ARGIAko Jenofa Berhokoirigoinen artzaintzari buruzko erreportajea, Rikardo Arregi sarien finalista

  • Artzainen egunerokoa "molde bizi eta zinez interesgarrian" jaso duela baloratu du epaimahaiak, eta kazetaritza sariaren finalista da, Goiena, Baleuko eta Berriarekin batera. Komunikazio saria ere banatuko dute azaroaren 26ko ekitaldian, eta ohorezko saria Jakoba Errekondori emango diote.

Jenofa Berhokoirigoin ARGIAko kazetaria. Dani Blanco - ARGIA Fototeka

2025eko azaroaren 5ean - 10:13
Azken eguneraketa: 2025-11-26 10:42
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik izendatu dute kazetaritza sariaren finalista Jenofa Berhokoirigoin ARGIAko kazetaria. Baxenabarre eta Zuberoan uda mendi etxoletan pasatzen duten hainbat artzainen egunerokoa biltzen du artikuluak, eta beraien lanbideaz eta mendiko biziaz dituzten gogoetak, kezkak eta ametsak jaso ditu bertan Gamarteko (Nafarroa Beherea) kazetariak.

Hauek dira zortzi kidek osatutako epaimahaiak emandako argudioak, finalista gisa hautatzeko: "Etengabe aldatzen doan mundu baten inguruko erreportaje multi-ahostuna eskaintzen digu Argiako orrialdeetan. Aldatzen ari da eta gainera feminizatzen. Beti geldoa eta ohiturazkoa irudikatzen dugun artzaintza du aztergai, molde bizi eta zinez interesgarri batean. Elkarrizketa ezberdinen bidez, lurrik gabeko artzainen mendiko bizipenak, kezkak, plazerak agertzen dizkigu, ustez ezagutzen dugun -gehienbat idealizatzen duguna- baina funtsean arras ezezagun zaigun artzainen egunerokotasuna partekatzeko. Hizkuntza sotil eta gozo batean dago idatzita artikulua, ez gara galtzen, alderantziz. Bortuetako ofizio batekiko begirada ezberdina bideratzeko baliosa den artikulua".

Kazetaritza sariaren gainontzeko finalistak hauek dira: Goiena, Datuetatik tiraka saioagatik; Baleuko ekoiztetxea, Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea saioagatik; eta Nagore Arin, Berrian eginiko Boiseko Jaialdiari buruzko dokumental eta kronikagatik. Komunikazio sarietako finalistak, aldiz, beste lau hauek dira: Elhuyar, Zurrunbiloa proiektuagatik; Ulu Media, ULUA hedabide digitalagatik; GUKA, Erdalduntze makina kanpainagatik; eta on.eus ataria.

Zortzi finalisten artetik bi Rikardo Arregi sari banatuko dira, kazetaritzarena eta komunikazioarena, eta irabazle bakoitzari bederatzi mila euro banatuko dizkiete. Sari-banaketaren ekitaldia azaroaren 26an izango da Bastero Kulturgunean (Andoain). Gainerako finalistekin batera, Jakoba Errekondori Rikardo Arregi sarien ohorezko mugarria emango diote, baratzearen inguruko jakintzaren dibulgazioan egindako lanagatik, besteak beste, ARGIAko Bizi Baratzea proiektuan


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Eguneraketa berriak daude