H&M, digitalizazioaren aitzakiaren kontra borrokatzeko lehen harria


2021eko uztailaren 22an - 07:52
Azken eguneraketa: 09:56

H&Mko langileentzat, borroka honen arrakastaren historia bakarra eta desberdina da, hain zuzen, haiena delako eta haien larruan bizitzea egokitu zaielako. Denboraren poderioz soilik baloratuko dute lortu dutenaren meritua, bakarra eta desberdina izan delako. Eta bidea urratzen jarraitzen badute, beren esperientziaren berri eman ahala, errepikaezina ez izatea ere lor dezakete; hau da, beste emakume langile eta lankide askorentzat lehen bultzada izatea lor dezakete.

H&Mko grebak iraun duen 50 egunetan, hainbat gauza pasa zaizkit burutik. Greba mugagabea deitu genuenean, ez genuen uste gatazka hainbeste luzatuko zenik. Eguna joan eguna etorri, lortzen genuen enpresa greba-batzordearekin biltzea, baina ez genuen akordiorik ixtea lortzen. Orain, dena bukatu den honetan, garrantzitsua da une horiek guztiak gogora ekartzea; izan ere, nire lan-ibilbideak zerbait erakutsi badit, horixe erakutsi dit: zenbat eta gogorragoa izan bidea eta handiagoa jomugara iristeko esfortzua, arrakastaren gozoa ere askoz gehiago estimatzen da.

H&Mko langileek lan egiten duten sektorea oso prekarioa da, aitortza sozial urrikoa, feminizatua eta multinazionalez betea. Konpainia handi horiek, gainera, jatorritik bertatik ustiatzen dute jendea, eta oso behean dute duintasunaren langa.

"Langileak dendetatik kanporatu nahi zituzten pixkanaka, 'online' salmentaren gorakadaren bidez banaketako plataforma digitala bihurtu nahi zuten enpresa"

Errezeta horri guztiari erantsi behar zaio enpresa horiek jada estatuan ezarrita daudela. Aurreko merkataritza sektorialean, H&Mko langileek jasoa zuten Inditexeko langileen ikasgaia, eta ikusi zuten zein erraza den enpresentzat estatu mailan langileen aurkako neurri traumatikoak hartzea eta CCOO eta UGTrekin adostea. Horretaz jabetzeak bultzada nabarmena eman zien autoestimuan, eta egoeraren mapa oso zehatz bat egiteko balio izan zien. Eta gerora, horrek asko lagundu die gatazkan. Inditex eta Douglaseko delegatuen kontakizunak begiak ireki zizkien, eta erakutsi zien zer gertatuko zen antolatzen ez baziren; era berean, borrokatzeko eta amore ez emateko argudioak ere eman zizkien.

Piketeetan hainbat ordu egin ondoren, mobilizazio horietan megafonoa eskuetan hartu eta aldarrikapen bakoitzerako koreografia irudimentsuak asmatu ondoren ("Con la venta on line, esto es lo que hay", "Mira que detalle, nos echan a la calle"...), eta lorik gabeko 50 egun eta gauren ondoren, H&Mko langileek beren historiaren berri eman dezakete, nekaturik baina irribarretsu. Enpresak berea ez egitea lortu dute, eta kaleratzeak eta lanaldi murrizketak saihestu dituzte.

H&Mk planteatutako EEEaren oinarrian ez zegoen arrazoi ekonomikorik. Enpresak ez dio dirua irabazteari utzi, eta jendeak ere ez dio arropa erosteari utzi, EEEa ez zen planteatu arrazoi horiengatik. Aitzitik, pandemia aitzakia perfektua bihurtu da aspalditik pentsatuta zeukaten plana gauzatzeko. Langileak dendetatik kanporatu nahi zituzten pixkanaka, online salmentaren gorakadaren bidez banaketako plataforma digitala bihurtu nahi zuten enpresa, eta poliki-poliki langile guztiak kale gorrira bidali nahi zituzten.

H&Mren arrakasta berezia izan da, langileek ezinezkoa zirudiena lortu dutelako. Gatazkari bizirik eusteko funtsezkoak izan dira langileek negoziazioa zuzentzeko sindikatuan jarritako konfiantza, eta langileek beraiek mobilizazioetan izan duten rol aktiboa eta alaia: egun batean beltzez janzten ziren lanpostuak lurperatzeko, eta biharamunean txuri dotorez, San Fermini gatazka konpontzen lagun ziezaien eskatzeko… Ekintza horien bidez egunez egun gero eta gehiago elkartu dira, eta pixkanaka ahaldundu egin dira. Horren erakusle, Primark kateak Bilbon zabaldutako lehen dendaren irekieran, Teleberriaren protagonista beraiek izan ziren, argi eta ozen adierazi baitzuten zer-nolakoa den lan-prekarietatea merkataritzan. Sinetsi egin zuten gai zirela, borrokaren bidez, oztopo guztiei aurre egiteko, eta ez dakit egoskorkeriaz edo oharkabean, baina orain esan dezakete lortu dutela, harro esan ere. Hemen joan nahi izan dutenak bakarrik joan dira; izan ere, “hemen ez dago inor soberan.

Eskerrak eman nahi dizkiet aintzat hartu gaituzten guztiei, gatazka konpondu arte denda horietan ez erostea erabaki duten bezero guztiei, eguna joan eguna etorri Gran Viatik pasatzen ginenean "animo neskak, lortuko duzue eta!" oihukatzen ziguten pertsonei, eta, jakina, gatazkan guk baino denbora gehiago daramaten langile guztiei (Tubacex, Novaltia...). Ahaztu gabe, gogotik eskertu nahi dut ELAko EEE-en lantalde teknikoak eta Zerbitzuak federazioak eginiko lana, beste herrialdeetako lankideek izan duten pazientzia eta eskualdeko batzordearen eta azpiegituraren babesa eta laguntza. Gatazka honek harrotasuna, hunkidura eta zirrara sorrarazi dizkit; izan ere, uste dut aurrerapausoak ematen ari garela sektore feminizatuak aintzat hartzeko. Administrazioak ez du horrelakorik erakusten, baina zorionez, ELAk bai, eta enplegua suntsitzen den bakoitzean eta antolatzeko gogoa dagoen bakoitzean, indar eta kemen guztia ateratzen dugu, eta erresistentzia-kutxa baliatzen dugu, tresna funtsezkoa funtsezkorik bada, hori gabe ez ginateke-eta hemen egongo langileen lan-baldintzen alde borrokatzen.

Oso harro nago une horiek guztiak emakume langile hauekin partekatuta; borroka, elkartasun eta duintasun aldetik ikasgai aparta eman didate. Gatazka amaitzean, garaikur ugari eman genituen (argazkilari onena, piketegile onena, maskota onena, animatzaile onena, emakume borrokalariena, jarrera onena, paper jartzaile onena, saiatuena, megafonoko hizlari onena…), eta esan dezaket guztiek jaso zutela garaikurren bat, bihotz-arima borrokatu baitira gatazka honetan.

Delegatuek eginiko lana ere nabarmentzekoa izan da, borrokari ekin orduko banatu baitzituzten zereginak, eta dena errazagoa egin zuten. Batek negoziazio-mahaian parte hartzen zuen, besteak komunikabideei erantzuten zien inolako beldurrik gabe, beste batzuek psikologo lana egiten zuten eguneroko piketeetan, ibilgailu-karabanetan eta abarretan parte hartuz...

H&Mko gure borroka honen bidez, lehen harria jarri dugu digitalizazioaren aitzakian enplegu suntsiketa gehiagorik ez gertatzeko eta bidea urratzen jarraitzeko, baina eskatu nahi dizuet gure kontakizuna ez dadila izan gaur hasi eta bukatzen den zerbait, eta hau irakurtzen dugunok aintzat izan dezagula merkataritzako langileei babesa eta laguntza ematen jarraitu behar dugula, oso une gogorrak baitatoz haientzat. Sindikatuan lanean ari gara antolatzeko eta sektore honetako langileak babesteko, eta, zalantzarik gabe, akordio hau mugarria izango da guztientzat.

 

* Marige Fernández ELAko Merkataritzako arduraduna da Bizkaian

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude