Korsikako Asanbleak uztailaren 4an adostu beharko luke Frantziari proposatuko dion autogobernu heina

  • Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.

Korsikako Asanblea. Argazkia: Isula.corsica

2023ko ekainaren 22an - 11:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia egitekoa zutela jakitera emana zuen Korsikako gobernuburu Gilles Simeonik. Saio hori uztailaren 4an izanen du irlako asanbladak. Garrantzia handikoa izanen da, orduan erabaki beharko luketelako Frantziako Gobernuari zer nolako autogobernua eskatu.

Aitortza instituzional horri buruzko desadostasunak daude: batetik, Korsikarentzako Autonomia Estatutu Baterantz izeneko txostenean oinarrituriko proposamena dago, izenburuak dioen gisara autonomia ekarriko lukeena; eta bestetik dago instituzio horretako jakobinoen proposamena, Frantziako Estatuaren barnean gelditzekoarena. Proposamen gehiago ere egon daitezke, abertzaleen artean ez badute adostasunik lortzen.

Ikusiz abertzaleek dutela asanblean gehiengoa, segur da autonomiaren eskaera bideratuko dutela. Txostenean irakurri daitekeenetik tiraka, litekeena da autogobernu legegilea Konstituzioan markatzea galdatzea –guti ala asko, gaurko egun Kanakyk duen autonomia maila ekarriko lieke–.

Abertzaleen artean desadostasunak

Parisek elkarrizketarako atea irekirik atxiki arren, marra gorria markaturik du: bai ala bai, Korsika Frantziako Errepublikaren barnean gelditzea. Autonomia litzateke beraz burujabetza gehiago lortzeko aukera bakarra. Autonomia heinari buruz desadostasunak dituzte korsikarrek eta abertzaleen arteko batasuna zalantzan dago. Demagun, Core in Fronte independentistak eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia autonomistak, adostasun eta zehaztasun falta leporatu diote Simeoni Korsikako gobernuburuari. Nahiz eta ikuspegi kolektibo eskasegia deitoratu, Simeonik dio "lehentasunez, abertzaleen arteko adostasun zabalena lortzea" duela helburu.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Barne ministro Gerald Darmanin ekainaren 12an elkartu ziren Korsikaz aritzeko, Darmaninek uharteko hautetsiekin izan zuen laugarren bilkuratik bost egunera.


Korsika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.