Aukera galdua

  • Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du bermatuko herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzea, ezta administrazioko langileek euskaraz lan egin ahal izatea ere. Eragileek kritikatu dute oldarraldi judizialaren aurrean ez duela babesik emango.

2018an, Barakaldon. Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketa egiten. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.
2018an, Barakaldon. Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketa egiten. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

Dekretu berriak zertarako balio beharko lukeen hitz gutxitan azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak: herritarrek administrazioan zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatu beharko luke; euskaraz lan egingo duen administrazio baterako trantsizio-prozesua marraztu beharko luke, eta horiek lortzeko epe eta neurri zehatzak finkatu. Gehitu du euskararen normalizazioan ematen diren urratsak juridikoki babestu beharko liratekeela, batez ere oldarraldi judizialaren giro honetan. Bada, dekretuak ez die erantzuten erronka eta behar horiei. Kontseiluaren ustez, "badago aukera jauzi sendoagoa emateko, baina aukera horri uko egin zaio", nahiz eta onartzen duen badirela hainbat aurrerapauso. Bestalde, Kontseiluak argi du oldarraldi judizialak dekretua baldintzatu duela eta epaileek ezarritako murrizketak islatu direla dekretuaren azken bertsioan.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariari, Martin Aramendiri, eskatu diogu dekretuaren balorazioa. Bere iritziz, dekretuak aurrerapausoak badakartza ere, aukera galdua da: "Entitate publikoen borondatearen esku uzten du euskararen normalizazioa, eta batzuetan baita herritarren hizkuntza eskubideak betetzeko bermea bera ere". Aramendik galdera bat jarri du mahai gainean: euskal administrazio publikoan egin daiteke lan euskara jakin gabe? Bere ustez, ez, baina dekretuak horretarako aukera ematen du eta emango du, zirrikituak eta salbuespenak onartzen dituelako.

Pello Igeregi ELAko euskara arduradunaren iritziz, dekretua prestatu dutenek "uko egin diote gaztelaniaren eta euskararen estatusak berdintzeari". Aurrerapenei "aldaketa kosmetikoak" deitu die eta sakoneko aldaketarik ez dela izan azpimarratu du. Bere ustez, dekretuak arazo nagusi eta ia bakarra dauka: ez du administrazioa euskaldundu nahi, baizik eta egungo egoera mantendu nahi du etorkizunean ere. Dekretuak euskaldunak beti salbuespen egoeran egotera kondenatuko dituela dio, eta herritarrek egoera zaurgarrietan zerbitzua euskaraz jasotzeko dituzten zailtasunak gogoratu ditu: poliziak isuna jartzen dionean, larrialdietara jo eta medikuak gaztelaniaz egiten duenean... Herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko zailtasunak izango dituzte, eta langileak gaztelaniaz lan egitera kondenatuta egongo dira. Oldarraldiaren testuinguruan kokatuta, Igeregik ez du uste arazoa judiziala izan denik, baizik eta ideologikoa: "Arazoa izan da EAJk PSOEri onartu egin diola beto eskubidea, PSOEren mugetan egin da dekretua".

Iazko azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan 70.000 pertsona inguru elkartu ziren Bilbon. Kontseiluak akordio soziopolitikoa eskatu zuen, euskararen aurkako oldarraldi judizialari hesia jartzeko. Argazkia: Aritz Loiola / Foku.


LABeko euskara idazkari Urko Aierbek, gainerako eragileek esan bezala, aukera galdutzat du dekretua, ez dielako erantzuten administrazioa euskalduntzeko beharrei, ez euskararen normalizazio prozesuari, ezta etorkizuneko erronkei ere. Euskararen ezagutzak gora egin du azken urteotan eta langile berri asko euskaldunak izango dira. Bada, bilakaera hori kontuan hartu eta neurri ausartagoak ez hartzea leporatu dio Aierbek Eusko Jaurlaritzari. Dekretuaren helburua langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzea ere badela gogorarazi du, baina hori neurri zehatzetan ez dela islatzen dio. Bi adibide eman ditu: dekretuan ez dira aipatu euskarazko zirkuituak eta langileei begirako formakuntza euskaraz lan egin ahal izateko.

Aierbek ez du zalantzarik oldarraldi judizialak dekretua baldintzatu duela. Esate baterako, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak dekretuaren hasierako bertsioetan euskarari lehentasuna eman ahalko zitzaiola esplizituki jasota zeukan, eta aipamen horiek desagertu egin dira: "Epaitegietan horrelako aipamenak zigortzen ari dira".

Dekretuak hizkuntza eskakizun asimetrikoak aurreikusten ditu. Gerta daiteke lanpostu baterako, idatzian B2 eskatzea eta ahozkoan C1. Eragileek ontzat hartu dute neurria, baldin eta ondo justifikatuta badago asimetria. Beharrezkoa den euskara maila baino gutxiago eskatzeko arriskuaz ohartarazi dute. Argazkian, Osakidetzako larrialdietako langile bat lanean. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

Dekretuaren giltzarriak

 

Eragin esparrua zabaldu da

Dekretua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal sektore publiko osora zabaldu da, 140.000 langile ingurura. Orain arte, eremu batzuk salbuetsita zeuden. Euskalgintzako eragileek positibotzat hartu dute aldaketa, baina azpimarratu dute hainbat eremutan 2033. urtera arte ez dela indarrean sartuko dekretuaren aplikagarritasuna. Eremu horiek Osakidetza, Ertzaintza eta Justizia dira, alegia, sektore publiko osoaren %60. UEMAk gogorarazi du beste bederatzi urtez urratu ahal izango direla herritarren eskubideak, baita udalerri euskaldunenetan ere.

Berrikuntza: hizkuntza eskakizun asimetrikoak

Hizkuntza eskakizunen ahozko eta idatzizko maila desberdinak eskatu ahal izango dira hemendik aurrera. Adibidez, langile bati eska dakioke C1 ahozkoan eta B2 idatzizkoan. Eragileek ontzat hartu dute neurria, baldin eta lanpostuaren beharretara egokitzen bada. UEMAko lehendakari Martin Aramendiren ustez, neurri horrek balio du gaur egun lanean euskaraz ari diren hainbat langileri "beharrezkoa ez den zama bat gainetik kentzeko". Dena den, malgutasunak arriskua ere badu eta salbuespenak izatea eskatu dute eragileek, bestela "hizkuntza eskakizunen beherapenetarako atea ireki dezake", dio Urko Aierbe LABEko euskara idazkariak.

Martin Aramendi, UEMAko lehendakaria: “Oldarraldiari aurre egiteko euskara legez babestea ezinbestekoa da, eta ez epaiei ihes egiteko zirrikituak eta salbuespenak onartzea”


Euskara  maila egiaztatzeko modu berriak

Orain arte lanpostuari zegokion euskara maila egiaztatzeko bi modu zeuden: hizkuntza eskakizunaren titulua eta euskaraz egindako ikasketak. Bigarren horretarako aukera Patxi Lopezen gobernuak 2012an onartutako dekretu baten ondorioa da. Hemendik aurrera, lan eskaintza publikoko azterketa euskaraz eginda edo “lanpostuan euskara modu frogagarrian erabiltzea” erakutsita, euskara maila egiaztatutzat eman daiteke. Bi modu berrien alde ona azpimarratu dute hainbat eragilek, baina arriskuak ere garbi antzeman dituzte. Aramendiren ustez, “urrats kualitatiboa da hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik salbuestea hautaketa prozesuan ariketa guztiak euskaraz egiten dituen langilea. Baina euskaraz lan egiteko gai ez den jende asko lanpostuetara sartzeko zirrikitu handia ere uzten du dekretuak, nabarmen”.

