Bizkaiko Foru Aldundiko langileen hitzarmena hobetzen duen epaia eman dute. Guraso bakarra diren langileen familiek jasoko dute hobekuntza: orain arte jaiotzagatiko eta zaintzagatiko hamasei asteko baimena lau astez luzatzea onartu du epaiak. ELA sindikatuak aurkeztutako gatazka kolektiboaren erantzun gisa dator epaia.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeek (GUFE) uko egin zioten guraso bakarra diren funtzionarioen familietan haurraren jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimenaren luzapena aitortzeari. Bada, ELA sindikatuak dio bi erakundeen aurka aurkeztutako gatazka kolektiboaren emaitza izan dela eskubideak zabaltzearen aldeko epaia. Epaiak berretsi du lau aste gehigarriak "hobekuntza konbentzional" bat direla, "oso-osorik aplikatu beharrekoak", eta ezin dela ezabatu edo murriztu, ondoren izandako lege-aldaketen arabera".
Epaiak berretsi du guraso bakarreko familiek diskriminazioa jasotzen dutela, haurrek zaintza aste gutxiago jasotzen dituztelako. Bi gurasoko familietan, hasierako sei aste partekatuez gain, guraso bakoitzak beste hamar asteko baimena du. Ondorioz, guraso bakarreko familietako haurrek hogei aste gehigarriko zaintza izan ordez, hamar soilik dituzte. Orain, epaiak lau aste gehigarri onartu ditu guraso bakarreko familientzat. ELAk Foru Aldundiari eta Gizarte Laguntzarako Foru Erakundeari eskatu die “errekurtsorik ez jartzeko eta auzitegiek adierazitakoa atzerapenik gabe aplikatzeko”.
ELAk jakinarazi du epai honek baduela aurrekari bat. 2025eko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 26 asteko amatasun-baimena aitortu zion familia gurasobakarreko ama bati (ohiko hamasei aste eta beste hamar gehigarri). Ebazpen hura iritsi zen Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 6ko 140/2024 epaian ezarritako irizpide-aldaketaren ondoren. Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen Langileen Estatutuko 48.4 artikulua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 177. artikulua, “guraso bakarreko familiekiko zeharkako diskriminazioa” eragiten zutela iritzita.