Liburu inexistente bati buruzko iruzkin-sorta da Harkaitz Canoren nobela berria: ‘Silueta’

  • “Nobela-tranpa da”, egilearen hitzetan. Liburua argitaratu osteko kritiken fikziozko zurrunbiloa da Canoren eleberriaren mamia: “Nire liburuaren proposamena da liburua bera zabalik uztea, eta irakurlea joan dadila, kritikak irakurri ahala, nobela inexistente hori imajinatzen eta bere iruzkina eraikitzen”.

Donostiako Kaxildan egin du liburuaren aurkezpena, ostiral goizean. Xabier Gantzarainek egin du azala. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

2025eko azaroaren 28an - 13:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ibarbia izeneko idazle batek Silueta deituriko nobela argitaratu du. Derrepentean sortu da zalaparta, harrabotsa; eta euskarazko literaturan ohikoa ez den gisara, normalean lauzpabost kritika baino ez baitira argitaratzen, Ibarbiaren lanak 31 kritika jaso ditu. Denetarikoak. Horiek osatzen dute Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, 1975) seigarren nobela, liburua zabaltzeko idatzi duen “apailatzailearen oharra” deituriko zatiaz aparte. Hortaz, Ibarbiaren nobelaz jakingo dugun guztia ezagutuko dugu 31 kritikari horien iruzkinak irakurrita. Hau da, Susako editore Leire Lopezek azaldu moduan, “beste baten posizio politikotik emango diogu kokapen politikoa liburuari”. Ibarbiaren lanaz dakiguna da “bahiketa bat” duela oinarrian liburu inexistente horrek, eta ez dela jendeak idaztea espero zuena, hargatik sorturiko harrabotsa.

Existitzen ez den liburu bati buruz existitzen ez diren 31 iruzkin idaztea eta horiek nobela bihurtzea; horixe zuen abiapuntu Canok. Duela hamabost-bat urtetatik zuen ideia buruan, eta forma eman dio orain, Silueta argitaratuta (Susa, 2025), Fakirraren ahotsa (Susa, 2018) argitaratu eta zazpi urtetara, Twist-etik (Susa, 2011) hamalaura. Liburuaren forma ez da berri-berria. Stanisław Lem poloniarrak Doskonała próżnia edo “Hutsune perfektua” argitaratu zuen 1971n: existitzen ez ziren hamasei kritika idatzi zituen existitzen ez ziren beste hainbeste artikulu zientifikoren inguruan. Canok, ordea, kritika guztiak liburu beraren gainean arpilatu ditu.

Aurkezpena ere jolasean egin du, Donostiako Kaxilda liburudendan. Ohiko hitzaldi bat egin beharrean, Ibarbiaren Silueta liburu inexistenteari 32. kritika egin dio, H.C. gisa sinatuta, eta boz goran leitu du. “Adibide praktiko bat da hau, eta gero zuek segitu infinituraino; irakurle bakoitzak egin diezaioke iruzkina Ibarbiaren Silueta-ri”, adierazi du. Baita, era berean, Canoren Silueta-ri ere. Umorez esan du, euskarazko liburu batek duen 32. kritika eginda, ziurrenik euskarazko inoizko libururik kritikatuena bilakatu dela, izan ere, Armiarmaren webgunean kritika gehien dituena Lauaxetaren Bide barrijak da, 1931n argitaratua, 31 kritikarekin. Berriagoen artean, web atari horretan Danele Sarriugarteren Erraiak (Elkar, 2014) ageri da, hamabost kritikarekin.

Kritikari omenaldia

Hala izan daitekeela esan du, kritikarien lana goraipatu eta haiengan ohikoa den prekarietatea seinalatuta. “Baina omenaldia daukagun lekuan, parodia ere badaukagu”.

Liburua idazteko bi modu ikusten zituen: bata “zentzuzkoa”, eta bestea “zentzugabea”. Zentzuzkoena litzateke, Canoren esanetan, lehen kapitulu moduan Ibarbiaren liburuaren argumentua gutxienez adieraztea, Canoren liburua irakurtzen duenari pista batzuk hasieratik emateko, baina jolas egitea erabaki du, “motibazio” kontuengatik: “Interesgarriagoa zitzaidan haserre agertu den kritikari bat zergatik haserretu den aztertzea”.

Orain, liburu inexistenteak 31 kritika idatzita dituela-eta, gai litzateke Ibarbiaren nobela horren argumentua idazteko, baina ez duela egingo argi adierazi du. Hartara, bai editoreak eta bai egileak adierazi moduan, irakurle bakoitzak irudikatuko du liburu bat, norberak egingo puzzlea. Hitz moduan, silueta, horixe da, “zuloz betetako lekua”, eta zuloak eta hutsuneak behar zituen liburuak: “Non gertatuko da, bada, Ibarbiaren liburuko bahiketa, zulo batean ez bada?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2025eko urriaren 29
Heriotza haur literaturan
Bazen behin... izan zen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.