13.000 ikasle kalera atera dira Hego Euskal Herrian erreformen aurka

Ikasleak Bilbon unibertsitate erreformaren aurka protestan. (Arg: Leioatik!)

2015eko otsailaren 26an - 09:39
Azken eguneraketa: 21:54

Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizez gain, herri eta eskualde mailako mobilizazioak ere izan dira. “Erreformei planto, eraikuntzara salto” lelopean 13.000 ikasle kalera atera dira hezkuntza erreformen aurka egitera, Ikasle Abertzaleek jakinarazi dutenez.

Iruñean 4.000 ikaslek atera dira kalera antolatzaileen arabera. Gasteizen istiluak izan dira Ertzaintzarekin eta ikasle bat anbulantzian eraman behar izan dute. Guztira 3.500 ikasle batu dira bertan. Donostian 1.500 izan dira kalera ateratako ikasleak.

Bilbon 3.500 ikasle inguru atera dira kalera. 11:30ean zeukaten deialdia egina Arriaga plazatik, San Mameseko eta Sarrikoko fakultateetik ateratzeko. Zutabeak 12:15etan Moyua plazan elkartu dira.

Bilboko manifestazioaren kronika

“Hezkuntza herritik eta herriarentzat” eta “kapitalismoa hezkuntzatik kanpora” oihuak entzun dira zutabeetan. Manifestazioa Ikasle Abertzaleek deitua bazen ere, beste ikasle eragileek deialdiarekin bat egin dute.

12:30ak aldera abiatu da “Erreformei planto, eraikuntzara salto. 3+2 EZ” pankarta buru zuelarik.

Hiru zutabeak bat eginik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza delegaritzaren aurreraino. Bertan txalo artean, pankarta nagusia zutabeetakoekin batera hezkuntza delegaritzaren albo batean jarri dira. Ikasle Abertzaleetako bi kidek hitza hartu dute. Hezkuntza erreformak “ongizate estatuaren aurkako ofentsiba neoliberala” dela salatu dute.

“Erreforma hau 1999an martxan jarritako estrategia oso baten bigarren partea da. Boloniako adierazpenekin hasi zen eta argi izan behar dugu estrategia 2020ren barruan kokatzen dela. Helburu argia du: hezkuntza sistema osoaren pribatizazioa”. Bolonia prozesua hizpide izan dute ikasleek eta “ikasle borrokaz” Bolonia prozesua urtebete atzeratu zutela gogoratu dute.

Graduak gero eta garestiagoak izanik, unibertsitateko ikasketak gero eta jende gutxiagok ordain ditzaketela salatu dute: “Aski da! Gure ordua iritsi da. Gurea eraikitzeko eta borrokatzeko garaia da. Ikasleen eta herriaren mesedetara dagoen hezkuntza nahi eta behar dugulako”.

“Alternatiben beharra aldarrikatzen dugu, horiek baitira egoera honetatik ateratzeko modu bakarra. Kaleak bete behar ditugu, baina era berean, gaur hemen batu dugun haserre eta amorrua antolatu behar dugu”, adierazi dute. Era berean, datozen asteetan ikasleen unibertsitatea eraiki eta praktikara eramateko aldarria egin dute: “Hurrengo asteetan har ditzagun gure unibertsitateak, goazen gure eredua eraiki eta praktikara eramatera!”

Horrez gain, Espainiako Estatuko ikasleek ere kaleak hartu dituzte Herrialde Katalanetan, Galizian, Andaluzian, Aragoi eta Gaztelan.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitate erreforma
Ikasleok Herri Mugimenduarekin ofentsibara!

Ikasle Abertzaleen izenean martxoaren 17ra arteko dinamiken eta eguna beraren balorazioa plazaratu dute. Jarraian irakurgai.


2016-01-27 | ARGIA
“Ikasle baterajotze nazionala” deitu du IAk, borrokak batu eta alternatibak erakusteko

“Ikasle baterajotze nazionala” deitu dute Ikasle Abertzaleek martxoaren 17an, Euskal Herriko herrialde guztietako borrokak bateratzeko asmoz.


Borroka lokalak lehenengo lerrora eraman dituzte milaka ikaslek Bilbon

Milaka ikaslek Bilboko karrikak hartu dituzte erreformei aurre egiteko Bizkaiko Ikasle Abertzaleak, Bilboko eta Leioako ikasle mugimenduak deitutako greba egunean.


Unibertsitate erreformak ekarriko duena, sei puntutan

Joan den astean, kalera atera ziren ikasleak, dagoeneko egosten ari diren unibertsitate erreformaren aurka protestatzeko. Erreforma oraindik aurkeztu ez bada ere, Espainiako Gobernuak eskatutako adituen txostenean oinarrituz hona laburrean aurreikus ditzakegun hainbat puntu.


Eguneraketa berriak daude