LABeko euskara idazkari Aierbek kezkaz hartu du egiaztatzearen malgutzea. Haren iritziz, orain arteko egiaztatze moldeak tarteko ere, "errealitateak esaten digu badagoela langile multzo bat ez dena gai euskaraz lan egiteko". Aierbek galdetzen du ea lanposturako azterketak euskaraz eginda edo "lanpostuan euskara modu frogagarrian erabiltzen" duela erakutsita bermatuta dagoen langile hori euskaraz lan egiteko gai dela. Halako egoera baten beldur da Aierbe: "Izan dezakegu egiaztagiria daukan langile kopuru handia, baina errealitateak esango digu ez dela egia, langileok ez direla gai euskaraz lan egiteko". Ez ditu baztertzen egiaztatzeko bi aukera berriak, baldin eta neurriak hartzen baldin badira eta jarraipena egiten bada.

Kontseilua: “Anbizioz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira dekretuaren azken bertsio honetan”


Euskalduntzeko epe mugarik ez

Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk administrazioa euskalduntzeko proposamena egin zioten Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari 2022an. Hiru eragileek euskalduntze prozesua hamabost urtean garatu zitekeela jaso zuten txostenean. Datozen urteetan, langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta sekula izan den belaunaldi euskaldunenak ordezkatzea aurreikusten da. Pello Igeregi ELAko euskara arduradunaren ustez, "aukera paregabea zen, erabaki traumatikorik gabe, egun lanean ari diren langile guztiak kontuan hartuta, administrazioa elebidun bilakatzeko". "Aukera zen" dio, dekretuak ez duelako jaso 1982ko Euskararen Legeak administrazioa euskalduntzeko ezartzen duen betebeharra gauzatzeko epemugarik. Kontseiluak adierazi du epemuga zehatzak jarri beharko liratekeela, helburuak bete ahal izateko bitartekoak ere bai, eta neurri betearazleak. Kontseiluaren ustez, eperik jarri ez izana da dekretuaren gabezia nagusietakoa.

Derrigortasun indizea ez dute zehaztu

Derrigortasun indizearen eskema ia ez da aldatu, eta beraz, orain arte bezala, epaitegiek interpretazioak egiten segitzeko aukera izango dute, lanpostuetarako euskara murriztearen alde. Indizea entitatearen esparruko euskaldunen eta ia euskaldunen erdiaren proportzioak batuta kalkulatzen da. Indize horrek adierazten du hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data izango duten lanpostuen ehunekoa. Eragileek hainbat aldiz ohartarazi dute indizea zehazteko beharraz, eta eskatu dute ez uzteko beheranzko interpretazioetarako aukerarik. Hau da, eskatu dute indizeak "gutxieneko lanpostu kopurua" esan nahi duela zehaztea, hala, indizeak "gehienezko kopurua" esan nahi duela ulertzeko aukerarik eman ez dezan, horrela ari baitira interpretatzen epaitegietan. Igeregiren ustez, hain zuzen, gatazka judizialaren muina da derrigortasun indizea, eta gatazka mantenduko da etorkizunean: "Ondo legoke argitu izan balute derrigortasun indizea kasu guztietan gutxienekoa dela eta hortik gorako indizeak ezarri daitezkeela, baina ez dute egin nahi izan". Ñabardura bat sartu dute dekretuan: gutxieneko indizea handitu ahal izango da prozedura administratibo baten bidez, Igeregiren iritziz, "prozedura korapilatsua" dena.

Pello Igeregi, ELAko euskara arduraduna: “Dekretuak arazo nagusi eta ia bakarra dauka, ez duela administrazioa euskaldundu nahi”


Euskaraz lan egiteko aurrerabiderik ez

Dekretuak jasotzen du euskara zerbitzu-hizkuntzatik lan-hizkuntza izateko jauzia. Alabaina, Aramendik azaldu du saiakera modu lausoan eta arinean egin dela. Administrazioak aukera izango du euskaraz aritzeko, baina "beti ere unean uneko erabakien arabera".

