrek ezinbestean desjabetuenen interesekin talka egingo du (lehenik eta behin soldatapean dituen langileen interesekin, hau da, gainbalioa lapurtzen dienen interesekin).

Ondorio politikoak: amaitzeko bi argipen

1- Hasieran planteatu dudan moduan, hausnarketa honen helburua ez da merkataritza txikiaren aldeko kanpaina guztien aurka egitea. Argi dago auzoko saltoki txikietan kontsumitzea multinazionaletan edo frankizietan kontsumitzea baino hobea dela. Baina kontuz ibili behar dugu gure diskurtsoekin, aliatu taktikoak sortzen ari baikara (denok izorratuta gauden egoera honetan), etsai estrategikoak izango direnak (krisia pasatzen denean, barrikadaren bi alde ezberdinetan egongo garelako).

2- Ez nuen esan nahi saltoki txiki baten jabeak, per se eta osotasunean, klase-interesak partekatzen dituenik esplotatzen dituen langileekin. Askotan, interes horiek talka egiten dute: ekoizpen kapitalistaren prozesuan, jabe txikia bere dendan lan egiten dutenen lanetik zuzenean gainbalioa ateratzen duena da (hau da, bere lanaren zati bat lapurtzen diena). Helburua, beraz, hauxe izan beharko litzateke: merkatari txikiek haien interes estrategiko eta politikoak (langile klasearen batasuna eraikitzea) interes koiuntural eta ekonomikoen (gainbalioa) gainetik jartzea. Izan ere, merkatari txikiak burgesiaren bloke politikoan kokatuz gero (berrikuntza kapitalista baten kasuan) marrazo handiek jango lituzkete. Hortaz, soilik langile klasearen bloke politikoak (klasea berrosatzeko prozesuan) ziurtatu ahal izango die bizirautea (eta “bizi-iraultzea”) –ez jabe gisa, baizik eta langile moduan–.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Teknologia
Sormenerako suntsipena

Gaztetxo bati lehen mugikor adimentsuak eskaini beharko liokeena zer izan beharko litzatekeen hasi naiz pentsatzen. Nork daki, beharbada ordenagailuetarako Luberri edota Txikilinux sistema eragile libre euskaldunak sortu ziren bezala, mugikorretarako garatu liteke Linage... [+]


2025-07-30 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Gehiago

Inoiz Erdi Aroko etxe museifikaturen batean egon bazarete, etxeko altzarigintza egurrezkoa, berniz ilunekoa eta dekorazio landuarekin egina zela konturatuko zineten. Eta etxearen dekorazioari dagokionean, deigarriena da zeinen altzari gutxi zituzten edozein gela motan, baita... [+]


2025-07-30 | June Fernández
Meloi saltzailea
Coca-Cola

Bilboko 13 konpartsek iragarri dute ez dutela Coca-Colarik salduko Aste Nagusiko txosnetan.  Instagramek albiste horri buruzko Deiaren argitalpena iradoki zidan, eta iruzkinak hiru multzotan sailkatuko dizkizuet: konpartsei isekak, halako ekintzek eraginik ez dutela... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Eguneraketa berriak daude