Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoko kidea da Ixiar Gonzalez Gurrutxaga. Donostiako Udalak asteazkenean debekatu egin die behar dutenentzako otordu beroak eskaintzen jarraitzea. 18:00etan prentsaurrekoa deitu dute beren erantzunaren berri emateko. "Hiru aukera ditugu: dirudienez debekua soilik Egian denez, gune berri batean banaketa hastea; desobedientzia zibilaren bidez auzoan jarraitzea edo lanean ari garen auzoetako eskaintza indartzea".
2020ko azaroan, Donostiako zenbait bizilagunek udaletxe zaharreko arkupeetan zeuden pertsona batzuei zer behar zuten galdetu, eta afari bero bat nahi zutela erantzun zieten. Hori dela eta KAS egitasmoa sortu zuten. Taldearen jarduna da behar duen edonorentzat egunero otordu bero bat eskaintzea. Astelehenean, hilaren 21ean, KASen kontrako elkarretaratze bat antolatu zuten. Horrez gain, Donostiako Udalak jardun komunitarioarekin jarraitzea debekatu die. Debekuak debeku KASek ez ditu suak itzaliko. Ixiar Gonzalez Gurrutxagak, KASeko kideak, esan du gaur, hilaren 24an, dilistak jaso eta banatuko dituztela. Biharko boluntarioak ere prest dira kale egoeran dauden pertsonentzako hurrengo afari beroa prestatzeko.
Astelehenaz geroztik nola zaudete?
Ez dugu aukerarik izan denak aurrez aurre elkartzeko, baina mezuak trukatzen ibili gara. Astelehenean gure helburua zen afariak banatzea. Horregatik, elkarretaratzea 20:00etan zela jakin genuenean banaketa ordua aurreratu genuen. Adostu genuen ez ginela konfrontazioan eroriko eta ez genuen elkarretaratzearen kontrako elkarretaratzerik deitu. Horren ostean, debekua etorri zen, baina ez dakigu hori dela eta izan zen, edo aurretik pentsatuta zegoen.
Horrelako zerbait pairatzen duzuen lehen aldia da?
Banaketaren unean segurtasunaren izenean elkarretaratze bat egiten duten lehenengo aldia da. Hala ere, Lo que no te cuentan de Donosti Instagram taldea sortu zutenetik, KAS jomugan izan dute. Ekintzekin eta mehatxuekin erantzun dute, jendea jipoitzera atera dira eta afaria jasotzen dutenen atzetik joan dira. Oso lazgarria izan da.
Donostiako PPko hiru zinegotziek ere hartu zuten parte elkarretaratzean. Zer suposatzen du horrek?
Talde bezala ez dakit, baina niri pertsonalki politikan dabiltzan ordezkari batzuek horrelako gauzetan parte hartzeak sentiarazten dit gutxi espero daitekeela haietaz.
Ahoz jaso duzue debekuaren erabakia, baina ez dizuete agiririk eman. Orain arte nolako jarrera izan du udalak?
Lau urte hauetan lauzpabost bilera izan ditugu, eta guztietan jantoki sozial bat eskatu dugu. Elikadura eskubide hori betetzeko konponbide espezifiko bat dela uste dugu, baina hori baino haratago doa kale egoeran dauden pertsonekin egin beharreko esku hartzea. 200 lagundik gora daude kale egoeran Donostian, eta udalak dituen zerbitzuak ez dira nahiko horiei guztiei arreta emateko. Neurriak hartu beharrean kontrol soziala eta poliziaren presentzia handitu dituzte.
Beharbada, orain arte, jende askok ez zuen KAS ezagutzen; nola azalduko zenuke zer den?
Ekimen komunitario, kolektibo, ireki, parte hartzaile eta inklusiboa da. KASen helburua da kale egoeran dagoen orori egunero etenik gabe afari bero bat eskaintzea. Denborarekin eraikitzen ari garen ekimen eta ekintza komunitarioa da. Praktikaren bidez ekintza politiko bat egiten ari gara. Orain ikusten ari gara zein marko teoriko eta diskurtso politiko dagoen ekintza honen oinarrian, baina ez dugu gure artean definitu, praktikatik abiatu garelako. Ezin dugu ahaztu garrantzitsuena ekintza eta lan egiteko modua direla eta elkartasuna duela ardatz. gainera, autogestioan oinarritzen gara.
Donostiako Segurtasun zinegotzi Martin Ibabek adierazi du afariak debekatzeko “arrazoi bakarra eta esklusiboa inguru horretan gertatzen ari den segurtasun-arazoa” dela. Zer gertatuko da udalak alternatibarik ez badu eskaintzen?
Pertsona horiek gose handiago pasatuko dute eta segurtasunak gora egin beharrean behera egingo du. Gose zarenean eta ez daukazunean dirurik erosteko, zer egingo duzu? Afariak debekatuz beharra ez da desagertzen; areagotzen da. Lapurreten, istiluen eta bestelakoen errora joan, eta erantzun integral bat bilatu behar dugu. Afariak debekatzeak ez du konponbiderik ekarriko.
Adierazi duzue banaketarekin jarraituko duzuela. Nola egin diozue aurre debekuari?
Oraindik ikusten ari gara, orduan ez dugu erantzun zehatz bat. Momentuz daukagun informazioarekin hiru aukera daude: dirudienez debekua soilik Egian denez, aukera bat da gune berri batean hastea; desobedientzia zibilaren bidez auzoan jarraitzea edo lanean gauden auzoetako eskaintza indartzea. Aukera horietatik harago ez dakit.
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken... [+]
Bizi garen mundu frenetiko zein zorabiagarri honetan, pixkanaka gertatzen diren gizarte-aldaketak batzuetan antzemanezinak, garrantzirik gabekoak edo hutsalak direla iruditzen zaigu. Hala ere, ez da horrela, eta jakitun izan behar dugu tentuz jokatzeko. Horren adibide, azken... [+]
Europako Funts Sozialen ataletik Elikagaien Bankuetara bideratzen zuten urtero dirua eurek bidera zezaten janaria behar gehien duten herritarren artean. Aldaketa iritsi da kudeaketara orain: adin txikikoak dituzten familiei diru-txartelak emanen dizkiete produktuak erosteko. 130... [+]
EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]
Oxfam Intermon-en txostenak ohartarazi du planetak dituen erronka handienei, hala nola krisi klimatikoari, eta pobrezia eta desberdinkeria iraunkorrari aurre egiteko ahalegin globalak mehatxupean daudela. “Boterea ultraaberatsen eta megaenpresen eskuetan pilatzen ari... [+]
Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.
Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]
181 milioi haur inguru bizi dira egoera larrian eta gobernuz kanpoko erakundeak dio hilgarria izan daitekeen desnutrizio-motaren bat jasateko %50 aukera gehiago dutela. Desberdintasunak, gatazkak eta krisi klimatikoa dira arrazoi nagusiak.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.
Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.