Eragileek euskaraz lan egin ahal izateko bidean hartutako neurri bat nabarmendu dute. Dekretuak euskarazko administrazio-unitateak jaso ditu, alegia, lanpostuen %80an, gutxienez, dagokion hizkuntza eskakizuna edo goragokoa egiaztatuta dutenek nagusiki euskaraz beteko dituzte beren eginkizunak. Aldiz, euskarazko zirkuituak eta langileei begirako formakuntza euskaraz lan egin ahal izateko, ez dira jaso. Ez dago aipamenik, ezta ere, euskara lan-hizkuntza izan dadin aurreikusitako gomendioak eta sustapen neurriak bete ezean, ezarri beharko liratekeen neurri zuzentzaileez.

Euskarari lehentasunik ez

Dekretuaren hasierako zirriborroetan, euskarari lehentasuna emateko neurriak eta aipamenak agertzen ziren eta azkeneko bertsioan desagertu egin dira. Euskarak "lehentasunezko tokia" izango zuela zioen tokian, euskararen "ikusgarritasuna bultzatuko" dela jaso da azkenean. Langileek herritarrei lehen hitza euskaraz egiteko beharra arautzeko aukera ere bertan behera gelditu da. Euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzeko betebehar moduan ezartzea ere aurreikusita zegoen, baina azken bertsioan dio euskara "ere" erabili ahal izango dela. Euskara lehenestearen alorrak bereziki udalerri euskaldunei eragiten die. Aramendiren ustez, adierazgarria da hasierako zirriborroetatik halako neurriak desagertu izana: "Udalerri euskaldunetan, udalak eta erakundeek eredu izan behar dute, eta herriko errealitate soziolinguistikoa zaindu eta islatu. Badirudi, ordea, dekretu hau horren beldur dela, euskara lehenesteak juridikoki arazoak dakartzalakoan". Aierbek borobildu du Aramendiren ustea: "Hain zuzen, horrelakoxe aipamenak bota dituzte atzera epaitegietan, oldarraldi judizialaren barruan".

Urko Aierbe, LABeko euskara idazkaria: “Izan dezakegu egiaztagiria daukan langile kopuru handia, baina errealitateak esango digu ez dela egia, langileok ez direla gai euskaraz lan egiteko”


45 urtetik gorakoak salbuetsita

Dekretuaren hasierako zirriborroetan egon, eta ondoren, desagertu den beste neurrietako bat da. Orain arte 45 urtetik gorako langileek ez dute izan hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko derrigortasunik. Salbuespen orokortua kentzea jasoa zuten lehen bertsioek. Azkenean, lehengoan geratu da. Horrek esan nahi du beste hogei urtez euskara ez dakiten langileek haien lanpostuetan jarraituko dutela. Bestalde, oldarraldi judizialaren baitan ezartzen doan jurisprudentzia berriaren arabera, salbuespen hori interinoen kasuetara zabaltzen ari da. Dekretuak, ordea, jasotzen duena da salbuespena postuaren jabe diren funtzionarioei baizik ez dagokiela.

UEMA-ren ikuspegitik

UEMAk dekretuak jaso dituen bost aurrerapauso (edo hala izan daitezkeenak) azpimarratu ditu. Haietako bi aurreko lerroetan landu ditugu: neurriak sektore publiko osora zabaldu izana eta hizkuntza eskakizun asimetrikoen aukera ireki izana. Horiez gain, beste hiru nabarmendu ditu. Lehenik, ontzat hartu du estatuko administrazioari berari ere, neurriak eskatzeko bidea aitortu izana dekretuak; EAEko sektore publikora zabaltzeaz gain. Aramendik dioenez, "ez du zentzurik herri berean estatuaren meneko edo Eusko Jaurlaritzaren meneko bulegoak egotea eta batzuetan hizkuntza eskubideak ez errespetatzea eta besteetan bermatuta egotea".

Bigarrenik, Udal Legeak jasotzen duen atzerapausorik ez ematearen printzipioa jaso du. Eta, hirugarrenik, langileen hautaketa prozesuetan, azterketa euskaraz egin beharra ezarri ahal izatea nabarmendu du UEMAk. Orain arte ez zen hala. Lanpostuetarako ariketa praktikoren batean zati bat euskaraz egiteko betebeharra sartu izan dutenean, arazoak sortu izan zaizkie. Ondorioz, azterketa zatia gaztelaniaz egiteko aukera bermatzera derrigortuta zeuden.

 

Lehengo lepotik burua

 Malores Etxeberria, Hernaniko Udaleko euskara teknikari ohia. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

1990eko hamarkadaren hasieran hasi ginen EAEko herri-administrazioetan lanpostuei hizkuntza eskakizunak eta derrigortasunak izendatzen. Lanpostu bakoitzak zer funtzio edo eginbehar zituen identifikatu eta hura euskaraz egiteko zein eskakizun edo profil jarri erabakitzen (1a, 2a, 3a edo 4a). Eta gero zetorren derrigortasunaren indizea aplikatzea. Hau da, lanpostu horietatik guztietatik zeini jarri derrigortasuna, denek ezin baitzuten eduki, orduko legediak arautzen zuelako hainbesteko batek bakarrik izango zuela betebeharra, ez gehiagok. Hainbesteko hori eremu bakoitzeko euskaldun eta ia euskaldunen kopuruaren arabera kalkulatzen zen.

Langileak euskaltegietara bidaltzen hasi ginen, batzuk euskalduntzera eta beste batzuk alfabetatzera. Urte mordoa pasa genuen langileen gaitasuna hobetzeko saioetan, baina horrek ez gintuen, besterik gabe, lana euskaraz egitera eraman.

Erabilera planifikatzeko aurreneko dekretua 1997an argitaratu zen, hala moduzkoa, eta 2000. urtera arte ez ziren abiatu, administrazio aurreratuenak, planak martxan jartzen. Hamar urte, gutxienez, ezagutzatik erabilerarako jauziak behar zituen tresnak aktibatu gabe. Hizkuntza politika eta planifikazio aldetik hutsune handia izan zen hura, langileak euskara ikasi bai, baina lantokira bueltatzean lehen bezala segitzen zuten, lan-sistema ez zegoelako prest euskaraz funtzionatzeko. Bitarte horretan, langilearen euskara gaitasuna kamusten joan zen eta frustrazioa nagusitu zen. Horri guztiari gehitu behar zaio lanpostu berriak ari zirela sortzen, horietako asko eta asko derrigortasunik gabeak, lehen aipatutako indizetik kanpo geratzen zirelako eta, ondorioz, beren lana euskaraz egiteko gaitasunik ez zeukaten langileak ugaritzen joan ziren berriro. Lehendik zeudenak euskaltegira bidali eta berriz ere erdaldunak sartu. Hori planifikazioa! Egoera absurdoa zen.

30 urte pasa dira. Borondate politikoa izan duten administrazioek nola edo hala aurrera egin dute, ezintasun handiz eta borroka eginez zenbaitetan, eta beste askok patxada ederrean segitu dute derrigortasuna indizeetara mugatuz eta, ondorioz, gaztelaniaz lan eginez. Herri administrazioaz egin dudan argazki hau baino anitzez itsusiagoa da beste administrazio batzuen erretratua, Ertzaintza edo Osakidetzarena, kasu.

Dekretu berria onartu dute. Sei urte eman dituzte ontzen, eztabaidatzen eta, nagusiki, negoziatzen. Kezka eragiten duten elementu asko daude, euskararen normalizazioaz arduratzen diren eragileek egindako balorazioetan adierazi duten moduan. Derrigortasunak segitzen du indizeen menpe, eta “behar” baino “ahal” hitza nagusitzen da bai testuan eta bai espirituan.
Urte mordoxka baterako funtzionamendua arautuko duen dekretu honek ez dio bidea ixten lana euskaraz egiteko gai ez den pertsonari. Beste modu batera esanda, bidea libre uzten die beren lana euskaraz egiteko gai ez diren milaka langileri. Langileak gai izatea ez da nahikoa lana euskaraz egiteko, baina gaitasun nahikorik gabe ezinezkoa da. Itoginik handienak konpondu gabe segituko du.


ASTEKARIA
2024ko martxoaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Eibarko udaltzain bat euskararen ezagutzatik salbuetsi du Donostiako epaitegi batek

Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.


Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


Eguneraketa berriak daude