"Konfinatuta geratu behar badugu, babesa emango digun politika soziala behar dugu"

  • Nahia Idoiaga (Bilbo, 1985) psikologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. 2016an bere tesia aurkeztu zuen: "Azaleratzen ari diren gaixotasun infekziosoen irudikapen sozialak: ezagutza zientifikotik eguneroko pentsamendura. Eragina komunikabideetan”. Pandemiek gizarte baten osasun emozionalean nola eragiten duten aztertu du Idoiagak. Orain, koronabirusaren krisia euskal gizartea nola bizitzen ari den aztertzen duen ikerketa batean parte hartzen du. Berarekin hitz egin dugu WhatsAppeko audioen bidez, bere umeekin borrokatzen duen bitartean.


2020ko martxoaren 26an - 17:37
Argazkia Nahia Idoiagak utzia da.

Elkarrizketa honen jatorrizko bertsioa Andrea Momoitio kazetariak egin eta argitaratu du Pikara Magazine aldizkarian, gaztelaniaz. Artikulua euskarara ekarri dugu ondorengo lerroetan.

Badakigu kazetariek pandemiei buruzko informazioa ematen? Zein gako hartu beharko genituzke kontuan?

Kazetariak nortzuk diren zehaztu beharko litzateke. Aztertu ditudan beste pandemietan, hedabideen emana oso kritikatua izan da biztanleen aldetik. Hedabideez ari gara hitz egiten, eta badirudi ente bakarraz ari garela, baina, gaur egun, jada ez da horrela. Badira oraindik hedabide handiak, baina baita beste modu batean lan egiten ari diren pertsona asko ere. Manipulazio handia dagoela uste dute herritarrek, eta, pandemia honetan, bonbardaketa mediatikoaz asko kexatzen ari dira, baina hari muturrei begiratu behar zaie. Informazioz gainezka gaude, eta ez dakigu ondo nork informatzen duen. Telediarioko kazetariak? ‘Fake news’-ak sortzen dituzten pertsonek? Guk informazioa birbidaltzean?

Nola eragiten ari zaigu hainbeste bonbardaketa?

Egunotan, antsietatea edo depresioa duen jendeaz harago, bere bizitzan beherakada bat izan duen edonor, banantze bat, honekin zerikusirik ez duen gaixotasun bat, une zaurgarri bat, dena delakoa, askoz okerrago dago. Txinan hori kontuan hartu zen. Handik datozen azterketek diotenez, hasieratik jarri zituzten martxan laguntza psikologikorako telefonoak. Hemen laguntza hori ez da modu berean gauzatzen ari, edo ez da sistematizatzen ari. Politika sozialak behar ditugu. Etxean konfinatuta geratu behar badugu, babesa emango digun politika soziala behar dugu. Aurreikuspen instituzional bat egon beharko luke jende ahul guztiarentzat: depresioa duten pertsonak, bai, baina baita adinekoak edo bakarrik bizi direnak ere, agian norekin hitz egin ez dutenak. Oso tristea da norekin hitz egin ez izatea. Pertsona horiek, kutsatzeko eta bakardadean hiltzeko beldur askoz handiagoa dute.

Hedabideen onura publikoko funtzioari erantzuten al dio etengabe gertatzen ari denaren berri ematen aritzeak?

Informatzea garrantzitsua da, baina beste gauza asko ere garrantzitsuak dira. Koronabirusari buruzko programak bakarrik ez genituzke izan behar. Ihes egin behar dugu, beste gauza batzuei buruzko informazioa izan behar dugu. Lehengoan kazetari batek esaten zuen ez zela erraza konfinamenduaren beraren ezaugarriengatik beste era bateko informazioa egitea, baina, kazetaritzan prisma jartzeaz harago, gugan jar dezakegu. Egun osoan honetaz hitz egiten ari bagara, honi buruzko programak ikusten, igual gure osasun mentala kaltetuko da. Isolamendu-bizitza honetan ere arnasa hartu behar dugu.

Gainbehera ekidin daiteke?

Ez dugu inoiz horrelako egoerarik bizi izan. Beste epidemietan ere informazio asko jasotzeaz kexatzen zen jendea, baina orain sare sozialek rol garrantzitsua jokatzen dute. Ez dakit saihestu daitekeen, baina bai filtratu edo ez filtratu, entzun ala ez entzun, irakurri ala ez irakurri. Orain egiten ari garen ikerketan, kronikoak ez diren antsietate mailak aurkitu ditugu gazteen artean, baina bai adinekoen artean baino handiagoak. Azalpenetako bat audioen, mezuen, eta horien artean, jasotzen duten fake news kantitatearekin lotuta dago. Erabateko bonbardaketa dute sare sozialetan. Egoera hau kaka hutsa da, baina hemendik ateratzeko, sareen bidez gizarteratu gaitezke, eta horrek salbatu egiten gaitu. Haien ongizate psikologikoa bermatzeko iragazkiak jartzen lagundu beharko genieke.

Zer gertatzen da sareekin?

Sare sozialak bi korronte sortzen ari dira. Alde batetik, oso kritikatuak dira fake news direlakoen fenomenoagatik, ez baitigute uzten ezta arnasa hartzen ere, baina, era berean, konfinamendu egoeraren aurrean, erresilientzia tresna bat dira. Nire seme-alabek bideo-deiak egiten dituzte birramonarekin hitz egiteko. Pertsonak izaki sozialak gara, eta sozializatzeko beharra dugu. Sareak bizitza handia ematen ari dira. Gero, kontuz ibili behar da postureo sozialarekin. Orain, etxean. Badirudi hemen primeran gaudela, neska-mutilak beti entretenituta daudela, 400 metro koadroko terrazak ditugula, eta badirudi gaizki dagoela esatea konfinamenduaren kontu hau kaka hutsa dela. Bai, alde ona atera diezaiokezu, baina kaka hutsa izaten jarraitzen du. Ni, adibidez, lehen egunetan izugarri haserretu nintzen famatu eta ospetsuen irudiekin, #YoMeQuedoEnCasa esanez. Ulertzen dut haiengana jotzea, jendeak jarraitzen dielako, baina ni ere beren etxeetan geratuko nintzateke, igerilekuarekin eta terrazarekin. Hau da, gutako gehienen konfinamendua askoz ere murriztaileagoa da, eta ondorioz, askoz gogorragoa, eta ezin da fribolizatu. Jende arruntarentzat, etxe normaletan bizi garenontzat, putada bat da. Inor ez dago gustura konfinamendu behartuan. Kexatzeko eskubidea izan beharko genuke.

Zeren beldur gara?

Bitxia da; izan ere, orain egiten ari garen ikerketetan, beldurra infekzioari lotzen zaio, baina, batez ere, adinekoak eta pertsona ahulak dira beldur. Alabaina ondorio ekonomikoez ere aparteko beldurra dago.

Erakusten ari diren irudiek beldur handia sortzen dute. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako irudiak ikusi ditut, uste dut Italiakoak, izua ematen dutenak, baina gutako gehienek ez dute inoiz ZIU bat ikusi, eta ziurrenik, guztiek beldurra ematen dute. Hori bai, beldur irrazionalak ez gaitu ezertara eramaten. Mediku eta epidemiologoek diote herritar gehienak kutsatu egingo garela, baina katarro moduan edo asintomatiko pasatuko dugu. Egia da, ordea, kontuan hartu behar dugula sistemaren kolapso bat egon daitekeela, guztioi kalte egingo diguna.

Beldurra dago, baina baita kontuan hartu behar ditugun eta hainbeste aipatzen ez ditugun beste emozio batzuk ere, haserrea, alegia. Haserre gaude agintariek ez dutelako beharrezkoa dela uste dugun guztia egiten, ez dutelako maila ekonomikoan edo sozialean kudeatzen; hedabideekin haserretzen gara, zapaltzen gaituztelako. Beste batzuetan, emozionalki nekatu gara; esan baitziguten sekula iristen ez zen otsoa etorriko zela. Orain, badirudi hemen dagoela, baina nekatu ere egin gaitezke. Nekatzen bagara eta haserretzen bagara, ziurrenik joera izango da murrizketak ez betetzea eta horrek ondorio larriak izan ditzake; beraz, hobe da aldez aurretik herritarren ongizate psikologikoa lantzea.

Gizonek eta emakumeek desberdin bizi al dugu egoera?

Emakumeek beren emozioak gehiago adierazten dituzte, baina horrek ez du esan nahi emozio mailan beraiek hobeto daudenik. Gorde egiten dute, besterik gabe. Bai. Uste dut faktore bat ez dela kontuan hartzen ari. Emakume batzuen lanak errazago egokitu daitezke telelanera, eta ezin denean, asko lanaldi murrizketak edo eszedentziak eskatzen ari dira, zaindu ahal izateko. Hitz egin beharko genuke nor geratzen ari den etxean umeak zaintzen. Irteteko orduan ere, nor ateratzen da erosketak egitera? Oso desberdina da konfinamendu bat lanera ateratzen bazara ala etxean geratzen bazara. Nor ari dira arduratzen zainketez? Emakumeak. Ez dira liburua irakurtzen ari. Etxetik telelana egin behar dugu, horrek dakarren estuasun guztiarekin, eta gainera, egun osoz zaindu. Gainera, badirudi dena batera egin behar dugula. Ez dakit nondik nahi duten beso gehiago ateratzea. Gainera, telelanarekin badirudi gehiago amore eman behar dugula, lanean ari garela erakutsi eta exijentzia maila igo. Gaur bertan, nire ikasleek esan didate oso itota daudela agintzen dizkiegun zeregin guztiekin. Atzo, neskato batek, 10 urteko nire alabaren lagunak, gauza bera esan zidan. Agian honetan ere iragazi egin behar dugu. Aldi berean ari gara lanean eta zaintzen. Nahikoa da egunero iristen garenera iristea.

