Unibertsitate ikasketak debaluatu eta garestituko ditu Werten azken erabakiak

  • Unibertsitateek graduko ikasketak lau urtetik hirura murriztu eta graduondokoak urtebetetik bira luzatzeko aukerari ateak zabaldu dizkio Espainiako kongresuan PPk onartu berri duen dekretuak. Erabakiaren kontra agertu da Euskal Herriko hezkuntza komunitatea.


2015eko otsailaren 02an - 11:36
Azken eguneraketa: 13:13
Otsailaren 26an kalera ateratzera deitu dute Ikasle Abertzaleek, dekretuaren aurka.

“4+1” sistema “3+2” bihurtu ahal izatea desegoki ikusi dute bai EHU eta NUP unibertsitate publikoko errektoretzek, bai ikasleek. Duela bost urte erabaki zen 4+1 ereduaren emaitzak ebaluatu aurretik aldatzeak “nahasmen izugarria” ekarriko duela salatu dute errektoretzek.

Karrerak hiru urteko gradutara igarota, hauek balioa galduko dute: dekretuak berak dioenez “oinarrizkoak eta orokorrak” izango direnez, ondoren graduondoko master espezializatuak egitera behartuta ikusiko dute ikasle askok beren burua, lan merkatuan sartu ahal izateko.

Ikasketen garestitzea da horren ondorio zuzena, graduko ikasketak baino askoz garestiagoak baitira masterrak, eta a priori ikasleak berak egin beharko dio aurre garestitzeari, desoreka egoerak sorraraziz.

Eredu berria ezartzea unibertsitate bakoitzaren aukera izango bada ere, praktikan dirua eta lehia presio handia izango direla nabarmendu dute, desoreka handiak sortuko baitira unibertsitate batzuen eta besteen artean. “Aurrekontua osatzeko presioa kontuan hartu beharko da. Eta adibidez Zaragoza edo Errioxako unibertsitateek hiru urteko graduak eskaintzen badituzte, nola mantendu ahal izango dugu guk lau urtekoa?”, adierazi du Txus Pintor NUPeko errektoreordeak. “Azkenean, enpresek eta Espainiako Estatuak 3+2 ereduko unibertsitateak bultzatuko dituztenez, besteek baliabiderik gabe ez geratzeko eta Europako goi hezkuntza esparruan ‘lehiatu ahal izateko’ euren burua 3+2 eredua ezartzera derrigortuta ikusiko dute”, uste dute Ikasle Abertzaleek.

Ikasleak kalera irtengo dira otsailaren 26an

Otsailaren 26an kalera ateratzera deitu dute Ikasle Abertzaleek, dekretuak unibertsitate erreformari eta “EU2015 estrategiak ezarritako pribatizazio eta merkantilizaziorako bideari” erantzuten diola salatzeko. “Ikasleok gure eredu propioa eraiki eta aurrera eramaten hasi behar dugu, herritik eta herriaren mesedera dauden hezkuntza proiektuak praktikara eraman behar ditugu”, diote, eta hori aldarrikatuko dute otsailaren 26ko mobilizazioetan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitate erreforma
Ikasleok Herri Mugimenduarekin ofentsibara!

Ikasle Abertzaleen izenean martxoaren 17ra arteko dinamiken eta eguna beraren balorazioa plazaratu dute. Jarraian irakurgai.


2016-01-27 | ARGIA
"Ikasle baterajotze nazionala" deitu du IAk, borrokak batu eta alternatibak erakusteko

“Ikasle baterajotze nazionala” deitu dute Ikasle Abertzaleek martxoaren 17an, Euskal Herriko herrialde guztietako borrokak bateratzeko asmoz.


Borroka lokalak lehenengo lerrora eraman dituzte milaka ikaslek Bilbon

Milaka ikaslek Bilboko karrikak hartu dituzte erreformei aurre egiteko Bizkaiko Ikasle Abertzaleak, Bilboko eta Leioako ikasle mugimenduak deitutako greba egunean.


Unibertsitate erreformak ekarriko duena, sei puntutan

Joan den astean, kalera atera ziren ikasleak, dagoeneko egosten ari diren unibertsitate erreformaren aurka protestatzeko. Erreforma oraindik aurkeztu ez bada ere, Espainiako Gobernuak eskatutako adituen txostenean oinarrituz hona laburrean aurreikus ditzakegun hainbat puntu.


Eguneraketa berriak daude