Hitzez hitz iragarri zuten pandemia

  • "Mundua eskualde edo mundu mailako izurriteak edo pandemiak sufritzeko arrisku larrian dago. Ondorio suntsitzaileak izango lituzke". Horrela zioen 2019ko irailean, munduko aditu eta agintari politiko garrantzitsuek osatutako Prestaketaren Mundu Zaintzako Batzordeak (GPMB). Birusak beste, osasun azpiegitura eskasiak hiltzen ditu herritarrak milaka egunotan: “Ez zegoen pandemia aurreikusterik”, diote agintariek euren burua zuritzeko. Gezurra da, antza.


2020ko martxoaren 24an - 21:55

GPMBa 2018ko maiatzean sortu zen, Banku Mundialaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen bultzadaz. 2014-2016 arteko ebola epidemiaren ondoren, eta Nazio Batuetako idazkari nagusiaren aginduz, Munduko Osasun Krisiei buruzko Zereginen Taldea eta Osasun Krisiei Mundu Mailan Erantzuteko Goi Mailako Taldea sortu zituzten. GPMBa horien lana jarraitzeko helburuarekin sortu zen. Bere funtzioak dira munduak osasun larrialdietatik babesteko duen gaitasuna neurtzea, horretarako dauden gabeziez ohartaraztea eta horiek gainditzeko proposamenak egitea nazioarteko buruzagi eta erakundeei. “Bereziki epidemiak eta pandemiak bezalako arrisku biologikoei erreparatuz”.

Batzordea 15 pertsonak osatzen du, eta bi dira arduradun nagusiak: Norvegiako lehen ministro ohi eta Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari nagusi ohi Gro Harlem Brundtland, batetik, eta Gurutze Gorria eta Ilargierdi Gorria Sozietateen Nazioarteko Federazioko idazkari nagusi Elhadj As Sy, bestetik. Munduko botere gune nagusiek sortutako antolakundea da GPMBa, beraz. 2019ko irailean argitaratu zuen bere lehenbiziko txostena: Osasun larrialdietarako munduko prestakuntzari buruzko urteko txostena.

Pandemiaren aurreikuspen zehatza

Arriskuan dagoen mundua da txostenaren izenburu adierazgarria. Bi dira lanak helarazten dituen ideia nagusiak. Pandemia arriskua larria da, eta mundua ez dago horri aurre egiteko prestatua: “Pandemiaren mehatxu oso errealari egin behar diogu aurre. Pandemia biziki hilgarria, 50 eta 80 milioi pertsona artean hil eta munduko ekonomiaren ia %5a likidatu dezakeen arnas patogeno batek eragindakoa. Eskala horretako munduko pandemia bat hondamendia izango litzateke. Kaosa, ezegonkortasuna eta segurtasun falta orokortuak eragingo lituzke. Mundua ez dago prestatuta”. Pandemia horren sorburua ere aurreikusi zuen txostenak bere hirugarren atalean: “Okerrenerako prestatu: arnas patogeno hilgarri batek eragindako pandemia bat, hedatze bizkorrekoa”. Adibide posible bezala, “gripearen andui bereziki hilgarri bat” aipatzen du.

Arriskua ez da atzokoa, eta badakite

GPMB: “Epidemia bilakatu daitezkeen gaixotasunek aro berri bat iragartzen dute: agerraldiak sarriago, ondorio negargarriak eta kudeatzen gero eta zailagoa”

Txostena 2019ko irailekoa da. Pentsa daiteke gobernuek eta nazioarteko erakundeek ez dutela astirik izan denbora tarte labur horretan arriskuaren aurreko neurri eraginkorrak hartzeko. Baina txostena irakurrita, argi geratzen da arriskua aspaldi identifikatua dagoela. Pandemia eta osasun larrialdi arriskuen aurrean nazioartean garatu diren hainbat tratatu aipatzen dira, lehenbizikoak 2005 urtekoak –duela 15 urte–. 2011 eta 2018 artean OMEk 1.483 agerraldi epidemiko aztertu zituen 172 herrialdetan. Agerraldiak gero eta maizago gertatzen dira, GPMBaren arabera, eta joerak gorantz jarrituko duela iragartzen du: “Epidemia bilakatu daitezkeen gaixotasunek, hala nola gripea, arnas sindrome akutu larria (SARS), Ekialde Ertaineko arnas sindromea (mers), ebola, zika, izurria edo sukar horia, besteak beste, aro berri bat iragartzen dute: agerraldiak sarriago, ondorio negargarriak eta hedatze potentzialki azkarra, kudeatzen gero eta zailagoa”.

Egiturazko neurririk hartu ez

"Arriskuan dagoen mundua" txostenak dio adostutako neurriak betetzeko konpromisorik ez dutela agintariek

Txostenak azken urteetan emandako aurrera pausoak zein gabeziak aletzen ditu, bietatik daude. Baina argi geratzen da neurri eraginkorrak hartzeko borondate politikorik ez dutela munduko agintariek: lorpenen artean adostutako neurriak eta sortutako erakunde eta programak aipatzen dira; gabezietan, horiekiko konpromisorik eza. Ez da egiturazko neurririk hartzen: “Denbora gehiegiz onartu dugu pandemien aurrean izu- eta abandonu-zikloak ematea: ahaleginak egiten ditugu mehatxu larri bat sortzen denean, eta berehala ahazten gara mehatxuak behera egitean”. Konpromisoak betetzea, baliabideak eta epe zehatzak eskatzen ditu txostenak.

Osasun sistema unibertsal eta kalitatezko bat oinarrizkotzat du GPMBak epidemiak ekiditeko

Osasun sistema unibertsal eta kalitatezko bat oinarrizkotzat du GPMBak epidemiak ekiditeko. Europar Batasunean, 2006an 574 ohe zeuden 100.000 biztanleko. 2017an 504 ziren oheak, %12a gutxiago (OMEk 800 ohe gomendatzen ditu). Espainiako Estatuan, 2020ko urtarrila eta otsaila bitartean osasun arloak 18.320 langile galdu zituen. Koronabirusak baino gehiago, osasun azpiegitura eskasia ari da jendea hiltzen: ez dago plaza nahikorik ZIUetan, ez dago arnasgailu nahikorik, ez profesional aski, es maskararik...

Ez da istripua, ondorio logikoa da

GPMB: “Klima aldaketak, urbanizazio trinkoak, nazioarteko bidaien hazkundeak... arriskua areagotzen dute”

Gaixotasuna bizitzaren parte da, horrela dio GPMBak, baina “munduko joeren konbinazio batek” jokalekua eraldatu du: “Klima aldaketak, urbanizazio trinkoak, nazioarteko bidaien hazkunde esponentzialak eta migrazioak, dela behartuak, dela borondatezkoak, arriskua areagotzen dute pertsona guztientzat, leku guztietan”. Gure jendarte kapitalista harrapakariaren egiturazko ezaugarriak dira horiek, ordea. Baita pobrezia, medikazio neurrigabea edo animalia eta landareen esplotazio industrial intentsiboa ere, besteak beste, epidemien indargarriak denak. Horregatik, pandemiak handitzen jarraituko duten egiturazko arriskuak dira txostenaren arabera.

Konfiantza? Herritarren artekoa

GPMBak dio osasun larrialdian ezinbestekoa dela biztanleriaren eta komunitateen parte hartzea. Bereziki haur eta emakumeena

Osasun larrialdiak eta klima larrialdiak antzekotasun handiak dituzte: ondotxo dakite agintariek arazoaren tamainaz, ondotxo ezagutzen dituzte hartu beharreko neurriak; baina ez dute deus egiten norabide horretan. Orain konfiantza eskatzen digute aurreikusi ezina omen zen krisi honen aurrean. Konfiantza ematea, eta konfiantzarekin batera gure eskubide oro. Horretan ere, txostenaren gomendioei muzin eginez –gogoan izan zeintzuk diren txostenaren egileak, iraultzaile anti-sistema izatetik oro urrun denak–. GPMBak dio osasun larrialdi baten testuinguruan –eta aurretik– ezinbestekoa dela biztanleriaren eta komunitateen parte hartze aktiboa. Bereziki haur eta emakumeena. Eraginkortasun kontua omen da.

Konfiantza behetik eta ezkerretik eraiki beharko dugu, horizontalean, atariz atari

Ordea, herritarrak etxean kieto eta mutu, militar eta poliziak kalean jaun eta jabe. Kudeaketa birzentralizazioan, militarismoan eta demokrazia formalaren desagertzean oinarritu dute gobernuek, Espainiakoak barne. Inorekin kontsultatu gabe erabaki ditu neurriak, ezta legebiltzarreko indar politikoekin ere, are gutxiago herritarrekin edo antolakunde sozialekin. Nafarroako eta EAEko lehendakariek normaltasunez hartu dute logika diktatorialaren inposatzea. Aldiz, kritikatu egin dituzte herritarrek autoantolatutako zaintza sareak, edo indargabetzen saiatu. Ez diote erantzunik ere eman mugimendu feministak proposatu eta eragile askok babestutako krisi mahaiaren gonbidapenari. Konfiantza ezinbestekoa izango da hurrengo aste zein urteetan, bai. Baina behetik eta ezkerretik eraiki beharko dugu, horizontalean, atariz atari.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude