PP Espainiako Konstituzioko 155. artikulua baliatzen ari da batean eta bestean mehatxuak egiteko: Lehenik Gaztela-Mantxan, bigarrenik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta azkenik Nafarroan. Lurralde honetako PPko presidente eta Parlamentuko bozeramale Ana Beltranek ondorengoa adierazi du hitzez hitz: "Kataluniako Gobernuaren jokabidea Nafarroara estrapola daiteke: bi gobernuek nahi dute gutxiengo batek nazionalista ez den gehiengo bat zapaltzea".
Hori adierazi du astelehenean, Nafarroako Parlamentua Katalunian 155. artikulua ezartzearen kontra azaldu denean.
"Onartezina da Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua martxan jartzea, PPren Espainiako Gobernuak bultzatua, monarkiak babestuta, PSOEk, Ciudadanosek eta UPNk lagunduta, Kataluniako autogobernua esku hartu du", jaso du Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek bultzatako idatziak.
"Kataluniari buruzko adierazpen instituzionalak legeekiko eta demokraziarekiko errespetu falta erakusten du, Espainiaren interes orokorren aurka doa, eta beraz, Nafarroaren aurka ere bai", adierazi du Beltránek. "Alarmista deitzen digute, baina froga argiak daude pentsatzeko Gobernu foralak, Barkos presidentea buru duela, Nafarroa desagertarazi nahi duela eta Euskal Herriko probintzia bat gehiago bilakatzeko", adierazi zuen.