"Lan gutxi egin behar dugu"

  • Olatukoopeko kide den Beñat Irasuegik hitzartze hau egin zuen ekainaren 26an Usurbilen, ekonomia sozial eraldatzaileko erakundeen Saretze Egunean. "Normaltasun berria hauxe izango da: indibidualizazio gehiago eta sumisio gehiago. Prest zaudete normaltasun berria onartzeko?" galdetuz hasi zuen hitzartzea.


2020ko ekainaren 30an - 08:54

Bideo laburra da eta merezi du osorik entzutea. Jarraian, bideoko ideia batzuk baizik ez ditugu jaso.

"Ez gaude bakarrik, hori da albiste ona. Baina kosta egiten da gure parekoak identifikatzea. Olatukoop hori ere bada, identifikatzea zein diren nirekin batera normaltasun berri hori nahi ez dutenak". Bizitza erdigunean jartzeaz asko hitz egiten den garai honetan, "bizitzen ari garen prozesua justu kontrakoa da, heriotza erdigunean jarri da. Hau da, gaur egun botere ekonomiko eta politikoek erabakitzen dute nork duen eskubidea bizitzeko eta nork ez. Hori nekropolitika da. Gu justu kontrako ibilbidean gaude: guk bizi nahi dugu eta erabaki nahi dugu nola bizi nahi dugun".

Eten eder baina laburregi hura

Irasuegik gogoratu zuen konfinamenduko lehen egunetan sentitu izan genuen sentsazio iragankor hura: Etenarena. "Momentu batean fantaseatu ere egin genuen eten luze batekin. Eten eta gelditu dadila hau, eta gero ikusiko dugu zer egin. Baina eten hori ere ez digute utzi, eta eten behar dugu sistema hau, denok sentitu dugu horrela ezin dela bizi, eta egin arazi nahi diguten bizitza ere ez da bizigarria". Eten zertarako? "Bizitzeko eta gozatzeko".

"Bizitza harremanez eta komunitateaz gozatzeko"

Kooperatibagintzan tabua dena astindu zuen Irasuegik, bizitza zertarako den galderari erantzunaz: harremanez eta komunitateaz gozatzeko dela bizitza azaldu zuen, eta horretarako denbora behar dela, eta lan gutxiago eginda irabazi behar dela denbora... "ez dugu lortzen eta lan asko egiten dugu gauzak aldatu nahi ditugulako, baina lan gutxi egitea edo lanik ez egitea eta gozatzen dugun horretan lan egitea eskubide izan behar da, hori da guk lanaren burujabetzaz ulertzen duguna: nahi dugun horretan nahi dugun denboraz lan egitea, denbora izateko".

"Zergatik egon dira eskolak martxan? Egon behar zuten? ez zen hobe hasieratik iraileraino etetea? Horrek eraman du etxeetan rodillo martxan izatera eta harremanak erretzera".

"Kontziliazioa gezur handi bat da"

"Kontziliazioa ezin dugu onartu" adierazi zuen, "kontziliazioa onartzeak esan nahi baitu onartzen dugula bizitza eta lana bateraezinak direla, eta behar ditugula tresnak bateraezina den hori bateratzeko. Gure buruari tranpa jartzen ari gara eta muga oso itxia, harago joan behar dugu".

Mutualismoaren aldeko defentsa egin zuen bukatzeko: "Etorkizunean, zaintza beharrak ditugunean, etxera eramango dugu berriz arazoa, familietan ezkutatzeko? Erronka komunitario handia dugu zaintzan: gai izango gara 20 urte barru zaintza komunitario-publiko indartsu bat izateko?".

"Bakoitzak bere ahalmenen arabera, bakoitzari bere beharren arabera"

Beste mundu ikuskera bat duenez, Olatukoopek diskurtsoa plazaratzen ere lan egin behar duela adierazi zuen eta ARGIAk Argia Jendearekin duen filosofia dela bere ustez oinarria: "Bakoitzak bere ahalmenen arabera, bakoitzari bere beharren arabera. Eman dezagun bakoitzak ahal duguna momentu bakoitzean eta eskatu dezagun behar duguna, baina alor guztietan eta modu kolektiboan, harako bizardun ezagun hark zioen moduan".

"Ziurtasun beharraz baliatzen den nekropolitika"

Ziurtasunak guztiok behar ditugula baina nekropolitika horretaz baliatzen dela azaldu zuen Irasuegik: "Ziurtasunik ez dagoenean ziurtasun faltsuak sortzen ditu, autoritarismoa eta ildo politiko oso arriskutsuak indartzeko. Guk eman behar ditugu ziurtasunak, baina guk eraikitakoak, eta hor dago erronka. Ziurtasun berri horiek identitarioak eta materialak izan behar dute, bietatik behar da".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude