Hezkuntza Legeak euskara eta euskal kultura ardatz izatea exijitu dute hezkuntzako eta euskalgintzako 211 adituk

  • Euskara eta euskal kultura etorkizunaren ardatz adierazpena aurkeztu dute, Euskalgintzaren Kontseiluak sustatuta, "euskara hezkuntza-sistemaren hizkuntza normalizatua" izan dadin. Hezkuntza, euskara eta kulturaren munduko 211 aditu, profesional eta sortzailek bat egin dute adierazpenarekin.


2022ko abenduaren 05an - 12:34
Azken eguneraketa: 14:05

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez aurkeztu dute Euskara eta euskal kultura etorkizunaren ardatz adierazpena. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntzaren Legea eztabaidatzen ari den honetan, hezkuntzaren, kulturaren eta euskararen munduko 211 aditu, profesional eta sortzailek instituzioei eskatu diete zehazteko hezkuntza arautu eta ez arautuan euskalgintza transmititzeko bidea zein izango den.

Leire Vargas idazleak eta Iratxe Retolaza literatura irakasleak irakurri dute idatzia Bilbon, baina atzetik babes sendoa du. Larunbatetik aurrera, gainera, edonork bat egin dezake adierazpenarekin Kontseiluaren webgunean. Euskal kultura ekosistema bat dela jaso du dokumentuak, eta haren eragile guztiak elkar elikatu behar direla herritar guztiek izan dezaten euskara eta euskal kultura ezagutzeko eskubidea. Horregatik, hezkuntza sistemak ere erantzukizuna du eta legeak euskararen alde determinazioz jokatu behar duela exijitu dute. 

Euskara, hizkuntza normalizatua

Adierazpenaren arabera, zehazki, hezkuntzak bermatu behar du ikasle guztiek euskara maila "egokia" erdiestea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, edozein izanik ere bizitokia, jatorria edota egoera sozioekonomikoa, besteak beste. Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua den honetan, sinatzaileek uste dute legeak ez duela euskara gaztelaniaren parean jarri behar: "Euskarak izan behar du hezkuntza-sistemaren hizkuntza normalizatua". Modu horretan, euskara gutxiago duenari gehiago ematea izan behar da oinarria, errealitatearen arabera moldatuz. Euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa aldarrikatu dute.

Euskal kultura

Bestetik, kulturaren garrantzia nabarmendu dute, "hizkuntza ezin ulertu baitaiteke kultura alboraturik", eta legeak badu zeregina horretan ere: "Euskal kultura ardatz duen euskal curriculuma" exijitu dute. Hezkuntza-sistemak kulturaren transmisioa bermatu dezan, bi lan ildo zehaztu dituzte: batetik, euskarazko kulturgintzaren historia eta orainaren ezagutza; eta bestetik, euskaraz sortzeko grina transmititzea ereduak emanaz.

Halaber, Bilbon aurkeztutako adierazpenak jasotzen du euskal kultura errealitate batean kokatzeko beharra: alegia, euskararen herria diren zazpi lurraldeetan kulturak hartzen duen forma transmititzea.

Eusko Jaurlaritzak irailean argitaratu zuen Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa, eta ordutik eztabaida eta protestak eragin ditu. Mikel Garciaren ondoko erreportajean jasota dagoenez, puntu beroenak dira publikotasuna eta euskarak irakaskuntzan izan behar duen pisua.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontseilua
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Kontseiluaren balorazioa EAE-ko administrazio publikoa euskalduntzeko dekretu berriaz
“Dekretuak ez die erantzuten euskararen normalizazioak dituen erronkei eta egiazko posibilitateei”

Jaurlaritzak EAEko administrazio publikoa euskalduntzeko iragarri duen dekretua baloratu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Aurrerapauso batzuk onartzen badizkio ere, gabeziak eta eta dekretuak hasierako bertsiotik azkenera bidean izan dituen aldaketa negatiboak azpimarratu ditu... [+]


Kontseiluak dio euskararen ezagutzaren unibertsalizaziorantz egin behar dela indarra

Euskalgintzaren Kontseiluak 2023. urteko irakurketa egin eta ondorioak aurkeztu ditu ostiralean. Bertan, lurralde bakoitzean arloz arloko hizkuntza-politiketako aurrerapausoak, oztopoak eta atzerapausoak azaldu dituzte, eta 2023ak euskararen normalizazioan eta... [+]


Kontseiluak “aukera galdutzat” jo du Hezkuntza Legea

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean bozkatuko duen EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Legea “etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun” geratuko dela kritikatu du. Gehitu du ez dela izango... [+]


2023-11-07
Epaitegien erasoei erantzuteko protokoloa aurkeztu du Kontseiluak, eta itun berri bat bultzatzeko konpromisoa hartu

Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak asteartean eginiko prentsa agerraldian. Mobilizazioaren arrakastaren ondoren, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri bat indar handiagoz sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Oldarraldiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude