ARGIAk liburu berria argitaratu berri du apirilean: Zaldi bat ihes garrezko zelaian, euskal prentsak ekarritako zenbait kronika gogoangarri (1869-2000). Koldo Izagirre arduratu da euskal kronikagintzaren antologia honetarako bilduma lana egiteaz. Edizio honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntza izan du. Honen harira, eskaintza daukagu: Apirilaren 17tik 23ra arte, liburuaren egunera arte, ARGIAko kide egiten direnek opari jasoko dute etxean. ARGIA milaka laguneko komunitateak eusten du ekonomikoki eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta halako proiektu gehiago egin ditzakegu, horregatik nabarmentzen dugu ARGIAkoa egitearen garrantzia. Jarraian duzue Gorka Bereziartuak idatzi dion hitzaurrea.
2009ko urtarrileko arrats bat. ARGIAk 90 urte bete behar zituen, urte osoan ospatuko genuen, saltsa ugari prestatzen ari ginen Euskal Herrian barrena. Hura genuen inaugurazio-ekitaldia, Hernanin, ordurako batere katolikoak ez ziren kontuetarako erabiltzen zen Milagrosa kaperan: euskal prentsaren historiaz, Koldo Izagirre.
Agian atzera begiratze horrekin, aurrera egin nahi genuen. Etorkizunerantz hegaldatu, baina bizkarrez, pasatakoak ahaztu gabe. Paul Kleeren Angelus Novus koadroa. Walter Benjaminen “historiaren aingeru” hura. Halako zerbait.
90 zenbaki borobila da, baina urte kontuez ari bagara, zerbait falta zaio. Mende izan nahi eta ezina dirudi. Urteurren inperfektua ospatzekoak ginen, beharbada ez geundelako erabat seguru aldizkaria mendeurrenera eramatea lortuko genuenetz, halakoa baitzen umore soziala orduan ere: kapitalismo globala larri zebilen, suteak itzaltzeko armak eskuan –artaziak, negar-gasak–, eta hainbeste kazetari bidaltzen zituzten astero langabeziara, ez baitzirudien oso errealista salbatuko ginela pentsatzeak. Ikusi genituen transatlantikoak hondoratzen. Langileok lemazain bakar gintuen intxaur-oskol batean egin genion aurre ekaitzari.
Kontu hauek gogora ekartzeko bi arrazoi daude. Lehena, hitzaldi haren eragina: batzuk egun hartan entzundakoei esker ikasi genuen ez geundela bakarrik, gure larritasunean lagun genituen lehenago asmo berarekin eta gureak baino bitarteko eskasagoekin aritutakoak. Asmatuko genuen zerbait. Eta bigarrena, hitzaldiaren edukia bera: han irakurritako zenbait artikulurekin liluratuta gelditu ginen ARGIA egiten genuenok.
Ez baikenituen ezagutzen, ez testuak, ez haien egileetako asko. Ez genekien zenbat, noraino idatzi zuten gure aurrekoek. Ez genekien euskal prentsaren hemeroteka iraganeko geroaldian idatzita dagoela, historia ez dela errepikatzen, baina errima ederrak dauzkala gaurko egunekin.
Baina zergatik ez genekien? Gure kazetaritzaren historia kontatzen hasten garenean, gutxi begiratzen diogulako argitaratu diren testuei. Eta testurik gabeko prentsaren historia, prentsarik gabeko historia-testua da.
Hitzaldiaren ostean agertu zen liburu hau egiteko ideia, Xabier Letonaren eta Izagirreren arteko solasean –memoriak huts egiten ez badit Kale Nagusiko Oindi tabernan–. Ideia hura hainbeste urteren ondoren bakarrik burutu ahal izan badugu, gurea da errua, noski: sosegu askorik gabe bizi da kazetaria, munduarekin pultsu etengabean; aurreikuspenak behin eta berriz puskatzen dizkio egunerokoak, beti orain izan behar duen zurrunbiloak darama, gaur argitaratutakoak bihar ez du inporta. Derrigor aurrerantz jo behar horretan, geroko geratzen zitzaigun bilduma hau osatzeko enkargua egitetik inprimategirainoko prozesu guztia abian jartzea.
Beti egitekoen zerrendan. Ederra litzateke ba. Beti hurrengo urterako. Azkenik hemen daukagu.
Eta eskerrak, lanak amaituta irakurleari aurkikuntza bat baino gehiago eskaintzeko moduan baikaude: euskal prentsaren produkzio atergabea, haren ekoizleek behar bezala baloratzeko astirik ez duten hori, merezi duen arretaz irakurri du Koldo Izagirrek. Eta urtetan artxibategietako ilunpean egon den testu eder mordoxka bat berreskuratu digu horri esker.
