Ekainaren 22an Leka kaleko artegintza jaialdia egingo da Donostiako Kortxoenea gaztetxean. Graffiti, bandera eta buruberoki tailerrak; hitzaldiak eta Inoren Ero Ni eta Jupiter Jon taldeen kontzertuak hartuko ditu egitarauak.
Leka jaialdiak periferian eta periferiarako sortutako kaleko artegintzari egin nahi dio leku, "hiriaren periferia, pentsamendu originalez, bizipen errealez, maitasun, gorrotoz, atsekabez, erradikaltasunez beteriko espazioa delako", antolatzaileen hitzetan. "Periferiak egiten du posible pentsamendu independentea, gaztetxea, ez ohikoa eta arraroa. Karrika jaialdiak hauek guztiak batu, benetakoaren maitaleak gerturatu eta gezurraren maitale guztiak parte hartzera gonbidatzen dituelako".
Goizeko 10:00etan abiatuko da jaialdia, musika eta graffitiak uztartuko dituen DJ emanaldiarekin. Ordu berean hasiko dira tailerrak: su-itzalgailuak pinturaz betetzen erakusteko tailerra, goroldio graffiti tailerra, errealitate gehituari buruzkoa, bandera tailerra eta buruberoki tailerra egingo dira.
Arratsaldeko 16:30ean mundu osoko ekintza artistiko esanguratsuenei buruzko hitzaldia izango da. Ondoren bi proiektu aurkeztuko dituzte: City Hunter eta IBB kolektiboaren Situazionismoa eta beste arrarokeriak.
Inoren Ero Ni eta Jupiter Jones taldeen kontzertua 21:30ean hasiko da.
Ekitaldia iragartzeko bi bideo egin dituzte.