Hirugarren batek salaketa jarri du Ertzaintzaren Anoetako oldarraldian foam pilotak lepoan jo ziolako

  • Orain arte bi zaurituren berri baino ez zegoen, baina 50 urteko hirugarren emakume batek salaketa jarri du: lepoaren atzean jo zion foam pilota batek, Anoetaren inguruan zebilela, futbol partidura sartu aurretik. Jaurtigaia gordeta dauka.

Egun hartako istiluen irudi bat. Linas Korta

2025eko abenduaren 2an - 11:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Amaya Zabarte eta María Martínen kasuak ziren orain arte ezagutaraziak, biak Ertzaintzaren foam pilotakada banaz zaurituak Donostian, Anoeta inguruan, 2024ko martxoaren 5ean, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren aurretik izandako istiluetan. Hilabete ere ez da Zabarte irundarraren kasua epaitegietara heldu eta kargetan parte hartu zuten ertzainek deklaratu zutela. Tartean, agindua eman zuen ertzainburuak ukatu egin zuen foam jaurtigaiak erabili zituztenik, eta iradoki zuen zaletu edo hooliganen harrikada batek jo zuela Zabarte, eta ez Ertzaintzaren esku hartzeak.

Asteon ezagutarazi da hirugarren emakume batek salaketa ipini duela Donostiako epaitegian. A.U. emakumeak 50 urte ditu, eta egun horretan Anoeta inguruan zebilen senarrarekin, tabernen inguruan, futbol partidua ikustera sartu aurretik. Emandako deskribapenaren arabera, Armerien plaza inguruetan zegoen, Sacha tabernaren parean, 20:15 aldera, halako batean tiro bat entzun eta ia lurrera jausi zenean. Lepoaren atzean jo zion zer edo zerek, eta ia konortea galdu zuen. Realaren bufanda zeraman soinean, baita beroki lodi bat ere, eta horiek arindu zioten apur bat kolpea. Senarrak bizkarraldea ukitu zion, eta foam jaurtigaia berokiaren txanoan topatu zuen. Etxean gordeta daukate: SIR-X modeloa da.

Egunean bertan ipini zuen salaketa

Kolpea jaso zuen egun horretan bertan, Donostiako Udaltzaingoaren egoitzan ipini zuen salaketa. Epaitegietara heldu aurretik baina, Ertzaintzaren Barne Arazoetako sailetik deia jaso zuen biktimak. Gertatutakoaz galdetu, eta gordeta zuten foam jaurtigaia Ertzaintzari emateko eskatu zioten. Emakumeak uko egin zion, konfiantza falta agertuta; oraindik eskuetan dauka.

Ana Isabel Perez Asenjo epailearengana heldu zen auzibidea, eta artxibatzea erabaki zuen, argudiatuta ez zegoela "egile ezagunik". Zabarteren kasua epaitegira iritsi denez, eta bai hori eta bai Martínen kasuak mediatikoak bihurtu direnez, orain, biktimak beste salaketa bat jarri du, eta auzibidea atzera zabaltzea eskatu.

Zabarteren eta Martinen kasuekin lanean ari den Iker Sarriegi abokatuak hartu du A.U.ren auzia, eta Berria egunkariak jakitera eman duenez, abokatua aztertzen ari da ea hiru kasuak elkarrekin aurkeztu daitezkeen edo ez. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ertzaintza
2025eko urriaren 29
Faxismoaz

Eguneraketa berriak daude