Agertu dira asko ezagutzen ez genituen kronikariak; baita luma ezagunak izan arren, kronikari bezala irudikatzen ez genituenenak ere. Agertu dira norabait garamatzaten artikuluak: Txinara, Ameriketara, Frantziara, Aljeriara, Andaluziara, Friburgora, Itsasora, Mendira, Kartzelara, Urkamendira, Bidaiara, Lantegira, Mitinera, Erromeriara, Pilotara, Boxeora, Ehizara, Hilerrira, Ekaitzera, Gernikara, Etxera, Elurretara, Festetara, Epaiketara.
Agertu da giza-talde baten modernitaterako bidea, hitzez hitz ibilia. Agertu da azkenik liburu hau, zeinean prentsaren helburu informatiboak ohi baino leku handiagoa uzten dion idazketaren alde adierazkorrenari. Emaitza literarioa da, periodistikoa bezainbeste. Hor inguruan ibiltzen baita kronika, inorena ez den urbitarte batean, aingira bezain iheskor, identifikatu nahi dutenentzat papergabe, beti sasiko: subjektiboegia da kontu humanoak kontzeptu zurrunetan lotuta nahi dituztenentzat; eta lokatz gehiegi dakar beti, literatura bulegoetatik kanpo imajinatzeko zailtasunak dauzkatenentzat. Identifikaezintasun horretan aldarrikatu behar da, inoren generoa ez izateari esker darion askatasunean.
Azken mende eta erdian etengabe baliatu dute euskaldunek: gerran ikusitakoak eta bizi izandakoak azaltzeko; deserriratzearen berri emateko; barrenak askatzeko; edo besterik gabe, anekdotaren bat kontatzeko. Tradizio luzekoa izan arren, behar bezala prestigiatu gabe daukagu.
Ez ditugu nahikoa baloratzen Auspoa saileko liburu asko eta asko, euren testigantza-izaeragatik kronikatzat har daitezkeenak; gutxi irakurri ditugu Lehen Mundu Gerran Oxobik eta Zaldubyk idatzitakoak; autore literarioek kronikari gisa egindako lanak ere, nekez aipatzen dira.
Gauzak mugitzen hasten diren garaietarako literatura da kronika. 1960ko eta 1970ko hamarkadetan Zeruko Argia-n publikatutakoek, adibidez, islatzen dute genero honek gure letretan nolako garapena izan duen. Atzerrikoa eta aberrikoa, dena bestelako moldez kontatuko da orduz geroztik, berdin ari zaizu liburu hau New Yorkeko txapelaz, Friburgoko munduaren maiteminaz, Getaria eder, triste eta sufrituaz, Larraitzen egindako Woodstock euskaldunaz, ustez burges eta ustez espainolista zirenen arteko afaritako poesia txarraz –historiaren errimak, sarritan kontsonanteak–. Asmo hori izan ez bazuten ere, fundazionaltzat jo daitezkeen testuak dira, gazte inkonformista haien bitartez mundu-ikuskera berri bat gure artean nola hedatu zen erakusten baitute.
Geroagoko zenbait kronika-liburu ere berriz gogora ekartzeko unea iritsi da agian: 1990eko hamarkadatik aurrera kazetari-idazleek –edo idazle-kazetariek– argitaratutakoak, esate baterako. Garbiñe Ubedaren Negu Gorriak: Ideia zabaldu tour 95 ederrarekin Susa argitaletxeak irekitako bideak sorta gogoangarria ekarri zuen atzetik: Su-etena Belfasten (Imanol Murua eta Humberto Unzueta), Zapataren oihana (Iñigo Aranbarri), Mandelaren Afrika (Juanjo Olasagarre), Ez zaigu ahaztu (Alberto Barandiaran)... Gerora ere, bolada batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, kronika beti berragertzen da, kantatzeko zerbait daukanaren bertsoan ez bada, zapata gogorreko idazkeraz nekatu denaren oin hutseko dantzan.
Bizitzaren martxari egokien lotzen zaion kontamoldea delako, beharbada. Lekuko izan denaren hizkera darabilelako, noski; aldi berean jaso dezakeelako datu hotza eta momentuko emozioen usaina. Iritzia, informazioa, analisia eta narratiba ematen dizkizulako, denak batera; eta objektibotasun-pretentsioen aurrean erakusten dizulako idazten duena haragiz egina dagoela.
Bestelako materialez fabrikatutako gailuren batek agian idatziko ditu bihar edo etzi kazetaritza gisa leitu beharko ditugun piezak. Kronikak, ordea, guk idatziko ditugu gero ere, duela mende batekoak eskribitu ziren bezala. Makinak irentsi ezin duen generoa da, bihotza idazteko eskatzen dizulako. Eta makinak ez du bihotzik. Bereterretxeren kantoria-n –gure lehen kronika?– aipatzen den haltzak ere gabezia horixe zuen. Kontatzea merezi duen guztia kontatzen jarraituko dugu, beraz.
ESKAINTZA BEREZIA: Apirilaren 17tik 23ra ARGIAko kide eginez gero, etxean opari jasoko duzu liburua.
