Urriko lehen egunetan egin da inkesta, 2014ko Europako hauteskundeei begira. Marine Le Pen buru duen Fronte Nazionala alderdi politikoak bozken %24 eskuratuko luke. Ultraeskuindarrek estatu mailako hauteskundeetako inkesta batean lehenengo aldiz lehen postua eskuratu dute, UMP eta PS atzean utzita.
Inkesta Le Nouvel Observateur hedabideak egin du urria hasieran. Hautesleek emandako iritziaren arabera, 2014ko maiatzeko Europako Batasuneko hauteskundeetan bozken %24 Fronte Nazionalak (FN) jasoko luke. Bigarren egingo luke UMPk eta hirugarren PS alderdi sozialistak. UMP bi puntura (%22) geratuko litzateke eta PS bost puntura (%19).
Astekari frantziarrak aurtengo maiatzean beste inkesta bat egin zuen eta orduko datuekin alderatuz gero Fronte Nazionalak igo du puntu gehien. Maiatzean %21 lortuko lukeela zen emaitza, alegia urriko inkestan hiru puntu irabazi ditu. UMPk puntu bat egin du gora udaberriko inkestatik eta PSk bi puntu galdu ditu maiatzekotik urrikora.
Le Nouvel Observateur hedabidearen arabera, FNren izaera aldatzen ari da, bazterrekoa izateari utzi eta joko politikoaren erdigunera heldu da. Fronte Nazionalaren igoera ez da salbuespentzat jo behar Europako Batasuneko herrialde guztietan indar nazionalista, populista eta xenofoboek indarra hartu baitute.