Nori botatzen diogu errua?

Epidemia, normalean, identifikatu dezakegun 'beste' batekin lotzen saiatzen gara. Ebola? Afrikarrak. GIB? Homosexualak. Pandemia garrantzitsuenetako bati 'Espainiako gripea' deitu zitzaion. Beti saiatzen gara ‘beste horiek’ aurkitzen, baina ezinezkoa da 'gu bezalakoak' diren jendearengan eragiten hasten denean, eta 'gu bezalakoak' honetan ordezkaritza bat bilatu behar dugu. Heroiak, biktimak eta bilauak aurkitzea da ohikoena. Heroiak, osasun langileak edo zientzialariak. Bilauak, agintariak, enpresak, komunikabideak, farmazia industria (azken hau gutxi agertu da, baina agertuko da). Biktimak, orain arte, kutsatutako pertsonak izan dira, baina orain ekonomia mailan ere edonor izan daiteke biktima.

Ikerketa horien gauza bitxia da agintariak ez direla ordezkatuta agertzen. Herrialdeko presidenteak aginte bakarra hartu du, etxean sartu gaitu, eta hala ere, koronabirusaz ari garenean, ez dira agertzen ez tokiko ez estatuko agintariak. Ez ondo, ez gaizki, ez erreferente gisa, haren esanei jarraitzeko. Badirudi ez direla existitzen. Hori planteatu egin beharko litzateke, erabiltzen ari diren komunikazio-estrategiak ez direlako oso eraginkorrak izaten ari. Normalean, osasun izurrite batean, agintariek rol positiboa izan ohi dute hasieran, gidariena, eta aurrerago, negatiboagoa. Orain lehen rol positibo hori ere agertzen ez bada, ikusi beharko da nola amaitzen den hau.

Komunikazio mailan, aurreko ikerketetako batean agertzen zitzaigun jendea oso kritikoa zela komunikabideekin, ulertzen zutelako ematen zuten informazioa norabide bakarrekoa zela, saltzen ari zirela, agintariek eta industriak saltzen duten guztia bezalaxe. Horren aurrean, sare sozialak bi norabideko informazioa lortzeko aukera gisa kokatzen zituzten. Pandemia honetan hau funtsezkoa da. Hasieran kontraesan asko zeuden, eta horien aurrean, ez genekien non aurkitu erantzunak. Beno, orain agian ezta ere, baina etsi egin dugu. Esaten ziguten ez zela gaixotasun arriskutsua, baina eskolak itxi zituzten. Horrek antsietatea sortzen du, ez dugulako ulertzen zer gertatzen ari den. Kasu honetan, sare sozialetan komunikazioa eskuetatik joan zaigu. Jendea sudur puntan jartzen zaiona esaten ari da, ezer jakin gabe. Informazioaren aurrean iragazkiak jartzen ikasi behar dugu. Oso ondo legoke hitz egin aurretik geure buruari iragazkia jartzen ikasi ahal izango bagenu, baina agian zailagoa da hori.

Hau guztia ahaztuko dugu?

Uste dut honek betiko markatuko gaituela. Etorkizuneko belaunaldiei nola eragiten dien ikusi beharko da. Datozen urteetan kutsatzeko ezaugarri berdinak ez dituen izurriteren bat badago, neurriz kanpo erreakzionatuko dugu? Ez dakit zerbait anekdotikoan geratuko den edo hemendik aurrera izurriteen aurrean horrela erreakzionatuko dugun. Aukerarik onena ote den planteatu beharko litzateke. Ados, orain era bateko erabakiak hartu dira, baina epe luzera pentsatu beharko litzateke zer egin eta nola lan egin, bai epidemiologikoki, bai maila sozial eta psikologikoan, pandemien aurrean. Ez dut uste hain azkar ahaztuko zaigunik, eta agian balio izango du gaia ikuspegi holistikoago batetik azter dezagun, nola bizi nahi dugun birplanteatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude