ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

“Inpaktua bada eskualdean bilatzen duguna, udal eta eragile guztiei entzun behar zaie lehenik”

  • Beterri Saretuz eraldaketa egitasmoak gonbidatuta, Debagoiena 2030 sareko Aritz Ameztegik hitzaldia eman du Andoainen asteazkenean. Eskualde batean eraldaketa lortzeko nola eragin litekeen gako batzuk eskaini ditu.

Aritz Ameztegi 'Debgaoiena 2030' egitasmoko kidea da eta Andoainen izan da, Beterri Saretuzek antolatutako topaketan eskualde-eraldaketa prozesuez hitz egiten (argazkia: Bira Produkzioak / Beterri Saretuz)
Urko Apaolaza Avila
@urkoapaolaza

2023ko urtarrilaren 19a - 12:20
Azken eguneraketa:14:51

Lurraldearen garapenean ekonomia sozial eraldatzaileak duen garrantzia gero eta ageriago geratzen ari da azken urteetan eta Euskal Herrian ere hainbat eskualdetan ari dira pausoak ematen eredu horren balioetan oinarrituta eraldaketa bultzatzeko. Beterri-Buruntzako Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen sareak gonbidatuta, Debagoiena 2030 egitasmoko Aritz Ameztegik hitz egin du asteazken honetan Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egin duten topaketan.

Debagoiena 2030 eskualde hartako lankidetza sare irekia da, garapen komunitarioan sakondu eta lurralde inklusibo eta jasangarria lortzeko lanean diharduena. 2019an abiatu zituen lehen pausoak eta, orain arte egindako ibilbidea azaldu du Ameztegik hitzaldian. Hasiera batean “entzute” prozesu sakona jarri zuten martxan, eskualdeko beharrak zein diren identifikatzeko, eta ondoren, 2020. urtetik aurrera, hainbat proiekturekin hasi ziren lanean, batez ere energia arloari eta inklusioari loturikoak.

“Proiektu anitzak daude martxan eskualdean, eta konturatu ginen zailtasun bat egon zitekeela beraien arteko konexioak bilatzerakoan”

Sarea, Debagoienako udalek, elkarteek eta kooperatibek osatzen dute, tartean dira besteak beste Arrasateko eta Bergarako udalak, Mondragon Unibertsitatea eta Fagor kooperatiba. Azkeneko honek ekonomikoki laguntza handia ematen dio egitasmoari. Ameztegik azaldu duenez, gaur egun 60 eragile baino gehiago dira Debagoiena 2030eko parte; batzuek eta besteek “rol ezberdina” jokatzen dute hala ere, batzuk gobernantzari lotuta daude, beste batzuek finantzazioa lantzen dute, eta zenbaitekin hitzarmena sinatu dute.

Hasieratik ikusi zuten eskualdean proiektu ugari zeudela egitasmoaren eraldaketa helburuekin bat egiten zutenak, hala nola jantoki eta elikadura ereduari lotutakoak, gizarteratzea eta laneratzea, basogintza jasangarria, kultur plataformak, ekintzailetza… “Proiektu anitzak dira eta konturatu ginen zailtasuna egon zitekeela beraien arteko konexioak bilatzerakoan”, azaldu du Debagoiena 2030eko kideak.

Proiektu isolatuen logikatik harago

Bigarren itzuli batean, hortaz, proiektu isolatuen logikatik erronka komun bateranzko pausoak eman eta eremu zehatz batzuetan zentratu ziren: “Hau da, inpaktua bilatzen genuen. Bestela izan daitezke proiektu txiki oso interesgarriak, baina ez badute jarraipena ez du zentzurik”.

Energiaren arloari loturikoa da eremu horietako bat. Hain zuzen, 2022ko ekainean aurkeztu zuten Eraginez piztu esku-hartze proposamena: eraikinen birgaitze energetikoki efizientea, trantsizio energetikora egokitzeko udal ordenantzak aldatzea, energiaren arloan inklusio soziala txertatzea, tokiko energia berriztagarrien laborategia, hezkuntza komunitatearen ahalduntzea… dira proposamenak jasotzen dituen esku-hartzetako batzuk; beti ere ortzi-muga nagusietako bat izanik energiaren sorrera murriztea: “Energia murrizten badugu ez ditugu hainbeste errota jarri beharko”, esan du Ameztegik.

Beterri-Buruntza eskualdeko ekonomia eraldatzailearen sareak urteko lehen topaketa egin du eta partaideek adi entzun dituzte Ameztegiren azalpenak (argazkia: Bira Produkzioak / Beterri Saretuz)

Beterri Saretuzeko partaideei erantzunez, Ameztegik bere hitzartzean azpimarratu du garrantzitsua dela jakitea “eskualdeko eragile bakoitzak zer interes duen”, horren arabera aterako baitira aurrera proiektuak. Baina horretarako “entzute” prozesuan jarri du indarra: “Energiaren gaia zehazteko, adibidez, alkateekin hiru erronda egin behar izan genituen. Hortik, udal bakoitzari proiektuak aurkeztu genizkien, baina beraien beharretatik abiatuta”, azaldu du. Hau da, eskualdean inpaktua izan eta eragitea bada bilatzen dena, lehenik udal eta eragileei entzun behar zaiela zer nahi duten.


Ekonomia eraldatzailea kanaletik interesatuko zaizu...
Olatukoopek Saretze Eguna egingo du Gasteizen, ekonomia eraldatzaileko eragileen artean harremanak josteko

Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.


Aiala Zubieta Bertiz
"Ingurumenean ere enpresa txikiok gure norabidea jarri behar dugu"

Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruan aholkularitza eskaintzen duen Isladak kooperatibako kidea da Aiala Zubieta Bertiz. Berriki, formazioa eskaini die ekonomia eraldatzaileko kooperatiba eta proiektuei, Beterri Saretuz ekimenak Usurbilgo Lanbide Eskolan antolatuta,... [+]


2023-03-16 | ARGIA
Proiektu eraldatzaileetan dabiltzan emakumeen foroa egingo dute Andoainen

Beterri-Buruntza eskualdeko ekonomia eraldatzailearen sareak antolatuta, hainbat kooperatiba, proiektu eta enpresa komunitariotan dabiltzan emakumeak bilduko dira Leitzarango Bisitarien Etxean, aitortza, konfidantza eta ahalduntzea lantzeko.


Pirinioetan alokairu publikoa merkeago izateko hobaria jarri du martxan Nafarroako Gobernuak

Pirinioetan etxebizitza lortzeko dagoen arazoari aurre egiteko neurria onartu du Nafarroako Gobernuak. Etxebizitza publikoen alokairuaren prezioa %38 jaisteko hobaria aktibatu du, despopulazio arriskuan diren ibarretan "biztanleria finkatzea" helburu.


“Lanean ere rolak birsortzen dira sotilki”

Berdintasuna enpresetan nola lantzen dugun aztertzeko formazio saioa egin du Beterri Saretuz egitasmoak. Berdintasun Planen inguruko informazioa jasotzeaz gain, berdintasuna praktikara nola eraman ere hausnartu dute.


Eguneraketa berriak daude