Macronek erreforma pasa arren, herritarrak ez dira amore ematekotan

  • 23.000 lagun batu dira Baionan sindikatuen arabera, eta orokorki, manifestazio guzietan batu da jendetza esanguratsua –Parisen 800.000 dira une honetan, CGTren arabera–. Tonua gogortuz doa manifestarien partetik eta blokeoak eta barrikadak biderkatuz doaz azken egunetan. Erreforma pasa arren, haserreak karrikan segitzen du. Ikusteke dago nola erantzunen dion horri gobernuak eta Emmanuel Macronek entzungor segituz gero zer nolako segida izanen duen mugimenduak.


2023ko martxoaren 23an - 16:59
Azken eguneraketa: 2023-03-24 09:16:26

Jendetsua izan da bederatzigarren greba eguna eta argi gelditu da erreforma pasa arren, jendea ez dela etxean geratzekoa. Baionako karriketan begibistakoa zen kexua, eta erreformak bezainbeste Frantziako Gobernuaren jarrera autoritarioak eta mespretxuak eragindakoa dela erran daiteke. Erretretarako adinari buruzko pankartak agergai baziren ere, gehienak ziren 49.3 artikuluaren erabilpenari edota bide demokratikoaren ukapenari buruzkoak.

Baionako manifestari bat, 49.3 artikuluari eta zentsura mozioari buruzko pankarta duela esku artean. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin.

Erretreten erreformari dagokionez, hasieratik baztertu du elkarrizketaren bidea Frantziako Gobernuak, eta jarrera horrek haserrea hauspotu besterik ez du egin –entzungor izaera hori ez duelako berria Emmanuel Macronek–. Urtarrilaren 19an izan zen lehen greba eguna, baina hasieratik sindikatuen ekarpenei begira elkor egon da gobernua eta azken urteetako mobilizazio jendetsuenak izanda ere, ez du karriken mezua entzun nahi izan.

Ondotik etorri da Parlamentuan ere bozketarik gabe, Konstituzioko 49.3 artikuluari esker erreforma pasa izana –haserrea hauspotzeko osagai ezinhobea–. Azkenik, martxoaren 20an zentsura-mozioa doi-doietarik onartu ez izanari inolako kontsideraziorik bideratu ez izanak areagotu du herritarren artean mespretxatua izanaren sentsazioa. 287 boto behar ziren gobernua botatzeko eta LIOT talde zentristaren mozioak 278 boto jaso zituen. Bederatzi botorengatik ez da erori gobernua eta horrek argiki erakusten digu Emmanuel Macronen ingurua geroz eta bakartuagoa dela.

Baina, hala eta guztiz ere, bereari segi jarraitzen du Macronek. Hitza hartu zuen martxoaren 22an, TF1 eta France 2 kateen bidez elkarrizketa eskainiz: "Zundaketen eta herriaren interesaren artean, herriaren interesa aukeratzen dut; eta berdin dio fama-ezaren zama pairatu behar badut". Azkenean, ez du ezer galtzekorik: Frantziako legediari segi bi agintaldi baino gehiago ezin ditzake egin presidenteak, hots, Macronek ezin du berriz aurkeztu eta dirudienez, berdin zaio herritarrei bizkarra erakutsiz eta bakarturik egitea aitzina.

Erantzunak gogortuz: blokeoak eta barrikadak

Sindikatuek baturik segitzen dute, eta ikusteke dago zer nolako segida emanen dioten mugimenduari. Martxoaren 23 honetan jendetza batu da hiri ezberdinetan –Parisen 800.000 manifestari arratsalde honetan, CGT sindikatuaren arabera–. Baionan ere 23.000 lagun elkartu dira antolatzaileen arabera, eta 9.000 polizien kontaketari segi. Erreforma pasa izanak eta 49.3 artikuluaren erabilpenak sua piztu dute eta orduz geroztik barrikada eraginkorrak daude Frantziako hainbat hiritan. Orain arte ez bezala, Baionan ere egon dira suteak eta poliziei zuzendutako objektu jaurtiketak.

Parisen dituzte kale borroka intentsoenak –eta paretik errepresio bortitzena–. Martxoaren 23 honetan ere giroa bero-bero dute:

Blokeoen estrategiak ere badauka bere lekua, eta martxoaren 20az geroztik –hots, bozketarik gabe erreforma pasa izanaz geroztik– autobide, garraio zerbitzu zein bestelako hainbat puntu estrategiko dituzte blokeaturik.

Iazko udazkenean bezala, oraingoan ere petrolio-findegiek dute blokeorako ahalmen inportanteena. Asteburuan jarri ziren greban –zazpi findegietatik lau dira geldirik– eta jadanik sentitzen dira eskasia eta gobernuaren partetik kezka. Baina hor ere, errekisizio-prozedura aktibatu dezake gobernuak, grebalari batzuei lanera itzultzeko manua bideratuz.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude