Hiru eta zazpi urte arteko espetxe zigorra ezarri diete 13/13 auzian epaitutako lau laguni

  • Zazpi auzipetuetatik lauri espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak eta beste hiru absolbitu egin ditu. Defentsarako abokatuek azaldu dute epaia oraindik ez dela irmoa eta helegitea jartzeko aukera dutela.


2022ko martxoaren 31n - 17:58
Zazpi auzipetuak uztailean Madrilen, epaiketa hasi aurretik (argazkia: @g_elejabarrieta)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arantza Zuluetari zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auzia dela-eta; Jon Enparantzari lau urtekoa; Naia Zuriarraini hiru urte eta erdikoa; eta Iker Sarriegiri hiru urtekoa. Sententziak, aldiz, absolbitu egin ditu beste auzipetuak: Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nere Redondo.

Nolanahi ere, oraindik ez da espero lau lagunak espetxeratzeko agindua ematea, aztertu behar baita aurretik behin behinean auzi horrengatik eta beste auziengatik betetako kartzela zigorra aintzat hartzen ote dieten epaileek. Gainera, defentsako abokatuek Berria-ri azaldu diotenez, oraindik helegitea aurkezteko aukera dago eta, beraz, sententzia ez da irmoa.

Iazko uztailean hasi zen 13/13 auziko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa eta Jose Perals fiskalak 77 urteko kartzela zigorra eskatu zuen guztira –Julen Zelarainen kasuan eskaera hori kendu zuen geroago–. Azaroan ehun legelari inguruk epaiketan izandako irregulartasunak salatu zituzten. Legelarien ustez "iraganeko garaietako sumarioa" izan da auzia bideratu duena.

Torturak ez daude "frogatuta"

Hainbat akusatuk, Zuriarrainek eta Agirrek kasu, atxilotuak izan zirenean jasandako torturak kontatu zituzten epaiketak iraun zuen bitartean, baina Angela Murillo epailea buru duen epaimahaiak ez ditu halakoak kontuan eduki, ez daudelako "frogatuta", sententzian irakur daitekeenez.

Espainiako inteligentzia zerbitzuek izandako esku hartzeagatik epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen defentsak, baina kasu horretan ere eskaerari muzin egin diote Murillok eta beste epaileek, CNIk "lan zehatz" batzuetan baino ez zuela esku hartu eta Guardia Zibilaren paperak pisu handiagoa izan zuela ondorioztatu baitute.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
2024-11-11
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Eguneraketa berriak daude