Korsikak autonomia legegilea eskatu dio Parisi, inoizko babesik zabalena lorturik

  • Autonomisten eta independentisten arteko deliberazio komuna lortu dute, eztabaida, gatazka eta negoziaketa luzeen ondotik. 63 hautetsietatik 46k alde bozkatu dute, oposizioko Un Soffiu Novu-k aurka bozkatu du eta Corsica Libera talde independentistako bat abstenitu da, Josepha Giacometti-Piredda.

Korsikako Asanblea bozketaren emaitzei begira, gehiegoa pozik. Argazkia: Gilles Simeoni

2023ko uztailaren 06an - 16:02

Frantziako Gobernuari begira, eskaera bateratu bat adostu dute Korsikako abertzaleek: autonomia legegilea galdetu dio irlak Parisi. Batasun hori bera da historikoa, ikusiz abertzaleen artean dituzten desadostasun eta gatazka gogorrak –dela autonomisten eta independentisten artean, zein autonomia heinari buruzko postura ezberdinen artean–. Testuaren garrantziaz jabeturik, ondokoa adierazi zuen gobernuburu abertzale Gilles Simeonik testua izenpetu eta berehala: "Txosten hau gurea da, gu denona. Baina zera esateko gogoa dut: jada ez dela gurea. Hamarkadotan herri hau aitortua izan dadin borrokatu direnena da".

Deliberazioaren idazketa fasean ere ahots ezberdinak kontuan hartuak izan dira, nahiz eta beti erraza ez izan: Femu a Corsica taldeko Simeonik idatzi du PNC alderdi autonomistako Jean Christophe Angelinirekin eta Core in Fronte talde independentistako Paul-Felix Benedettirekin batera, eta Corsica Liberako Josepha Giacometti-Pireddaren eta eskuineko Un Soffiu Novuko Pierre Ghiongaren ekarpenak ere bere egin dituzte. Azkenean, Giacometti-Piredda abstenitu da, "anbiguotasun gehiegi" dituelako testuak eta eskuineko Ghiongarek, ordea, alde bozkatu du –eskuineko beste hamasei ordezkariak aurka kokatu dira–. Eskuinak osatzen du Korsikako asanbladako oposizioa, eta horiek edo jakobinoak edo erregionalistak dira.

Parisekin finkaturiko egutegia

Autonomia hein zabalenaren inguruko adostasuna lortzea izan da korsikar abertzaleen erronka. Lortu dute Korsikak Asanbleak autonomia legegilea biltzen duen estatutu bat eskatzea Frantziako Estatuari, ondoko eskakizunak zehaztuz testuan: Korsikako herriaren aitortza, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa. Deliberoan, ibilbide konstituzional bat proposatu dute –titulu bat Frantziako Konstituzioan, estatutua biltzen duen lege organiko bat eta korsikarrak erreferendum bidez kontsultatzea–. Aldaketa politiko horri dagokionez, autonomia estatutua "progresiboki" sartuko litzateke indarrean, Parisekin finkaturiko egutegi baten bitartez.

"Testu hori inportantea da, oroitarazten digulako zer den benetako autonomia bat, eskumen legegilea jasotzeak dakar autonomia", dio Simeonik CNI komunikabide korsikarrari eskainitako elkarrizketan. Dioenez, eskatzen duten guzia erabat konstituzionala da.

"Estatuak elkarrizketari, prozesuari eta, beraz, sufragio unibertsalari atea ixten badio, ondorioak aterako ditugu eta beste fase politiko batean egongo gara"
Korsikako Asanbleako presidentea

Ikusteke dago orain zer nolako erantzuna emanen dien Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Urtero bezala, uztailaren 14an mintzatzekoa da, besteak beste, Konstituzioaren eta erakundeen erreformaz, eta, kari horretara hitz egin beharko luke Korsikaren etorkizun instituzionalaz ere.

Simeonik dio orain gobernuaren esku dela gatazkari buruzko aterabide politikoa: "Korsikaren eta korsikarren aldetik prest gaude. Gure argudioekin iritsi gatzaizkio, zilegitasuna ematen diguten txosten eta proposamenak dauzkagu. Gobernuak eta estatuak arrakasta nahi badute, haiei dagokie erantzuna ematea. Uztailaren 14ko epea dago. Estatuak elkarrizketari, prozesuari eta, beraz, sufragio unibertsalari atea ixten badio, ondorioak aterako ditugu eta beste fase politiko batean egongo gara".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korsika
Korsikaren autonomia estatutua: uztaila aitzin bozkatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa

Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".


FLNCk bere gain hartu ditu bigarren etxebizitzen aurkako 27 eraso

Mediterraneoko uharteko bigarren etxebizitzen kontrako ekintzak bere gain hartu ditu Korsikako Nazio Askapenerako Fronteak (FLNC). Igandetik astelehenerako gauean gertatu dira eta aurretiaz ere bestelako eraso batzuk aldarrikatu zituen abuztu hasieran.


Macronek autonomia eskaini dio Korsikari, Frantziako Errepublikaren barruan

Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.


Korsikako Asanbleak uztailaren 4an adostu beharko luke Frantziari proposatuko dion autogobernu heina

Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.


2023-03-14 | Leire Artola Arin
Korsikeraz aritzea debekatu diete Korsikako Asanbleako hautetsiei jardun publikoetan

Korsikako Asanblean eta Exekutiboan korsikera erabiltzea Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo du Bastiako Auzitegiak, uharteko prefet ohiaren helegitea ebatzita. Korsikako herritarren eskubideen urraketa dela salatu du, besteren artean, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu... [+]


Eguneraketa berriak daude