ARGIA.eus

2021eko irailaren 23a

Komunitatea, nazioa, errepublika


Karmelo Landa @karmelolanda
2020ko abenduaren 21a

Euskal Herria bere osotasunean Errepublika libre eta demokratiko moduan antolatzea da herritar askoren nahia.  Aurreko batean apuntatzen nuen berton,  aurreko euskaldun belaunaldi bat indartsu saiatu dela nazio proiektu osatua diseinatzen, hainbat arlotan: izan oinarri etiko-filosofikoak edota teoria politikoa garatuz, izan hizkuntza eta kulturaren eremuetan plangintza bateratuak eskainiz, izan alderdi estetikoa bera etika sozialari elkarlotuz. Arkitektoek ez dute huts egin, nioen orduan, baina etxegileok ez dugu asmatu.

Akatsak zuzendu eta naziogintzan modu egokian bideari berrekin nahian, ari gara orain nazio proiektuaren fundatzaileen lana berraztertzen;  Aresti eta Azurmendi, bakoitzaren ekarpenean zein bien arteko elkarlanean, kasurako. Horretan gabiltzala, agertu zaigu bidera Joseba Sarrionandia bera, eta Joxe Azurmendiren kontzeptu kutun bat gogorarazi: herritxikitasuna.

"Euskaldunon populu honek badu erabakitasunetik eta kemenetik nahikotxo. Eta ez dugu, hala ere, gailur egiten. Zeren gabezian gaude?"

Herritxikitasunaren kalteak aipatu dizkigu Sarrionandiak, tartean, ez garela gauza izan estrategia kulturaletan elkartu eta batera jokatzeko. Eta hari horri jarraiki, hasi naiz errepasatzen gure komunitate honen garapenean azken mende erdian (erreferentzia bat hartzearren) bizi izan ditugun mugarriak: egunotan gogoratzen dugun Burgosko auzia eta hark ekarri zigun guztia; euskara batuaren sormen-prozesua; Durangoko azoka edota Korrika zein AEK; aspaldiko borroka antinuklearra eta euskal kostalde nuklearraren aurkako herri mugimendu garailea; Jakin, ARGIA eta Euskaldunon Egunkaria erditu zituzten herri-oldarraldiak; preso politikoen aldeko mugimendu zibilaren kateatze luzea; mugimendu feministaren olde indartsua; sindikatu abertzaleen ekinaldia edota kultur eremuetako sortzaile eta langileen emankortasuna pandemia/sindemia guztien gainetik; Euskaraldia... Eta ondorioztatu egiten dut, euskaldunon populu honek baduela erabakitasunetik eta kemenetik nahikotxo. Eta ez dugu, hala ere, gailur egiten. Zeren gabezian gaude?

Azter ditzagun, bada, esfortzu kolektibo horren ondorioz erditu diren erakundeak. Aldi bateko indar hori guztia lorpen iraunkorra bilakatzeko balio behar duten tresnak, hain zuzen ere: Euskal Telebista publikoa, sortu zeneko helburuen bidetik  doa?  Legebiltzarrak eta gobernuak, benetan lortzen dute euskaldunon nahia lege bihurtu eta finko egitea?  Euskararen lege desberdinek, kasurako, ematen diote euskarari oinarri sendorik gizartean garatu ahal izateko? Zein da euskal eremuetan nagusitu den komunikazio-sistema?  Eta unibertsitateetan, lortu dugu Euskal Herria subjektu zein objektu nagusi izatea zientziaren, arteen, jakintzaren arloetan?

Jendarte oso konplexua da gaur eguneko hau; elkarbizitza demokratikoa, ez beste ezer,  izan behar da giltzarri,  bizi gaituen komunitate aniztun honetatik  nazio demokratikoa sortu ahal izateko. Ekonomia, nahitaez sozioekonomia izan behar duena, helburu horretara abiatu beharko dugu. Egin ditugun saioetan, kooperatibak, kutxak, industria ereduak… norabide horretan doaz orain?  

Zer nazio mota nahi dugu? Zertarako nazioa? Sarrionandiak, Azurmendirekin elkarrizketa intelektualean, nazioa batez ere komunikazio espazioa dela diosku, eta komunikazio-komunitatearen definizioa dela  nazioaren beste edozein definizio baino funtzionalagoa. Hori onartzeko prest nago neu ere, komunikazio-komunitatearen ardatza, gaur egun ere, hizkuntza dela kontsideratzen badugu, eta presente dauden hizkuntzen ugalkortasuna gorabehera, gurean euskara dela territorio librea antolatzeko aukera bakarra. Euskal errepublika euskaldun aburuanitza.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Independentismoa

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude