Deigarria egin zaigun aurkikuntza arkeologiko batekin hasi dugu saioa. Mina tratatzeko landarerik antzinakoena aurkitu dute Tafugalten, Marokon, egindako indusketetan. Ephedra (Ephedra sinica) da sendabelarra eta prehistoriako medikuntzaz, hau da, duela 15.000 urte egiten zen medikuntzaz hitz egiten du. Gaur egun ere erabiltzen dugu eta oso antzeko erabilerak ematen dizkiogu, hori da bitxiena (edo ez). Efedrina gaur egun anestesiatik esnarazteko erabiltzen da, kirurgia ondorenean, tentsioa igotzen baitu. Asma tratatzeko ere erabili izan da eta hortik abiatuta erabilera txarrak ere eman izan zaizkio, kirolean adibidez. Nature aldizkarian argitaratu den albiste honi buruz gehiago jakiteko hona esteka.
Gaurko sendabelarra albaka (Ocimum basilicum) da. Albaka ezberdinei buruz aritu gara. Genovakoa (Ocimum basilicum Genovese) eta albaka sakratua (Ocimum sanctum) izan ditugu hizketagai, tulsi bezala ezaguna dena. Izan ere, 2025eko abuztuan albaka anitzei buruz Pubmed argitalpenean argitaratu den artikulu biziki interesgarria ekarri nahi izan dugu. Neuro endekapenezko gaitzak eta gaitz neuronal kronikoak, alzheimerra batez ere, izan dira sendabelarraren erabilerarekin batera ikergai izan dituztenak. Ikertutako sei albaka espezieei osagai fitokimiko ezberdinak aurkitu zaizkie, nahiz eta gaitasun antioxidatzaile eta neurobabeslea denei aitortzen zaien. Flabonoideak, osagai fenolikoak, olio esentzialak eta beste hainbat osagai dituzte, modu sinergikoan lan egiteko gai direnak, baina denen artean tulsi edo albaka sakratua izan da azpimarragarriena. Hemen duzue Ikerketa.
Gaurko gomendioa albaka bera izango da. Etxean landatzea nahi genuke hasteko, Euskal Herrian ondo hazten delako. Non erosi dezakeen jakin nahi duenak idatzi diezagula eta bidaliko diogu informazioa: mendabikoitza@argia.eus. Sukaldean eta botika gisara nola erabili landu dugu. Hartara, modu batean zein bestean erabilita, gure egunerokotasunera ekarriko dugu sendabelar hau.