ARGIAk eta Koldo Izagirrek asteazkenean aurkeztu dute 'Zaldi bat ihes garrezko zelaian' liburua, euskal prentsak 1869 eta 2000 urteen artean ekarritako zenbait kronika gogoangarri biltzen dituena. Izagirrek egin du testuen hautaketa, eta Gorka Bereziartuak liburuaren hitzaurrea idatzi. Biek hartu dute hitza Donostiako Udal Liburutegiko aretoan emandako prentsaurrekoan.
Kronika “genero hibridoa” dela esan du Izagirrek: “Ez dago fikziorik, baina zentzu artistiko batetik idazten da. Informatzea ez da garrantzitsuena, informatzeko forma baizik; eta kazetariari eskatzen zaion objektibotasuna, hoztasuna, ez inbolukratzea... apurtu egiten da. Ikuspuntu pertsonaletik egindako lanak dira, kazetaritzaren alderdi literarioa”.
Izagirrek azaldu du kazetaritza sortu aurreko generoa dugula kronika, XIV-XV mendeetan bazirela jada, ahozko transmisioari tiraka: “Gurean, kronikak bigarren hibridotasun bat du, idatzia bezain kantatua izatea”.
Kroniken balio literarioa hizpide hartuta, egileak esan du "400 liburu txarrek" ez dutela literatura bat sortuko, "baina hogei kronika xumek literatura bat abiatu dezakete". Ez du sobera azalpenik eman Izagirrek, nahiago izan du testuetako pasarte batzuk irakurri, Donostiako Udal Liburutegian bildutakoen gozagarri. Besteren artean, Mikaela Zarrana, Martin V. Bizkailuz, Jean Pierre Duvoisin, Jean Elizalde, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Xipri Arbelbide, Joxemi Zumalabe, Ramon Saizarbitoria, Itxaro Borda eta Kirmen Uriberen testuak topatuko ditu irakurleak liburuan. 89 titulu, orotara: "89 bidaia leku desberdinetara eskaintzen ditu liburuak, billete bakarra erosita".
Juan Luis Zabalari eskerrak eman dizkio Izagirrek, liburuan bildutako kroniken ortografia gaurkotzen eta gaur egungo irakurleari egokitzen hartutako lanagatik.
"Harribitxi sorta ederra"
Editore lanetan ere aritu da Gorka Bereziartua; bere hitzetan, “luxua” izan da prozesuan parte hartu eta “harribitxi sorta eder hau” irakurtzeko aukera izatea. Azaldu du 2009ko urtarrilean hasi zela liburua mamitzen, ARGIAk 90 urte bete behar zituenean. Urteurrenaren harira prestatutako inaugurazio-ekitaldian, Hernanin, euskal prentsaren historiaz hitzaldia eman zuen Izagirrek. Hura izan zen lehenbiziko harria.
Bereziartuak hitzaurrean dio: “Agertu da azkenik liburu hau, zeinean prentsaren helburu informatiboak ohi baino leku handiagoa uzten dion idazketaren alde adierazkorrenari. Emaitza literarioa da, periodistikoa bezainbeste. Hor inguruan ibiltzen baita kronika, inorena ez den urbitarte batean, aingira bezain iheskor, identifikatu nahi dutenentzat papergabe, beti sasiko: subjektiboegia da kontu humanoak kontzeptu zurrunetan lotuta nahi dituztenentzat; eta lokatz gehiegi dakar beti, literatura bulegoetatik kanpo imajinatzeko zailtasunak dauzkatenentzat. Identifikaezintasun horretan aldarrikatu behar da, inoren generoa ez izateari esker darion askatasunean”.
Azken mende eta erdian etengabe baliatu dute euskaldunek kronika, Bereziartuaren hitzetan: “Gerran ikusitakoak eta bizi izandakoak azaltzeko; deserriratzearen berri emateko; barrenak askatzeko; edo besterik gabe, anekdotaren bat kontatzeko. Tradizio luzekoa izan arren, behar bezala prestigiatu gabe daukagu”.
- Zaldi bat ihes garrezko zelaian liburua ARGIAren webgunean duzue eskuragarri. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzaz argitaratu da liburua.
Suizidioaz informatzeak lagundu diezaieke pentsamendu suizida duten pertsonei, baina horretarako egoki informatzea funtsezkoa da, tabu honen inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden... [+]
Hedabideek egin zuten eskaera: kazetari euskaldunak falta dira Ipar Euskal Herrian. Hiru unibertsitateren arteko elkarlanari esker, Baionan eskainiko dira ikasketak, eta praktikak eta ikasketak aldizkatuko dituzte bi urtez.
Interneteko bilatzaileak iraganeko kontua izango dira laster, eta aurrerantzean dena omen dakien orakuluari galdetuko diogu, adimen artifizialari, baita inguruan eta nazioartean gertatzen denaz informatzeko ere. Zer suposatuko du horrek eta zein rol jokatuko dute hedabideek... [+]