EHU

“Ez da erraza buruan duzun guztia aurrera eramatea”

  • Iñaki Goirizelaia Ordorikak (Mungia, 1958) zortzi urte daroatza EHUko errektore legez. Hurrengo hilean errektoretzako hauteskundeak izango dira; baina, Goirizelaiak ez du bere burua aurkeztu horietan parte hartzeko. Errektore izan den azkenengo agintaldi bietan egindakoez eta bidean utzitakoez berba egin digu.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko urriaren 18an - 09:53
Iñaki Goirizelaia, EHUko egungo errektorea.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

EHUren errektoretzarako hauteskundeak irabazi zenituen 2008ko abenduaren 4an. Ordutik zortzi urte joan dira; zelakoa izan da ibilbide hori?

Nik uste dut edozein irakaslerentzat errektore izatea ohore handia dela. Badakit kanpokoek baloratu behar dutela 8 urte hauetan egindako lana; nik subjektibitatea badaukat, baina positiboki baloratzen dut. Ibilbidea egin dugu, abiapuntua hor zegoen, eta orain beste maila batera heldu garela uste dut; bai ikerketan,  bai irakaskuntzan, kudeaketan, transferentzian zein gizartean presentzia irabaziz ere bai. Beraz, nik uste dut ibilbidea positiboa izan dela.

Zeintzuk izan dira zortzi urteotan bizi izan dituzun estualdi latzenak? Eta momentu gogoangarrienak?

Momentu txar bat egon da, bai. Leioako campuseko liburutegian langile bat hil zenean, ez zen gure langilea, azpikontrata batekoa zen. Niretzat, zortzi urte hauetan bizi izandako momenturik txarrena hori izan zen, ez daukat zalantzarik. Bestelako momentu txarrak ere izan dira, baina kudeaketan normalak direnak; hala nola, batekin edo bestearekin ez zaudela ados, eta hortik sortutako eztabaidak. Baina hori eguneroko kudeaketaren barruko kontuak dira, hor ere gorabeherak badaude. Momentu politak ere izan ditut. Adibidez, Shangaiko rankingean sartu ginenean oso momentu berezia izan zen, baita Nazioarteko Bikaintasun Campusaren zigilua lortu genuenean. Gure unibertsitate publikoak horrelako errekonozimendua lortzen zuela ikustea oso hunkigarria eta polita izan zen.

Momentu polit asko daude, beste maila bateko direnak. Agian ez dira erakusgarriak; baina, adibidez, niretzat inportantea izan zen zentroen berrantolaketa kontsentsu handiz lortu genuenekoa. Badaude momentu politak, baita momentu konplikatuak ere; azken horiekin asko ikasten dela uste dut. Niretzat erronka bat izan da beti jendearekin eztabaidatzea, hitz egitea eta zerbait adostea arazo bat dagoenean.

Agindutako zerbait bidetik gelditu zaizu?

Bai; ez da erraza buruan daukazun guztia aurrera eramatea. Adibidez, ez dugu lortu San Mameseko polo teknologikoa guztiz garatzea. Hor bageneukan buruan beste azpiegitura batzuk martxan jartzea, baina ez da posible izan. Bestalde, Medikuntza fakultate berria Basurtuko ospitalearen aurrean ezartzea ere ez dugu lortu; hori niretzat gakoetako bat da. Halaber, bigarren agintaldiaren hasieran, unibertsitatearen lege berri bat martxan jartzea nuen buruan, baina ez gara kapazak izan behar hori transmititzeko, eta ez dugu erantzunik lortu. Arantzatxo hori badaukat, baina etorriko dira beste batzuk eta, beharbada, aurrera eramango dute proiektu hori.

Berez, EHUn ezin da aldi bitan baino gehiagotan errektore izan. Ostera, estatutuak berritzerakoan, arau hori deuseztatu egiten da. Horrenbestez, legaren aldetik, berriro aurkez zaitezke; zergatik ez?

Horrelako postuetan agintaldi bi baino gehiago egotea egokia ez dela uste dudalako. Horrek ez du esan nahi ez naizela indartsu sentitzen; alde horretatik ez nuke ezetz esango. Halere, uste dut, horrelako kargu publiko batean agintaldi bat gutxi dela; bi, ondo; eta hirugarrenean aukera asko daudela hanka sartzeko. Dena dela, nahiago dut odol berria etortzea, eztabaida egotea eta hortik denok pauso berriak ematea.

Zer egingo duzu errektore izateari uzten diozunean?

Irakasleen lana asko maite dut; eskolak ematea eta ikerketak egitea asko gustatzen zait. Beraz, hori daukat buruan. Halere, ez daukat kristalezko bolarik, ez dakit zer gerta daitekeen etorkizunean; baina, nik nire burua Ingeniarien Eskolan ikusten dut, eskolak ematen eta ikerketak egiten.

EHUko errektoretzarako hauteskundeak azaroaren 24an izango dira. Zure ustez, etorkizunean zer erronka izango ditu errektore berriak?

Unibertsitatearen legea garatu behar dugula uste dut. Etorkizunari begira dagoen unibertsitate berri hau kudeatzeko beste arautegi batzuk beharrezkoak dira, eta hor, nik uste dut lan egiteko beharra dagoela. Halere, hurrengo errektoreak ikusi beharko du hori egiten duen ala ez. Polo teknologikoa eta osasun-poloa ere garatu beharko dituztela uste dut. EHUn osasun-sistemaren eta osasun publikoko sistemaren alde lan egiteko fakultate berria gakoa da, gure etorkizuneko medikuak ondo formatzeko eta ikerketak bultzatzeko. Martxan dauden zentro berrien arautegia onartu genuen aurreko Gobernu Kontseiluan; hortaz, dekano eta zuzendari berriak aukeratu beharko dituzte laster, baita zentro berri horien departamentuen berrantolaketa egin ere. Horren harira, proposamen bat egin genuen, zirriborroa eginda dugu eta errektore berriari emango diogu. Horrek ondo ikusten badu, berrantolaketa hori egingo du. Azkenik, ikerketa- eta teknologia-zentroekin harremana indartu behar dugula uste dut. Geu gara ekoizpen gehien egiten duen entitatea zientzia arloan; lankidetza hori sustatu behar dugu.

Ikasturte honek zer berezitasun edo berritasun izango ditu?

Ikasketa-eskaintza aldetik, Magisteritza Eskolan hiru hizkuntzatan emango den gradu bat martxan jarri dugu. Berria da, eta erantzun oso ona izan du ikasleen artean, matrikula asko izan ditugu. Bestalde, graduen azterketa egin behar dugu; izan ere, badago hurrengo ikasturtean martxan jarriko dugun gradu berri bat. Onartuta daukagu, baina oraindik ebaluazio-agentzietatik pasatu behar du. Ingeniaritzan Automozioa da, Gasteizko campusean eskainiko duguna.

Errektore kargua hartu zenuenean, krisi ekonomikoak jo gintuen. Ordutik murrizketak egon dira han eta hemen, EHUk ere jasan ditu. Zelan baldintzatu dute unibertsitatea diru-murrizketek?

Bai, noski, erabat. Unibertsitate publiko handi bat gara, eta aurrekontu handia dugu. Hemen 45.000 ikasle daude, 7.000 irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langile... Makina hau egunero martxan jartzeko gasolina behar dugu, eta gasolina hori desagertzen denean arazoak sortzen dira. Azaroak izan ditugu irakasleekin, ikerketetan eta pertsonalaren kudeaketan. Asko sufritu dugu, baina gure helburua beti izan da kontratuak mantentzea, inor ez kanporatzea; eta hori lortu dugu. Diruaren murrizketak eta Madriletik etorri diren arautegiak gure kontra joan dira, eta horiek biek baldintzatu dute gure eguneroko aktibitatea, erabat.

Gaur egun, Euskal Herriko ekoizpen zientifikoaren zatirik handiena EHUrena dela diozu. Zelan lortu duzue?

Unibertsitate ikertzailea gara, ikertzaileak gara. Nik ez dut ulertzen ikerketarik egiten ez duen unibertsitate bat. Hemen, hasieratik, beti egin dugu ikerketaren aldeko apustua. Ikerketa-maila ezberdinak daude, baina agintaldi honetan lortu dugu irakasle guztiek ikerketa egin behar dutela asimilatzea. Hori eguneroko jardueran sartzen da, eta pausoak eman dira horri esker. Ikerketa-plana egin genuen eta horretan helburu konkretuak ipini genituen. Apurka horiek gainditzen joan gara, eta hemen kultura hori sortu dugu, nire ustez. Oso kultura interesgarria da gainera; izan ere, gizartearen aldaketa handienak ikerketaren emaitzei esker gertatzen dira.

Zortzi urte hauetan zehar bi gobernugaz lan egin behar izan duzu, Patxi Lopezena eta Iñigo Urkullurena...

Normala den bezala, alderdi politikoak desberdinak dira eta unibertsitatea ulertzeko modua ezberdina dute. Halere, nik uste dut bietan egon dela unibertsitatearen aldeko apustua, eta unibertsitate-planetan ikusi da hori. Unibertsitate-plana unibertsitatearen kudeaketa egiteko daukagun tresna da, eta, gertatu dena da plan bi horiek ez direla bete. Hortaz, hor aldaketa bat behar dugu; unibertsitate-plan bat indarrean jartzen denean hori aldatzeko adostasuna behar da. Gobernu bietan arazoak egon dira, eta guk sukalde lana egin dugu arazo horiek gainditzeko.

Zure agintaldiaren erdian Bologna prozesua indarrean sartu zen, lizentziatura sistema zaharrak graduetara egokituz. Ezarri zenetik sei urte igaro dira, zelakoa izan da aldaketa hori zure ustez?

Aldaketa hori ez zen estrukturala bakarrik izan; aldaketa kontzeptuala ere bazegoen horretan, eta hori zen gehien gustatzen zitzaidana. Helburua zen egitura hori Europan ezagutzea eta onartzea; hau da, pertsona batek kreditu batzuk egiten baditu gurean, kreditu horiek aintzat hartzea Alemaniako unibertsitate batean ere bai. Horrek mugikortasunerako abantaila bat ematen du, Europan zehar mugitzeko. Halere, ez dakit lortu dugun mugikortasuna handitzea.

Gezurra badirudi ere, gure gazteei ez zaie mugitzea gustatzen. Beste aldaketa kontzeptuala zen ikasleak ikasketa-prozesuaren agente aktibo bihurtzea. Horretarako, irakasteko metodologia aldatu behar genuen, kooperatiboa eta dinamikoa izateko. Zentzu horretan, aldaketa esanguratsua eman dugu, zentzu onean. Asko kostatu zitzaigun, irakasleen partetik erresistentzia egon zelako. Azkenik, lan-merkatura sartzeko emaitzak nahiko onak izan dira. Azken ikerketaren arabera, gure ikasleen enplegu-tasa % 82koa da. Emaitza ona da, baina oraindik hobetu behar dugu.

Hizkuntza-politikan, zer egin duzue EHUn graduak euskaraz osorik ikasteko bermea izan ahal izateko?

Pauso izugarri onak eman ditugu. Halere, batzuetan, egoera konkretu bat gertatzen da, berri handi bihurtu eta medio guztietan agertzen da; Medikuntzari buruz hitz egiten ari naiz... Urtero 200.000 ordu ematen ditugu euskaraz, ez dago hori egiten duen inor. Ikasleen erdia baino gehiago euskarazko lerroetan matrikulatuta dago, eta irakasleen ia erdia elebidunak dira.

Gradu gehienetan euskara-planean dagoena baino gehiago egin dugu, nahiz eta batzuetan arazoak izan, Medikuntzaren kasuan esaterako. Ez diot beldurrik esateari: Euskal Herriko Unibertsitatea euskararen unibertsitatea da. Eta hori, gainera, harrotasunez esaten dut. Halere, jendeak esan dezake gauzaren bat edo beste ezin izan duela euskaraz egin; baina horiek arazo puntualak dira, dena bere osotasunean ikusi behar da. Unibertsitate honek euskara unibertsitate mailako hizkuntza bihurtzeko 30 urtean egindakoa ez du inork lortu. Geuk sortu dugu euskara unibertsitarioa.

Bada beste aldarrikapen bat garraio-motaren harira, Leioako campusera batez ere. Zeintzuk aukera ikusten dituzu horri aurre egiteko?

Konpetentzia hori Foru Aldundiarena da, guk ahaleginak egin ditugu gauzak merkeago egiteko, baina oraindik ez da lortu. Badakit Aldundiak jarrera ona duela, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Dena dela, bai lortu dugula zerbait. Lehen autobusez campusera etortzea oso konplikatua zen, eta orain autobus asko daude, maiztasun handia dago eta hori azken urteetan lortu dugu.

EAEko gazteak akademikoki Estatu mailako prestatuenak direla diote askok. Halere, berton dagoen eskaintza dela-eta, askok atzerrira joatera behartuta ikusten dute euren burua ikasketak burutu ostean. Zer deritzozu horri?

Nire ustez, kanpora joatea gauza ona da, gero bueltatzeko aukera badago. Hemen azpiegitura erakargarria egon behar da kanpora doazen horiek aukera edukitzeko bueltatzeko. Ni gaztea nintzenean kanpora joan nintzen eta esperientzia hori gordeta daukat eta ezin dut ahaztu. Nire bizitzako momenturik politenetariko bat izan zen. Nik bultzatuko nuke kanpora joatea, baina gero, bueltarako aukera egon behar da. Eta horretarako lan egin behar da. Ideia hori kendu behar dugu burutik: kanpora joatea ez da txarra. Ona da kanpora joatea, eta kasurik txarrenean, bueltatzen ez bada, hor daukagu enbaxadore bat betirako. Jakin behar duguna da hori erabiltzen ondo. Distantziak oso txikiak dira orain eta mugitzeko aukera asko daude.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHU
Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


Etxeko langileen erdiak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileek uste dute "baldintza ezin hobeak" dituztela

EHUk eginiko ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeko langileen %43,10ak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileen %70ak uste du "baldintza ezin hobeak" ematen dizkietela beren etxeko langileei. Etxeko langileen %27,4 egoera... [+]


Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


"Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea"

Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.


Jaurlaritzari “kezka” sortu dio EHUko Medikuntza Fakultateko euskarazko plaza berrien kopurua %60 murrizteak

EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.


Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta

Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]


Ikusezinak

Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]


Eskolak ematen hasi da berriz mezu arrazista eta transfoboengatik ikertutako EHUko irakaslea

Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.


2025-02-24 | Behe Banda
barra warroak
Arma, tiro, pun

Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea
“Nola da posible irakasleak EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”

Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur, Ikasle Abertzaleak
“Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Eguneraketa berriak daude