Ertzaintzaren Barne-Arazoetako sailak 33. promozioko ikasleak galdekatu ditu azken egunotan, El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez. Lan Publikoaren Eskaintzetara aurkezteko prestaketa lanak egiten dituzten akademia pribatuez galdetu diete, baita hainbat ertzainek eskolak eman ote dituzten ere akademia horietan.
Vocento taldeko egunkariak azaldu duenez, Ertzaintzak galdekatu dituen ikasleak 33. promoziokoak dira, eta oposizioen lehen zatia gaindituta, Arkautiko akademian formazioa jasotzen ari dira, praktikak ertzain-etxeetan egiten hasi aurretik. Ertzaintzak Arkautitik azterketak akademietara filtratu diren jakin nahi izan du ikasleei egindako galdeketen bidez.
Egunkariak dioenez, filtrazioen susmoak duela hamarkada batzuetatik daude. Sindikatu batzuek publikoki kritikatu dute egoera eta gaia epaitegietara eramango dutela mehatxu egin izan dute. Ertzain baten esanak jaso ditu egunkariak: “Lan Publikoaren Eskaintzarako prestatzen ari diren ikasle batzuek zuzenean galdetzen digute ea guk dauzkagun azterketak”.
Akademia pribatuek indar handia hartu dute azken urteotan, besteak beste, Ertzaintza berritzeko 4.140 plaza atera direlako 2010 eta 2024 urteen artean. Oso ohikoa da ertzaingai eta udaltzaingaiek akademia horietara jotzea proba psikoteknikoak, elkarrizketak, simulakroak edo pertsonalitate-testak prestatzeko. Akademien arteko lehia handia dago ikasleak erakartzeko. Egunkariak akademiek eskaintzen dituzten emaitzen pare bat adibide eman ditu. Akademia batek baieztatzen du ikasleen %85ek bi aldi baino gutxiago behar izan dituela oposizioa gainditzeko. Beste akademia batzuek “azterketa ofizialaren oso antzeko testak, eta batzuetan, berdin-berdinak” dituztela iragarri dute.
Hedabideak jaso duenez, ikasleei akademia pribatuetan ertzainak eskolak ematen aritzen diren ere galdetu diete, argitzeko ea langile publikoek bateratu ezin diren lanpostuak eduki dituzten.
El Diario Vasco-k zehaztu du galdeketa horiek Arkautiko zuzendari berriak, Jon Goikoleak, kargua hartu eta bi hilabetera hasi direla.