Hats berria eman dio Korsikako burujabetzaren aldeko borrokari Yvan Colonnaren azken hatsak

  • Zendu da korsikar independentista, 61 urterekin, martxoaren 2an beste preso baten partetik pairatu zafraldiaren ondorioz. Presoa biziaren eta heriotzaren artean zela jakin bezain laster zabaldu zen Statu francese assassinu mezua Korsikan barrena, Frantziako Gobernuaren ardura lehen lerroan jarriz. Konpondu gabeko arazo politikoa Parisen agenda politikoan kokatzea lortu dute azken asteetako protestek eta korsikarren gehiengoak aspalditik eskatzen duen autonomia estatusa ere mahai gainean jarri du Frantziako Gobernuak. Haserrea eta pena nagusi dira irlan. 

Beste preso batek jipoiturik, koman sartu zen Yvan Colonna korsikar independentista martxoaren 2an. Gertakizunak haserrea eta mina eragin zuen irlan, eta "Statu francese assassinu" leloa lehen lerroan jarriz, kale borrokak egon dira hainbat gauez. (Argazkia:Pochard-Casabianca)

Martxoaren 21ean zendu da Cargeseko artzaina, hemeretzi egunez koman egon ondoren. 4.000 lagun inguru batu dira 23 gauean, Ajaccioko aireportu inguruan, irlara itzulitako gorpuari azken harrera eta agurra egiteko. Milaka jende, Korsikako banderak ehunka, eta isiltasuna nagusi gorpua zeraman autoa jendeen artetik pasatzerakoan. Ehunka ziren 25ean ere, ehorzketen kari.

Martxoaren 2an pairatu zituen Yvan Colonnak zortzi minutu luzez beste preso baten ukaldi bortitzak eta urkatze saiakerak, presondegiko zaindariak berantean –berantegi– konturatu ziren arte. Statu francese assassinu esaldia nagusitu zaie burujabe izateko eskubidea zangopilaturik duten irlan; eta lehen lerroan jarri da berriz auzi politikoa.

Ez da bakarrik karrikatik ohartarazi Frantziako Estatuaren ardura; Korsikako instituzioetatik ere bai: “Estatua da lehen arduraduna, ardura astuna dauka eta hein anitzetan, gainera”, Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuaren hitzak dira. Ongi ezagutzen du Colonna hautetsi autonomistak, urteetan haren abokatu izan delako.

Colonna bizia eta heriotzaren artean  zela jakin bezain laster sutu zen isla: manifestazioak, protestak, okupazioak zein blokeoak biderkatu zituzten. Indarkeriaren erabilpenari lekua eginez, barrikadez eta molotov koktelez josiak izan dira martxoko gau andana. Hautetsi eta herritarren ihardokipenei begiratuz gero, ohikoa den indarkeriaren salaketa tinkorik ez da egon, eta giroa baretzeko baldintza gisa ia denek dituzte lehen lerroan jartzen Frantziako Gobernuak auzi politiko horri begira eman beharreko urratsak.

Hilabeteko hogeita bigarrenean haatik ez da barrikadarik osatu. Dilin-dalan, Cargeseko elizatik hil-kanpaiak zabaldu eta beiletan juntatu dira korsikarrak, pena eta samina inguraturik bizitzeko gisan. Baina giroa bero-bero izanik, laster piztu da berriro sua: Colonnaren ehorzketen une berean, CRS poliziaren Furiani herriko kuartelean Marseillaise Frantziaren ereserkia kantatzen aritu ziren, besta giroan, eta momentuaren bideoak kexua hauspotu du. Probokazio horrek berriz zabaldu zuen kale borroka asteburuan. Dolua markatzeko, korsikarren instituzioak banderak beheititu izana "akats" eta "iraintzat" jo zuten Frantziako Gobernuaren ordezkariek eta hori ere probokazio gisa hartu zuten abertzaleek.

Salbuespenezko legediak ondorioztaturiko drama

Gloria à tè Yvan pintadek estali dituzte paretak eta seguruenik Colonna atxilotzerakoan sortuak ez zirenek egindakoak dira anitz. Uharteko kolegio eta lizeoen blokeoak ditugu horren froga. Gatazka politikoa ez da konpondua, Parisen lehentasunetan ez bada ageri ere.

2003ko uztailaren 4an atxilotu zuten Olmeto herrian Colonna, lau urtez sasian egon ondoren. 1998ko otsailaren 6an Claude Erignac prefeta tirokatu eta hiltzeagatik bideratu inkestan bere izena aterata, gordetzeko hautua egin zuen. Une oro bere errugabetasuna adierazi izan badu ere, bizi osorako kartzela bideratu zioten 2006ko, 2009ko eta 2011ko epaiketetan. Eskubideek dakartena bete eta Korsikara hurbiltzeko eskaerei etengabean ezetza bideratu izan dio Frantziak. DPS bereziki zainduriko estatusa zuela eta, horrek eragotzi egiten zion Korsikako kartzela batera hurbiltzea.

Hainbatetan eskatu zuen DPS estatusa kentzeko, baina beti ezezkoa jasoz ordainean. Azkenean, giroa baretzeko, estatusa kentzea onartu zuen Jean Castex Lehen ministroak martxoaren 8an, bere osasun egoera larria zela eta. Anitzek “probokaziotzat” jo zuten, koman sarturik zegoela DPS kendu eta preso atxikitzeko erabakia. Nabarmentzekoa da erabaki hori Emmanuel Macron, edo zehazkiago presidentearen kabineteko zuzendariaren esku artean zela. Patrick Strzoda du kabinete zuzendari, eta hori 2011 eta 2013 urteen artean Korsikako prefeta izandakoa ere da, hots, "denbora berean epaile eta alderdi izandakoa", Colonnaren abokatuaren hitzetan.

Darmanin ministroak autonomiaz
hitz egiteko eta
“2022 bukaerarako negoziagai litzatekeen proiektu bat” lantzeko konpromisoa hartu du

"Zuzenbidea alde batera utzirik politikoak bideratu du erabakia" Erignac prefetaren heriotzagatik preso diren hiruen kasuan, abokatuaren iritziz. Azkenean, afera berarentzat kartzelan diren Pierre Alessandri eta Alain Ferrandiri DPS estatusa kendu eta "uda baino lehen" Korsikara hurbilduko dituztela jakitera eman du Frantziako Gobernuak.

Erruduntasunaren aitortzaren alde borrokatu izan da etengabean Colonna, baina ez zaio horrelakorik sekulan aitortu. Hobengabetasun presuntzioa ez zitzaiolako errespetatu, Giza Eskubideen Europako Auzitegira ere jo zuen 2013an,  baina azken horrek atzera bota zuen eskaera.

Irlara bisita egin eta “elkarrizketarako irekita” zegoela plazaratu zuen Gerard Darmanin Barne ministroak martxoaren 16an. Abertzaleek hiru eskakizun dituzte: “Egia eta justizia” Colonnaren erasoari dagokionez; preso politiko guztien auzi politikoari dagokionez “aro berri batean sartzeko urratsak”; eta Korsikaren ezagupen instituzionalari buruzko elkarrizketa –“[Korsikaren] autonomiak sostengu handia dauka gaur egun; auzia ez da tresna juridiko edo politiko horri buruzkoa, benetako galdera da zein osagai ukango dituen autonomia horrek... hori edo hura, edozer sartu dezakegulako estatus horren baitan”, Jean-Christophe Angelini  Korsikar Nazioaren Alderdiaren idazkari nagusiaren hitzetan–. Frantziako lehendakaritzako hamar bat egun eskas direla, ez da dudarik presidentearen aulkiak eragina daukala auzi horretan. Hori horrela abisua emana du Angelinik: “Benetako bake prozesua behar dugu, ez dadila hauteskundeen aitzineko elkarrizketa soila izan”.

Macronen mespretxua, haserrearen ongarri

Korsikaren burujabetasunaren auziak konpondu gabe segitu arren, badu aspaldi ez dagoela Parisen agenda politikoan –ez behintzat hauteskunde garaietatik kanpo–. Are gehiago, 2017an boterera helduz geroztik korsikarrei begira Macronek izan “mespretxua” nabarmentzen du Olivier-Jourdan Roulot kazetariak L´agression d´Yvan Colonna embrase la Corse ("Korsika sutu du Yvan Colonna erasotzeak") dokumentalean. Presidente izendatu eta urte betera egin zuen bisita irlara eta bertakoa xeheki antolaturik eta bide orria bi aldeen artean finkaturik bazuten ere, erabakitakoaren gainetik pasa eta Erignac prefetaren heriotzaren 20 urteen oroitzarrean agertu zen Jean-Pierre Chevenement 1998an Barne ministro izandakoarekin. Korsikarrei min egindako gertakizuna izan zen: “Mezua ez zen begi onez hartua izan, ez zen aro berri baten sinonimo eta ukandako gutxiespen eta mespetxu jarreraren ordainsaria pagatzen du orain”, Roulot kazetariaren hitzetan.

Azken pauso instituzionala 2015ean eman zuen François Hollande ezkerreko presidenteak, 2018rako estatus berezidun Korsikako Lurralde Elkargoa sortzeko bidea irekiz. Macron presidente bilakatu eta hilabete batera garaile atera zen lehen aldikoz Pè a Corsica koalizio abertzalea, lurralde bozketan botoen %45,36 lortuz lehen itzulian –horri gehitu behar zaizkio bakarrik aurkeztu zen Rinnovuk egin %6,69–. Bost aldarrikapen ditu koalizioak: preso politikoen hurbilketa eta ondotik amnistia; korsikeraren koofizialtasuna; Korsika Frantziako Konstituzioan sarraraztea; egoiliar estatutua –etxebizitza bat erosi ahal izateko minimoki bost urtez Korsikan bizi izanaren baldintza planteatzea– eta autonomia estatus sendo bat. Baina elkor segitu du Macronek. Abertzaleek lehen indarra izaten segitzen dute gaur egun ere, 2021ean berriro lehen kokaturik. Azken aldian ez dira baturik aurkeztu eta lau zerrenda abertzaleen artean %57,77 lortu dute –2017an baino zazpi puntu gehiago–. Hain zuzen, autonomista ala independentista zein autonomia heinari buruzko eztabaidak, zatiketa badago abertzaleen artean.

Badirudi azken egun hauetan lerroak mugitu direla: Darmanin ministroak autonomiaz hitz egiteko eta “2022 bukaerarako negoziatzekoa litzatekeen lehen proiektu bat” lantzeko konpromisoa plazaratu die korsikarrei. Macronek ere Konstituzioa moldatzeari ateak ireki dizkio, hori beharrezkoa izanik autonomia bideratzeko. “Lehen urrats historikotzat” jo ditu Darmaninen hitzak Simeonik, azpimarratuz “berrogeita hamar urteko gatazkari bukaera emateko beharra”.

1768az geroztik Frantziaren menpe da irla. Korsikar abertzaletasun modernoaren lehenengo taupadak XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hastapenean azaleratu ziren. 1970eko hamarkadatik aitzina gogortu egin zen gatazka, talde armatuak sortuz eta parean, errepresioa areagotuz. FLNC talde armatu independentista osatu zuten 1976an, 2014 urtea arte iraun zuena. 1980ko hamarkadaz geroztik, instituzio eta ardura propio batzuk lortu izan baditu ere Korsikak, inoiz ez du independentzia ala gehiengoak eskatzen duen autonomia eskuratu.
Martxoaren 16an agiria plazaratu du berriro FLNCk, Frantziako Gobernuak “elkor” segituz gero, “gaurko kale borrokak bihar sasian pasatako gau bihurtu daitezke” abisua argiki plazaratuz. Kapitulu berri bat ireki da eta ikusteke dago zer bilakaera hartuko duen Korsikako errealitate politikoak.


ASTEKARIA
2022ko apirilaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korsika
Korsikaren autonomia estatutua: uztaila aitzin bozkatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa

Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".


FLNCk bere gain hartu ditu bigarren etxebizitzen aurkako 27 eraso

Mediterraneoko uharteko bigarren etxebizitzen kontrako ekintzak bere gain hartu ditu Korsikako Nazio Askapenerako Fronteak (FLNC). Igandetik astelehenerako gauean gertatu dira eta aurretiaz ere bestelako eraso batzuk aldarrikatu zituen abuztu hasieran.


Macronek autonomia eskaini dio Korsikari, Frantziako Errepublikaren barruan

Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.


Korsikak autonomia legegilea eskatu dio Parisi, inoizko babesik zabalena lorturik

Autonomisten eta independentisten arteko deliberazio komuna lortu dute, eztabaida, gatazka eta negoziaketa luzeen ondotik. 63 hautetsietatik 46k alde bozkatu dute, oposizioko Un Soffiu Novu-k aurka bozkatu du eta Corsica Libera talde independentistako bat abstenitu da, Josepha... [+]


Korsikako Asanbleak uztailaren 4an adostu beharko luke Frantziari proposatuko dion autogobernu heina

Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.


Eguneraketa berriak daude