Hizkuntza-eskubideen urraketa etengabeak salatu dituzte Trebiñuko herritarrek

  • Trebiñu Araba Da plataformak arbuiatu du epaitegien aginduz Trebiñun euskara planak baliogabetu behar izana eta hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea. Trebiñu Araban integratzea eskatu dute, "inposizioaren" gainetik.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2022ko apirilaren 4an - 09:19
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Korrika Trebiñura heltzear zela, ostiralean, hizkuntza-eskubideak «behin eta berriz» urratzen zaizkiela salatu dute enklabeko herritarrek. Euskara Trebiñuko «berezko hizkuntza» den arren, Gaztela eta Leongo administrazioak euskaldunak atzerritar gisa tratatzen dituela diote: «bere ekintzekin, behin eta berriz gogorarazten digute ez garela haien legeetan sartzen».

Izan ere, berriki, Trebiñuko eta Argantzungo Udalak euskara-planak baliogabetzera behartu dituzte epaitegien bidez. Epaien arabera, euskarak Enklabean izan dezakeen erabilera soziala gorabehera, «ez dago legezko oinarririk Gaztela eta Leonen hizkuntza ofizial izendatzeko». Hortaz, legea aintzat hartuta, euskararen normalizaziorako aukerarik ez dago Trebiñun.

Era berean, epaiak xedatzen duenez, ezin da euskara eskolan ikasi Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sistemaren menpeko ikastetxe publikoan. Aitzitik, ingelesez ikasteko lege-oztoporik ez dagoela azpimarratu du plataformak. «Egunero, enklabeko umeak eta nerabeak Gasteizko eta Arabako beste udalerri batzuetako ikastetxeetara joan behar dute euskaraz ikasi nahi badute», azaldu dute.

Oztopoak jarrita ere, Enklabean euskara berreskuratzeko prozesua «geldiezina dela» eta inposizioaren gainetik Trebiñu Araban administratiboki integratzea lortuko dutela ospatu dute Trebiñu Araba Da plataformako kideek.


Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.