Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

  • Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024ko azaroaren 28an - 17:54
Azken eguneraketa: 21:05
Ertzaintzak "kasualitatez" jo zuela ebatzita itxi dute kasua. Zuzeu
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteazken honetan deklaratu du Tolosako epaitegian gomazko pilotarekin gaztea zauritu zuen ertzainak. Tolosako inauterietan egindako esku-hartzea gertakariekiko proportzionala izan zela justifikatu du. Epaileari ertzainaren deklarazioa kasua artxibatzeko nahikoa iruditu zaio, eta Xuharrek berak deklaratu aurretik kasua itxi izana gogor salatu du mugimenduak.

Tolosako inauterietan foam jaurtigailu batekin zauritu zuen Ertzaintzak 16 urteko Villabonako gaztea. Tabernako istilu baten harira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotaren ondorioz eskubiko begitik itsu gelditu da gaztea. 

Duela zortzi hilabete hasi zituen ebakuntzak eta errehabilitazioak ez dira nahikoa izan ikusmena berreskuratzeko. Anbulantzian, ospitalean zein zirujauak egindako txostenek argi uzten dute zauria gomazko pilotak eragindakoa dela, nahiz eta hasiera batean Josu Erkoreka orduko segurtasun sailburuak ukatu egin zuen inauterietan foam jaurtigailuak erabili izana.

Herri mugimenduak nabarmendu duenez  epaitegiari ardura eskatu diote eta kasua behar bezala iker dezatela exijitu, “auziak eskatzen duen seriotasunarekin”. Epaileak hartutako erabakiaren aurrean defentsak helegitea aurkeztuko duela adierazi du.

Abenduaren 14an Villabonan elkartasun jaialdia antolatu dute Xuharri babesa adierazteko. "Biolentzia polizialik ez" lelopean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomazko pilotak
2024ko otsailaren 14
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
"Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera"

2023ko martxoaren 13
Begiz begi

2020ko uztailaren 3
25 urte Rosi Zarra hil zenetik
Egia zor diete

Eguneraketa berriak daude