Lapurdiko Mediabask kazetaren informazioaren arabera, hiru emakumek sexu jazarpenak jasan zituzten Baionako musika ikastaldi batean iragan uztailean. Salatua 76 urteko gizona da, ikastaroaren zuzendaria. Fiskalak gertatuaren gaineko ikerketa jarri du abian.
Musika ikastaroa Miarritze-Euskal Kosta Musika Akademian antolatua izaten da udaldian. Klaseak Baionako musika kontserbatorioan ematen dituzte, ikasleek eta irakasleek berriz, Baionako apaizetxean hartzen dute ostatu.
Ikastaroan izandako hiru emakumek sexu jazarpenak jasan zituztela salatu dute. Salaketa ikastaroko zuzendariaren kontra izan zen iazko uztailean. Mediabask-ek bildu dituen salaketen arabera, jazarria izan zen emakumeetako batek 76 urteko gizonak berarekin oheratzea proposatu zion.
Beste salatzaile baten lekukotasunak indartu du salaketa. Pertsona berak antzeko proposamen bat egin zion ikastaroa hasi aurretiko hilabeteetan, emakume egunero jazarria izan bide zen telefonoz eta e-postaz.
Hirugarren emakume batek salatu duenez, zuzendaria musika ikastaroan ari dela, gizon berak ahalegina egin zuen bera musukatzeko. Hiru salatzaileek, gizonak adingabeekin izan ohi zuen jokamoldea jarri dute auzitan. Haurrak besarkatzen eta laztantzen zituen emakumeen aurrean, egoera deserosoa pasaraziz.
Halaber, hiru emakumeek salaketa ezartzeko izan dituzten oztopoak “salatu” dituzte. Baionako Poliziak ez zien salaketa hartzea onartu “igandea zelako”. Prokuradoreari idazteko gomendioa eman zieten komisaldegian.
Iragan uztailean salaketa jarri ostean, zortzi hilabete eta gero, salatzaileetako batek Frantzia iparraldeko epaitegiaren mezua jaso du. Zur eta lur geratu da, sexu jazarpenaren salaketa desagertua baita.