Martxan da Dantzerti, arte dramatiko eta dantza goi mailako EAEko eskola

  • Eskolak lehentxeago hasita zeuden arren, asteazkenean egin zuten Dantzerti Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren irekiera ekitaldi ofiziala. Antzerkiaren eta dantzaren sektoreko aspaldiko aldarrikapena bete da azkenik; hala ere, eskola irekitzeak ez ditu erabat asebete urteetako nahiak. Goi mailako eskola izatea orobat aurrerapausotzat jo arren, kritika ugari jaso ditu proiektuak.


2015eko irailaren 24an - 12:07
Dantzertiko ikasleen hautatze-probetako bat (Arg.: Irekia/Eusko Jaurlritza).

Dantzertiri leporatzen zaizkion gabeziak ondo bildu zituen Nagore Ares Amaya kazetariak Berrian argitaratutako Lehen dantza, gaizki eta presaka erreportajean. Eskolaren kokapena da horietako bat. Lehenik eta behin, berezko egoitzarik ez izatea kritikatu dute askok; gogoan izan behar da Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga musika kontserbatorioaren eraikin berean kokatu dela Dantzerti.

Bilbo eta ez beste hiri bat aukeratzea ere okertzat jo dute sektoreko zenbait ahots esanguratsuk, Oier Araolaza dantza tradizionalean adituak esaterako. Bide batez esateko, dantza tradizionala Dantzertiren curriculumetik kanpo geratu da, eta hori ere ez dute ondo hartu arlo horretan dabiltzanek.

Eskola sortzeko prozesuan parte hartzerako ateak behar bezala ireki ez izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, halaber, urtetan goi mailako zentro bat egon zedin borrokan aritu diren profesionalek. Eta irakasleak hautatzeko prozedurarekin ere desadostasunak izan dira.  

Asteazkeneko irekiera ekitaldian, kritika oldea ondo gogoan zuela seguruenik, “sektoreko profesionalak kontuan hartuta” lan egingo dutela nabarmendu zuen Dantzertiko zuzendari Ekaitz Gonzalezek. “Fin-fin lan egingo dugu, ez dakiguna dakienari galdetuaz eta akatsetatik ikasiaz”, gehitu zuen Gonzalezek, dantzan.eus webgunean argitaratutako kronikan irakur daitekeenez.

Abiapuntuko herrenak gainditzeko arnasa apur bat eskatzen du Dantzertik, eta badirudi arte dramatikoaren euskal sektoreak, kritikak kritika, konfiantza emateko prest dagoela.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arte eszenikoak
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude