Unibertsitate erreformak ekarriko duena, sei puntutan

  • Joan den astean, kalera atera ziren ikasleak, dagoeneko egosten ari diren unibertsitate erreformaren aurka protestatzeko. Erreforma oraindik aurkeztu ez bada ere, Espainiako Gobernuak eskatutako adituen txostenean oinarrituz hona laburrean aurreikus ditzakegun hainbat puntu.


2015eko martxoaren 02an - 08:51
Azken eguneraketa: 2015-03-03 11:18:59
Ikasleak, "erreformei planto, eraikuntzara salto" lelopean (Arg: Leioatik!).

- Kanpo ebaluazioen menpe. ANECA agentziak prestaturiko kanpo ebaluazio publiko eta aldizkakoak proposatzen dira. Bolongna planaren oinarriak zedarritu zituena eta bere baitan enpresa handi ugariren interesak ordezkatzen dituena da ANECA.

- Finantzazio desorekatua. Kanpo-ebaluazioen emaitzak publikoak izateaz gain –unibertsitateak beraien artean lehian jartzeaz gain– finantzazioa ranking horren arabera egingo da, behar gehien duten unibertsitateen arabera egin beharrean.

- Kalitatea = etekina. Unibertsitateko ikerketek enpresen interesak zenbat eta egokiago ase, orduan eta hobeto baloratuko da ikerketa eta unibertsitatea.

- Gestio pribatua. Gestioa hezkuntza komunitatetik urrundu eta kudeatzaile pribatuak txertatzea ("enpresa munduko" jendea eta "pertsona ospetsuak" gomendatzen dituzte), erabaki-organoak kopuruz, tamainaz eta funtzioz murriztea eta boterea esku gutxitan kontzentratzea sustatzen du Espainiako Gobernuaren txostenak.

- Finantzazio ez publikoa. Unibertsitateen finantzazio publikoa arriskuan dagoela argudiatuz, bide berriak proposatzen ditu aditu taldeak. Tartean, –berriz ere– unibertsitatetik kanpo dagoen jendez osatutako organoa eratzea, enpresa munduarekin elkarlana eta finantzazio akordioak lortzea, unibertsitate bakoitzari tasak eta prezioak arautzeko eskumen handiagoa uztea, ikasleentzat bankuek beka maileguak ugaritzea edota eraginkorrak ez diren kostuak saihestea –praktikan, langile gehiegi dagoela irizten denetan jendea kaleratzea, esaterako–.

- Ikasgai errentagarriak. Titulazio gehiegi omen dagoela-eta, ikasketak sortu, mantendu edo ezabatzeko irizpide nagusietakoa ikasketa horrek "baliabide ekonomikoak atzemateko duen gaitasuna" izango da eta matrikulatuen kopuru gutxienekoak ezarriko dira, titulazio bat eskaini ahal izateko. Enpresa pribatuek finantzaturiko gradu eta ikasgaiak ere proposatzen dira. Ez da zailegia asmatzea zein ikasketa mota aterako diren aurrera eta zein ez.

Hezkuntza merkantilizatzeko helburua

Ikasle Abertzaleen arabera, 13.000 ikaslek hartu zuten parte Hego Euskal Herriko mobilizazioetan, 26an. LOMCE, Heziberri eta unibertsitate erreforma salatu zituzten.

Argi dute Ikasle Abertzaleek: unibertsitate erreformaren atzean, unibertsitate anglosaxoien eredu finantzariora hurbiltzeko eta ondorioz hezkuntza pribatizatzeko eta merkaturatzeko helburua dago, Europar Batasunaren EU2015 plangintzaren baitan.

Aurten ere, Herri Unibertsitatea

Nahi duten hezkuntza eredua irudikatzeko, Herri Unibertsitatea antolatu dute ikasleek. Bestelako baloreak bultzatuko dituen eskola molde parte-hartzaileagoa eta kritikoagoa oinarri, pasillo eta gelak baliatuz ikasleek eurek autogestionaturiko eskolak egin zituzten iaz. Aurten ere, gai ugari landuko dituzte, hainbat campusetan banatuta, martxoaren 16, 17 eta 18rako prestatu duten Herri Unibertsitatean.

Iazko Herri Unibertsitateko saio bat.

Leioako campuseko egitaraua jakinarazi dute dagoeneko, hemen kartela:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitate erreforma
Ikasleok Herri Mugimenduarekin ofentsibara!

Ikasle Abertzaleen izenean martxoaren 17ra arteko dinamiken eta eguna beraren balorazioa plazaratu dute. Jarraian irakurgai.


2016-01-27 | ARGIA
“Ikasle baterajotze nazionala” deitu du IAk, borrokak batu eta alternatibak erakusteko

“Ikasle baterajotze nazionala” deitu dute Ikasle Abertzaleek martxoaren 17an, Euskal Herriko herrialde guztietako borrokak bateratzeko asmoz.


Borroka lokalak lehenengo lerrora eraman dituzte milaka ikaslek Bilbon

Milaka ikaslek Bilboko karrikak hartu dituzte erreformei aurre egiteko Bizkaiko Ikasle Abertzaleak, Bilboko eta Leioako ikasle mugimenduak deitutako greba egunean.


Armiarmek ez dute EU 2015 gogoko

“Armiarmak lehoi bat hiltzeko gai izaten dira beren sareak batzen dituztenean”, dio esaera etiopiar batek. Batasunak indarra omen dakar.


Eguneraketa berriak daude