Hazkundea moteltzea, arazo edo helburu?

NDFko komunikazio burua eta zuzendaria munduko ekonomiaren inguruko agerraldian (irudia: NDF)

2022ko apirilaren 21ean - 13:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hitz egin dute kapitalak mundu mailan dituen erakunde nagusiek eta esperotakoa iragarri dute: hazkunde ekonomikoa moteldu egingo dela, gobernuen aurreikuspenak ez direla beteko, eta “estualdi ekonomiko berriak” langabezia eta pobrezia forma hartuko dituela langileentzat. Ez da krisi berri bat, egiturazko krisitik ateratzeko sistemaren ezintasunaren beste adibide bat baizik.

Iñigo Urkulluk argi esan zuen Aberri Egunean ez dela momentua sektore publikoari ez duena eskatzeko. Bakoitzak bere baliabideekin egin beharko dio aurre datorrenari. Eta ez gaitezen okertu, oporretan inguruan ikusi dugunetik harago, ikusten ez dugun errealitatea beste bat da geroz eta gehiagorentzat.

Aurrezteko aukera aspaldi galdua dutenak, oinarrizko beharrak merkatuan asetzeko zailtasunak dituztenak, erresistentzia gaitasunik gabe geratu diren langileak, zaintzaz arduratzeagatik ekonomikoki zigortzen dituzten emakumeak… eta hori guztiari aurre egiteko funtsezko egitura ekonomikoak merkatuari oparitu dizkieten instituzioak.

Hazkunde ekonomikoa moteltzea ez da berez albiste txarra. Izan ere, helburu politikoa behar luke, natur baliabideen kontrolerako mundu mailako gerrak bizitzera ohitu nahi gaituzten honetan. Hazkundeari lotutako ongizateak bereak eman dituelarik, asko gara diagnostikoan bat egiten dugunok.

Birbanaketan eta bizi eredu jasangarrian oinarritutako sistema eraikitzeko adostasunak eta aliantzak dira falta zaizkigunak. Badago langileria, badaude proposamenak, badaude bide horretarantz egiteko arrazoiak. Aberri Egunaren biharamunean, laster Maiatzaren Lehena.


Ekonomia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...