Hiru dira dagoeneko Mendizabal apaizaren aurka jarritako salaketak, laugarrena airean da oraindik

  • Hirugarren gizon batek salatu du Juan Kruz Mendizabal apaizaren aldetik sexu abusuak jasan izana. Salatzaileak azaldu duenez, 1994an sufritu zituen erasoak, haren testigantza argitaratu du Berria egunkariak. Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainak adierazi du sexu erasoei buruzko gogoeta sakona egin behar duela Elizak.


2017ko urtarrilaren 13an - 10:29
Ezkerrean Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzaina, eskuman Mendizabalen erasoak salatu dituen azken gizona (Arg: Berria)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Munillak neurri gehiago hartuko ditu Mendizabalen aurka. Monasterio batean egongo da hemendik aurrera apaiza, eta ezin izango du erlaziorik eduki umeekin, heldu bat aurrean ez bada. Berriak azken salaketaren berri emango zuela jakinda, agerraldia egin du gotzainak ostegun arratsaldean Donostian.

Azaldu duenez, ostegun goizean hartu du bulegoan Mendizabalen abusuak salatu dituen azken gizona. Horrez gain, bi gaztek 2001ean eta 2005ean jasandako erasoen berri ere eman zuen asteartean, Mendizabal uztailetik zigortua zegoen arren. Gaia isilean eraman du Elizak, bi gazteek euren kasua jendaurrera ateratzea erabaki duten arte, azaldu dutenez, “ezkutuan dauden biktima posibleak argitara atera daitezen”. Izan ere, beste kasu posible bat dagoela jakin dute gazteek.

Beraiek kasua argitara ateratzea erabaki izan ez balute, gotzaindegiak gaia isilik gordeko zuela esan du Munillak, eta Mendizabal eliz zuzenbidearen arabera epaitzearen alde azaldu da. Batetik, ohiko justiziarekin “bateragarria” delako, eta, bestetik, delituen iraungitze datak luzeagoak direlako.   

“Publiko eginez gero ondorioak ekarriko zituela komentatu zen, prentsa eta abar, eta horrek eragina izan zezakeela nigan”

1994ko uztailean jasan zituen biktimak Mendizabalen sexu abusuak. Burgin (Nafarroa) zegoen, eskaut taldeen udalekuetan. Gau batean nekatuta zegoela eta dendan sartu zela kontatu du. Apaizaren esku bat bere zakila ukitzen nabaritu zuenean esnatu zen. Beste eskuarekin masturbatzen ari zen Mendizabal.

Biktimak esan duenez, apaizari azalpenak eskatu zizkiotenean, hark amesgaiztoren bat izango zela adierazi zuen. Udalekuetatik bueltan, begiraleak gurasoekin elkartu ziren, eta Mendizabalek dena ukatzen jarraitzen zuela ikusita, publiko eginez gero ondorioak ekarriko zituela esan zuten, eta horrek eragina izan zezakeela beragan.

Urteak pasatu eta konturatu egin da gazte edo jada helduak diren beste hainbat izango direla egoera berean, “pertsona berarekin gauza bera sufritu dutenak”. Bere hitzetan, “pentsatzeak ez naizela bakarra izan, horrek are gehiago kezkatu nau, eta indarrak eman dizkit aurre egiteko. Izan ere, ez baitut inolako zalantzarik ni ez nintzela bakarra izan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!