Macronek autonomia eskaini dio Korsikari, Frantziako Errepublikaren barruan

  • Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.


2023ko irailaren 29an - 11:37
Macronek proposamena ostegunean egin du Korsikako Asanblearen aurrean, uhartea naziengandik askatu zutenetik 80 urte bete direnean. (Argazkia: EFE/EPA/Pascal Pochard-Casabianca/ POOL)

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak autonomia eskaini dio Korsikari. Azpimarratu du autonomia hori Frantziako Errepublikaren barruan eraikiko litzatekeela, eta konstituzioaren artikulu batean Korsikaren izaera berezia jasoko litzatekeela, "komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kultural" gisa izendatuta.

Proposamena ostegunean egin du Korsikako Asanblearen aurrean, uhartea naziengandik askatu zutenetik 80 urte bete direnean.

Presidenteak sei hilabeteko epea eman die gobernuari eta korsikar hautetsiei testu konstituzional eta organiko bat egiteko. Konstituzioa aldatzeko prozesua martxan jartzeko, akordio horretan oinarrituko lirateke. Gero, Korsikan erreferenduma egingo lukete, herritarrek aldaketaren gaineko bozka emateko.

Korsikera: hezkuntzan bai, ofizial ez

Egun, Korsikako asanblean nazionalistek dituzte eserlekuen hiru laurdenak. Uztailaren 5ean autonomia egitasmo baten barruan, hainbat eskaera egin zituzten, esate baterako, korsikera frantsesarekin batera ofiziala izatea. Horren aurrean, presidenteak esan zuen frantsesa bakarrik izango zela hizkuntza ofiziala.

Korsikerari hezkuntzan leku gehiago eskaintzeko prest agertu da Macron, eta aipatu du hezkuntza publiko eta elebiduna sortu nahi duela, "Korsikan korsikera gehiago erakutsi behar litzatekeela" argudiatuta.

Macronek aitortu du uharteak bere beharretara egokitutako neurriak behar dituela, besteak beste, zenbait lege (mendiari eta itsasoari lotutakoak, kasu), edo klima aldaketari aurre egiteko erronkak.

Alderdien erreakzioak

Femu a Corsica alderdi nazionalistakoak dira Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleako presidentea eta Gilles Simeoni uharteko gobernuburua; haien ustez, momentua "historikoa" eta "esperantzazkoa" da. Adierazi dute Korsikak "behar duen lurralde autonomo bihurtzeko aldaketa" litzatekeela autonomia onartzea, bere izaera, frantses, europar eta mediterranearra mantenduta.

Josépha Giacometti Corsica Libera alderdi independentistako hautetsia, berriz, ez da Macronen diskurtsora azaldu. Salatu du Asanblean ez dela egon posizio ezberdinak eztabaidatzeko aukerarik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korsika
Korsikaren autonomia estatutua: uztaila aitzin bozkatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa

Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".


FLNCk bere gain hartu ditu bigarren etxebizitzen aurkako 27 eraso

Mediterraneoko uharteko bigarren etxebizitzen kontrako ekintzak bere gain hartu ditu Korsikako Nazio Askapenerako Fronteak (FLNC). Igandetik astelehenerako gauean gertatu dira eta aurretiaz ere bestelako eraso batzuk aldarrikatu zituen abuztu hasieran.


Korsikak autonomia legegilea eskatu dio Parisi, inoizko babesik zabalena lorturik

Autonomisten eta independentisten arteko deliberazio komuna lortu dute, eztabaida, gatazka eta negoziaketa luzeen ondotik. 63 hautetsietatik 46k alde bozkatu dute, oposizioko Un Soffiu Novu-k aurka bozkatu du eta Corsica Libera talde independentistako bat abstenitu da, Josepha... [+]


Korsikako Asanbleak uztailaren 4an adostu beharko luke Frantziari proposatuko dion autogobernu heina

Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.


2023-03-14 | Leire Artola Arin
Korsikeraz aritzea debekatu diete Korsikako Asanbleako hautetsiei jardun publikoetan

Korsikako Asanblean eta Exekutiboan korsikera erabiltzea Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo du Bastiako Auzitegiak, uharteko prefet ohiaren helegitea ebatzita. Korsikako herritarren eskubideen urraketa dela salatu du, besteren artean, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu... [+]


Eguneraketa berriak daude