Izar bat Rosalíarentzat

  • 1994ko Maité filmean (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala), Mikel Garmendia aktore handiak euskal kulturaren lerdokeria ariketa maitagarria gorpuztu zuen pertsonaia batean, Habanan Aro Bereziaren garaian girotuta. Garmendiak maisuki laburbildu zuen klixe bat, non zintzotasuna, inozentzia eta lanerako gogoa euskaldun-izaeraren funtsa gisa erakusten zituen. Hala, filmaren pasarte batean, funtzionario kubatar bat, Mikelen pertsonaiak prestatutako bi angula plater irentsi ondoren, kexu zen Colonek angulak Amerikara ekarri ez izanaz, eta horri gure aktoreak "noski, euskalduna ez zelako" erantzun zion.


2020ko urtarrilaren 14an - 11:03

Zoritxarrez, sektore politiko eta kultural askok, komediatik aldenduta, badirudi baliagarritzat jo dutela Elkanori ezarritako klixe mota hori, onartzeko, edo, behintzat, talkarik ez sortzeko, Mundu Biraren bosgarren mendeurrenaren ospakizunarekin.

Egia da mota guztietako erronkak ditugula aurretik, eta horiek aztertzeko beharra duela euskal ezker nazionalak, baina Espainiako eta EAEko eliteen kultura-diseinuaren aurrean soslaiz jartzea ulergaitza da, gutxienez.

Kultura inoiz ez da ezkerrarentzat bigarren mailako kontua, alderantziz; askotariko ikusmolde, balio eta sinboloak aurrez aurre jartzeko espazioa izan ohi da kultura. Balio batzuk defendatu behar dira eta, Mundu Bira 500-en kasuan bezala, beste batzuk ezbaian jarri beharrekoak dira diskurtso kritiko eta pedagogiko batekin, kultur programa propio eta herrikoi bat sortzearekin batera.

Testuinguru horretan pragmatismo politikoa praktikatzea ezkerraren akats larria da, bideak desegiteko modu bat da, non konstantzia eta irmotasunak bidaide izateari uzten dioten, balizko hauteskunde-emaitza onen bila. Hegemonia kulturalaren aldeko borrokan ez dago su-etenik, ezta bidezidorrik ere. Pragmatismo kulturala ispilu hautsien joko bat bihur daiteke, Shanghaiko Anderea filmean bezala, oso garesti ateratzen da, epe luzera, ezkerretik eraikitako emantzipazio nazionalaren proiektuaren kalterako.  

Zertarako balio dute hauteskundeetako garaipenen araberako inertziek, baldin eta kudeaketa, arlo horretan, ezberdintzerik ez badago EAJ, PSOE edo PPk egiten dutenarekin? Getariako Bilduren kudeaketa adibide garbia da: hauteskundeak behin eta berriz irabazi, Mundubira 500 egitasmoak energia sortzaileentzat zulo beltz gisa jokatzen duen bitartean. Azken urteotan, udala horrela kudeatu bitartean, Getaria kultur paramo bihurtzen joan da, zenbait kultur-ekimen herrikoi salbu. Badirudi udal gobernuan jarraitzea ekintza autoerreferentzial handia bihurtu dela, hori bai, herriko indar sortzaile guztiak elkartzeko eta bultzatzeko espazio kulturalak sortuko dituen proiektu kultural propiorik gabe. Boterearen diskurtso kulturalaren aurrean, noiztik dio beldur euskal ezker nazionalak gutxiengoan geratzeari?

Politikoki zuzenaren barruan aritzeak eta herri-ekimenak alde batera uzteak eta gutxiesteak, nahasmenera garamatzan bidea da beti, "goitik” egindako politikari ateak irekiz.

Kasualitate metaforiko batez, Nazioarteko Astronomia Elkarteak antolatu zuen herri bozketan, Rosalía de Castrok irabazi du bere izena izarren artean agertzeko eskubidea. Juan Sebastian Elkanoren hautagaitza atzean geratu zen, Mundu Bira 500i lotutako egitura osoaren nahigaberako.

Sentiberatasunaren eta adimenaren garaipena izango al da, indarkeriaren, konkistaren eta arpilatzearen aurrean? Astroak gure alde antolatzen ari al dira?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude